MAITE DUT MAITE ... MINIMIL DENDA. Kontxu Uzkudun. Moda diseinatzailea

«Nire desioak bete ditut Minimilekin»

Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileak Balentziagaren inspirazioa eta euskal jantzien esentzia biltzen ditu bere arropetan. Haren sormenaren eta lanaren plaza da Minimil denda: haren leku kuttuna.

JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kontxu Uzkudunek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1943) bizitza osoa darama modaren munduan lanean: «pasioa» dio ogibideari. Tailer batean jostun hasi zen gazterik, eta egun Minimil markaren eta izen bereko denden sortzailea da. Donostian (Gipuzkoa) daukaten denda da bere leku kuttuna.

Zergatik da Minimil denda zure leku gogokoena?

Nire desioak bete ditudalako Minimilekin. Ez nuen inoiz usteko Donostiako erdialdean denda on bat edukitzera iritsiko nintzenik: poztasun handia ematen dit. Bilbon eta Gasteizen ere baditugu dendak. Gainera, ni oso ondo sentitzen naiz nire lanean. Lasarten hasi nintzen lanean, pisu batean jendeari arropak neurrira josten, eta handik ibilbide bat egiten joan naiz 50 urtez. Iruditzen zait Garibai kaleko denda eta Bilbokoa obra on batzuk direla.

Zein da Lasarteko pisu batean hasi eta Donostiako erdialdean amaitzeko gakoa?

Lana, lana eta lana. Sakrifizio handia egin dut, eta buru-belarri aritu naiz lanean, baina oso gustura, emaitza onak jaso ditudalako. Edozein lanbideri zortzi ordu eskaintzen badizkiozu ez du funtzionatzen: bizitza eskaini behar diozu.

Zer aurkituko du zure dendako atea gurutzatzen duenak?

Produktu ona, erosoa, jatorra gorputzarekin, eta prezio onekoa, nahiz eta esaten duten gure arropa garestia dela. Hemengo produktua saltzen dugu, hemengoa dela nabari zaiona, eta hemendik ahalik eta gertuen egindakoa. Geure arropa dotorea dela esan daiteke. Ez dut moda esaten, hain iragankorra denez ezin duzulako esan zer den: geure arropa intenporala da, iraunkorra.

Dotorezia eta moda bereizi dituzu. Zer da bata, eta zer bestea?

Modari jarrai diezaiokezu, baina dotorea zara ala ez. Dotorezia barrutik kanpora zabaltzen da: arropak hori indartzen laguntzen badizu, oso ondo. Moda beste kontu bat da: sare sozialetan dauden arropak eramatea da. Baina niri horrek ez dit balio. Pertsona dotore batek ez du zertan modernoa izan: dotorezia intenporala da.

Dotoreziak eta klase sozialak lotura daukate?

Baserrietan amona oso dotoreak zeuden, adibidez. Dotoreziak orokorrean izaerarekin du zerikusia.

Baserriko amona horien janzkerak inspiratu zaitu dendako arropa diseinatzeko orduan?

Balentziagaren arropak izan dira niretzat inspirazio iturririk handiena. Lortzen zuen bere arropak janzten zituena dotore bihurtzea, nahiz eta pertsona arrunta izan. Haren arropa berria zen, baina aldi berean betikoa: haren arropa iraunkorra da.

Nola definituko zenuke Minimilen estiloa?

Estilo soila da, kolore solidokoa, material noblekoa. Minimileko arropa erraz identifikatu daiteke, xumea, kalitatezkoa eta intenporala delako, eta itxura ona daukalako.

Zer du Minimilek minimalismotik?

Sobera dagoen guztia ez zait gustatzen. Lau hitzekin esan dezakezuna ez esan berrogei hitzetan: arroparekin antzekoa gertatzen da. Betiere esentzia eta edertasuna galdu gabe.

Zer da New Basque Style?

Gu oso euskaldunak sentitzen gara, eta sinisten dugu izaera hori zabaldu egin behar dela. Ez da euskalduntasunaz hitz egiteko modu folkloriko bat, bizitzan aplikatu daitekeen forma bat baizik. Euskal jantzien estetikari jarraitzen diogu, eta daukan edertasuna eta esentzia ateratzen diogu, gure garaira egokituz. Herri batekoa bazara, horrek baldintzatu egiten zaitu. Guretzat, arropa euskalduna Singapurren ikusteak sentiarazten digu aberria egiten ari garela.

Zer pertsona motak gurutzatzen du denda honetako atea?

30 eta 60 urte arteko emakumea izaten da, karranka handirik gabeko arropa gustatzen zaiona, eta gustu ona duena, normalean.

Familia enpresa bat da Minimil.

Nire bi alabek nirekin egiten dute lan, eta nire semeak gure dendak diseinatzen ditu. Guztira hogei langile inguruk osatzen dute gure enpresa.

Zein da Minimil markaren eta denden etorkizuna?

Auskalo. Nire biloba Parisen dago ofizioa ikasten. Uste dut oraindik denda gehiago jarri beharko ditugula: hazi nahi dugu. Baina momentu honetan oso beldurtuta gaude: oso gogorra izan da COVID-19 gaitzak izandako eragina.

Kalte egin dio negozioari?

Kontsumoa murriztu da. Denok triste gaude, bai saltzen ari garenak, bai erostera datozenak, eta horrek eragina dauka.

1943an jaio zinen. Ez al duzu erretiroa hartzeko asmorik?

76 urte ditut, baina behin ere ez dut erretiroa hartuko. Uzten didaten bitartean ni lanera joango naiz. Zure ogibidea pasio bat denean zuretzat, ederki pasatzen duzu lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.