TXAPELA BURUAN. Denis Almandoz. Brno-n bizi den donostiarra

«Erantzukizun garrantzitsua dut»

Euskara eta euskal kultura irakurlea da Pragan eta Brnon. Kargu ofizialik gabeko Euskal Herriaren enbaxadorea Txekian. Ikasleei jakin-mina piztea du helburu, Euskal Herria hobeto ezagutu dezaten.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Etxepare Institutuak munduan zehar dituen euskara eta euskal kultura irakurleetako bat da Denis Almandoz (Donostia, 1989). Txekian lan egiten du, Brnoko Masary Unibertsitatean eta Pragako Karlova Unibertsitatean. Hiru urte daramatza Txekian.

Euskal Herriaren enbaxadore sentitzen zara?

Hitz potoloa dirudi, baina bai. Txekiako euskaldun bakanetakoa naiz, eta, ziur, euskara irakasle bakarra. Erantzukizun garrantzitsua dut.

Zer da atzerriko unibertsitate batean euskara irakurlea izatea?

Bere funtzio nagusiak izan behar du euskara, euskal kultura eta Euskal Herria ezagutaraztea. Ikasleek normalean ez dituzte ezagutzen ez euskara, ez euskal kultura eta ezta Euskal Herria ere; eta, ezagutzen badituzte, oso gutxi. Jakin-mina piztu behar diezu, eta, ikasturtea bukatzen dutenean,egin dezatela zerbait euskararen eta euskal kulturaren inguruan.

Ikasle gehienek ez dituzte ezagutzen euskara, euskal kultura eta Euskal Herria? Orduan, zergatik aukeratzen dituzte?

Denetarik dago. Gehienek benetan zer den jakin gabe ematen dute izena. Lehen egunean orri zuri bat ematen diet, euskaraz, euskal kulturaz eta Euskal Herriaz zer dakiten idatz dezaten. Batzuek oso gutxi idazten dute; beste batzuek hutsik bueltatzen dute.

Zenbat ikasle dituzu?

Brnon 30, eta Pragan hamabost bat.

Zure ikasgaiak hautazkoak dira. Nolako ikasleak dituzu? Zer ari dira ikasten?

Denetarik dago. Gehienek filologia edo hizkuntzalaritza ikasten dute, eta badakite zerbait hizkuntzei eta euskararen bakartasunari buruz. Gramatika, egiturak, lexikoa, jatorria, teoria... jakin nahi dituzte. Hala ere, ikasgaia hautazkoa da, eta edozein etor daiteke.

Eta zer esaten dute euskara ezagutzen hasten direnean?

Hasieran mundu bat zabaltzen zaie. Hitzak politak iruditzen zaizkie; gramatika eta lexikoa ikasten hasten direnean, ordea, oso zaila dela diote. Haien gainean egon behar duzu, motibatzen, ez erortzeko.

Txekiera jakiteak errazten du euskara ikastea ala ez?

Ez, hizkuntza eslaviarra da. Hutsetik hasten dira.

Txekiera ere hizkuntza zaila dela esaten dute.

Hizkuntza zaila da, gramatika oso korapilatsua du, eta, beraz, ikasleek badakite zer den hizkuntza zail bat, prest daude dena ulertzeko, eta ez dira harritzen hainbeste gauza ikasi behar direla ikusita. Esaten dute txekiar askok ez duela txekiera menderatzen.

Zer neurritaraino ikasten dute euskara? Zer maila dute?

A1 ozta-ozta. Eskola bakarra da astean, ordu eta erdikoa. Enborreko ikasgaiak dituzte, lan pila bat... Ez da erraza maila lortzea. Ez dira iritsiko euskara ikastera, baina helburua izan behar du ikasturtea bukatutakoan balioa ematea euskarari eta hizkuntza gutxituei.

Bukatu eta gero jarraitzen dute euskara ikasten?

Esaten dute gustatuko litzaiekeela, baina gero ez dakit jarraitzen duten.

Euskal zinema, kultura eta abar irakasten dituzu. Bada atxikimendua pizten dien euskal sortzailerik?

Zineman, Handia ikusi genuenean, aipatu zizkidaten Txekiako halako pertsonaiak. Beti bilatzen dute loturaren bat Txekiarekin.

Ondo moldatu al zara hango bizimodura eta elikadura ohituretara?

Oso ezberdina da. Elikadura ez da oso ugaria; haragia eta zopa jaten dituzte batez ere. Euskal Herriko elikagaien aniztasuna eta kalitatea da faltan gehien sumatzen dudana. Hemen, haragitik kanpo, kalitatea asko jaisten da.

Kulturak garrantzi handia du?

Oso antzerkizaleak dira. Asko familian edo bikotean asteburu guztietan joaten dira antzerkia ikustera. Ohikoak dira kontzertuak eta musika kalean. Ekitaldi pila bat egiten dituzte urtean zehar. Gustatzen zait.

Euskal Herrira bueltatzeko asmorik bai?

Horixe izango da pandemia bukatutakoan egingo dudan lehen gauza. Luzera begira, ziurrenik bai, Euskal Herrian lan egiteko. Etxean inon baino hobeto egoten da.

Zer nolako neurriak hartu dituzte koronabirusaren kontra?

Konfinamendua arindu dute: kalera atera gaitezke, baina maskararekin, eta gutxieneko tartea utzi behar dugu elkarren artean.

Zorrotzak dira neurriekin?

Betetzen ez badituzu, isuna jartzen dizute.

Jendeak betetzen ditu?

Bai. Jendea oso arduratsua da, kulturalki halakoak direlako edo beren iraganagatik.

Ba al dago balkoietako poliziarik?

Zer da hori?

Balkoietatik kalean dauden herritarrak zelatatu eta batzuetan iraintzen eta salatzen dituztenak.

Hemen ez diote elkarri errieta egiten; bakoitzak badaki zer egin behar duen, eta bere bizitza egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.