MAITE DUT MAITE... HELBURU JAKINIK GABE PENTSATZEA. Patxo Telleria. Antzerkigilea

«Ezerezean pentsatzen dut, zerbait interesgarria arrantzatzeko asmotan»

Zehaztasun eta helburu jakin gabe pentsatzea atsegin du Telleriak. Zaletasuna baino gehiago, bizi estiloa da harena. Egunerokoan, egiten ari dena utzi eta buruari bueltaka hasten dela aitortu du.

JAIZKI FONTANDEDA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Sorkuntzarako inspirazio iturririk egokienetako bat egonean egotea dela dio Patxo Telleria (Bilbo, 1960) aktore, gidoilari eta antzerki zuzendariak. Betidanik izan du zehaztasun eta helburu jakinik gabe pentsatzeko joera, eta orduak pasa ditzake gogoa nonbait galdua duela, idearik originalenak bere amua irentsiko zain. Bakardadea eskertzen du horretarako. Zigarroa atzamar artean jarri, eta ekin dio galderak erantzuteko helburuarekin pentsatzeari.

Bada zaletasunen artean berezia zehaztasunik gabe pentsatzea.

Aukeratutako zaletasuna, behintzat, ez da. Txiki-txikitatik dudan joera bat da, saihestu ezinekoa. Batzuetan, ernegatuta bukatzen dut.

Nondik datorkizu joera?

Garai batean, bazegoen fikziozko pertsonaia bat Walter Mitty deitzen zena, eta nire amak beti zioen Walter Mitty bat nintzela. Izaera hori hor gelditu zaidala uste dut. Batetik, imajinazioa lantzen laguntzen dit. Bestetik, baina, zerbait seriotan pentsatu behar dudanean edo arazo konkretu bati aurre egin behar diodanean, sekulako ahalegina egin behar izaten dut kontzentratzeko.

Zaletasuna baino gehiago, oztopoa da?

Zerbaitetan kontzentratzeko, bai. Baina naizena eta egiten dudana, onerako zein txarrerako, neurri batean, joera horregatik azaltzen da.

Gogoan duzu asko pentsatzen zenuela ohartu zinen garaia?

Nerabe nintzela, behin bidaia bat egin nuen bakarrik Bartzelonara, eta jendeak galdetzen zidan ea ez zitzaidan gogorra egiten bakarrik bidaiatzea; uste dut orduantxe ohartu nintzela desberdinak ginela.

Sortzaileek zehaztasun eta helburu jakinik gabe pentsatzen dute?

Behar dute. Zientzialari batek gai bati modu zuzenean eta ahalik eta zehatzenean heldu behar dio, baina artista batek ezustekoa, espero ez zitekeen ikuspuntua edo aurpegia bilatu behar du. Idazle mota asko dago, badaude errealitateari estuki lotzen direnak; ni ez naiz hain errealitatezalea sortzeko orduan. Hegan egitekoa naiz gehiago. Ezerezean pentsatzen dut, zerbait interesgarria arrantzatzeko asmotan.

Zehaztasunik gabe pentsatzea zure sorkuntza lanen inspirazio iturrietako bat da?

Tresna bat da. Ideiak, oro har, abisatu gabe etortzen dira, modu oso desberdinetan: lagunekin elkarrizketan, adibidez. Nire kasuan, behin baino gehiagotan, ametsetan.

Zein da unerik egokiena?

Oheratzean, lo egiteko modurik goxoena helburu gabe pentsatzea da. Ez dut esango zer pentsatzen dudan, lotsa ematen didalako. Ez dira konfesaezinak, baina gehienak nahiko inozoak eta tontoak dira. Hala ere, inoiz bihurtu dut narrazio pentsamendu horietatik ateratako zerbait. Bestalde, zoritxarrez, lanean ari naizenean, joera handia dut horretara jotzeko. Neure burua desenkusatzen dut esanez horrek zerbaitetarako balioko didala.

Baduzu maniarik pentsatzeko orduan?

Lanean nagoenean, badut mania bat: nekatzen naizenean, deskantsatzeko, solitario partida bat jokatzen hasten naiz, eta aise egin dezaket ordubete. Oso kaltegarria iruditzen zitzaidan hasieran, eta saiatu izan naiz kentzen, ludopatia bat zelako. Baina konturatu izan naiz burua aske uzteko eta edozer gauzetan pentsatzeko biderik onena dela;bost axola zait partida. Zehaztasunik gabe pentsatzeko modurik onena ariketa mekaniko bat egitea da. Esfortzu mentalik eskatzen ez duten ariketak. Adibidez, asko gustatzen zait belarra moztea sasia garbitzeko makinarekin, bidea uzten didalako fantasiari eragiteko.

Jaso duzu fruitu emankorrik?

Zuzena eta konkretua, gutxi. Baina konbentzituta nago entrenamendu horrek laguntzen didala.

Zein onura ditu hala pentsatzeak?

Suposatzen dut plazera ematen didala. Berez, antsietate handiko pertsona naiz, eta gorputza zerbaitetan kontzentratua edukitzeak laguntzen dit. Bizikletan eta piraguan ibiltzen naiz, sarritan, eta bakarrik joatea gustatzen zait gehienetan. Edo bakarrik bidaiatzea, trenez. Bakardadea plazer bat da, eta, egoera horietan, pentsatzeko joera dut. Bizitzeko eta errealitatera hurbiltzeko modu bat dela uste dut.

Egoera jakin batzuek pentsarazten dizute?

Boladaka gustuko gai bat izaten dut. Gai horretaz aspertzen naizen arte, abentura eta egoera batzuek motibatzen naute.

Adibidez?

[Barreak] Nahiago dut ez kontatu. Oso inozoak dira gehienak. Orokorrean, gustatzen zait, pentsamendu horietan ni azaltzea, eta, are gehiago, galtzaile moduan agertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.