TXAPELA BURUAN. Manex Arrastoa. Irlandan bizi den zizurkildarra

«Ez dut sumatu Irlandan hizkuntzarekiko kezka handirik dagoenik»

Sei hilabete pasatxo dira Manex Arrastoa Irlandara joan zela: bigarren aldiz. Ingelesa ikasteko asmoz joan zen; baita hango jendearekin tratua egiteko asmoz ere. Lortu du, eta laster itzuliko da etxera.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ingelesa ikastera joan zen Manex Arrastoa (Zizurkil, Gipuzkoa, 1992) Irlandara. Iazko apirilean joan zen lehen aldiz: bakarrik. Egonaldi hori egiten ari zela, aurrerago itzuli nahi zuela erabaki zuen. Azaroan joan zen; sei hilabete daramatza han.

Irlandan bertan egindako bidaia batek eraman zaitu berriz hara...

Bai, apirilean izan nintzen. Turismo asko zegoela ikusi nuen, eta lan bat aurkitzeko aukera ikusi nuen. Hala ere, nagusiki ingelesa ikastera etorri naiz. Advance mailatik gertu nago, baina azterketa egin baino egun bat lehenago konfinamendua ezarri zuten, eta ez dut amaitzerik izan.

Killarneyra joan zinenerako, lotua zenuen lanen bat?

Ez nuen ezer lotua; alde horretatik, zortea izan dut. Kantabriako lagun bat nuen hemen, eta ostatu batean egiten zuen lan. Horra joan nintzen, eta lehen bi asteetan bertan egon nintzen. Denbora tarte horretan, ingeleseko eskolei buruz informatu nintzen.

Zaila izan zen lana aurkitzea?

Abendu hasierarako lana aurkitu nuen: taberna, diskoteka... denetik duen toki batean. Oso gustura egon naiz: adin berdintsuko jendearekin eta bertakoekin. Eguberriak iritsi baino lehen nire logela propioa izan nahi nuela pentsatu nuen, eta orain nagoen etxera etorri nintzen. Egia esan, prezioz nahiko ondo zegoen. Hemen oso garestia da alokairua.

Zerk harritu zintuen gehien?

Alokairuaren gaiak, adibidez, asko harritu ninduen. Bestalde, osasun publikoak gutxienekoari erantzuten dio. Jaiotzetik arazoren bat baduzu, laguntzak jasotzeko aukera duzu. Oro har, ordaindu egin behar duzu medikuarengana joateko. Ohitura asko dute aurrez prestatutako janaria erosteko, eta, elikadura aldetik, gazteek ez dute oso ongi jaten. Halaber, irlandarrak oso irekiak dira, baina zaila da talde edo lagunarte batean onartua izatea.

Nola definituko zenuke Killarney ingurua?

16.000 biztanle dituen herri bat da. Parke nazional bat du, lakuak ditu, belazeak, eta Irlandako mendirik altuena ere hor dago: 1.000 metro inguru ditu. Herri turistiko bat da;turismo nazionala inportantea da. Hotel asko daude: 50 baino gehiago. Kerryko Eraztuna izeneko eremu bat ere badago; kostako bide bat du.

Egin duzu bide hori?

Apirilean egin nuen, autoz: polita da. Landa eremua barnealdearekin lotzen dugu guk. Hemen, lasai asko ikus dezakezu artalde bat kostatik hurbil. Kostaldea ustiatu gabe dago: oso natural ikusten da.

Herrialde gisa, zer nabarmenduko zenuke?

Zuzeneko musika oso errotuta daukate taberna guztietan. Politikoki ez dago kontzientzia handirik. Lagun baten arabera, lanpostu bakoitza oso markatuta dago, eta oso zaila da postu batetik bestera pasatzea. Ez dago langileen arteko elkartasunik, batez ere ostalaritzaren esparruan. Nire esperientziari dagokionez, ez dut hori ikusi: nire lantokian asko laguntzen genion elkarri.

Baditu antzekotasunak Euskal Herriarekin?

Berreskuratzen ari diren hizkuntza bat du: gaelera. Antza, hoberantz doaz datuak, baina gutxi hitz egiten da: Irlandako mendebaldean eta ipar-mendebaldean hitz egiten da gehienbat. Nik hemen ez dut joera hori antzeman. 4 urte dituztenetik 18 urte dituzten arte ikasten dute. Ikusi dudana da, oro har, ez dietela garrantzi asko ematen hizkuntzei: hizkuntzarekiko kezkarik ez dut sumatu. Hori bai, ez iezaiezu esan ingelesak direnik...

Hilabeteotan, faltan sumatu duzu Euskal Herria?

Ez hainbeste; hasieran nahiko kontzentratuta nengoen hemengo bizi erritmoan. Konfinamendu garaian, berriz, gehiago: eguneroko martxa, errutina... Zortea izan genuen; izan ere, bi kilometroko eremuan kirola egiteko aukera genuen. Bideo deiak egiten hasi ginen, eta une horietan nostalgia gehiago izaten duzu.

Laster itzuliko zara etxera...

Hemen ez dago lan aukera askorik. Hirugarren sektorera bideratutako herri bat da Killarney. Hain justu, zerbitzuen sektorea izan da krisiak gehien jo dituen arloetako bat. Gainera, hasierako asmoa ekainean itzultzea zen.

Maleta fisikoak bai, baina maleta emozional bat egiteko kasuan, zer ekarriko duzu bueltan?

Izugarri preziatzen dut hizkuntza eskolan munduko toki askotako jendearekin egon izana. Txileko, Argentinako, Brasilgo, Mongoliako, Taiwango, Japoniako, Dubaiko, Kataluniako, Euskal Herriko jende asko ezagutu dut. Desberdintasunen, aniztasunaren eta komunean ditugun gauzen inguruan gogoeta egiteko balio izan dit. Bertako jendearekin tratua izatea ere ezinbestean lortu nahi nuen zerbait zen, eta hori ere lortu dut. Ez nintzen etorri eroso sentitzera: deserosotasun horiek gainditzea aberasgarria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.