MAITE DUT MAITE... 'THE LEFTOVERS'-EN SOINU BANDA. Jon Garaño. Zinemagilea

«Asko gustatzen zaizkit soinu bandak; oso inspiratzaileak dira»

'The Leftovers' telesailaren soinu banda gomendatu du Jon Garaño zinemagileak. Konfinamendu garaian ezagutu du musika hori; baita telesaila bera ere, eta horiekin «disfrutatu» duela aitortu du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Pandemia garaian, Jon Garaño zinemagileak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) «ihesbide» izan du The Leftovers filmaren soinu banda. Ez da denbora asko telesail hori eta haren musika ezagutzen dituela, baina «aurkikuntza» bat izan dela dio, eta idazten ari den gidoirakoegokia dela uste du.

Zergatik aukeratu duzu The Leftovers telesailaren soinu banda?

Azken hilabeteotan asko markatu nauen musika izan delako; bai arlo profesionalean eta baita aisialdian ere. Asko gustatzen zaizkit soinu bandak; oso inspiratzaileak dira. Badu bere istoriotxoa horrek: konfinamendu garaian, Johann Johansson eta Hildur Gudnadottir —Joker eta Chernobyl pelikulen soinu banda— entzuten hasi nintzen Spotifyn, eta, prozesu horretan, The Leftovers-en soinu banda entzuten hasi nintzen. Bitartean, pelikula baten tratamendua idatzi dut, musika hori entzuten ari nintzela, eta, horrela, sekuentzia guztiak doinu horretan irudikatzen nituen. Gainera, kuriosoa da, baina Handia-ko making off-a egiteko The Leftovers-en lehenengo denboraldiaren hasierako abestia erabili zuten.

Askok ez daukate hitzik. Zer transmititzen dizu musika horrek?

Hitzik gabeko musikak asko laguntzen dit kontzentratzeko. The Leftovers-eko soinu banda amaitzen zenean, berriro jartzen nuen, sartuta nengoelako letrarik gabeko mundu horretan.

Ezinbestean egon behar dute telesail edo film bateko irudiek musika batez lagunduta?

Batzuei ez zaie gustatzen film batek musika izatea, pentsatzen dutelako musikak sentsazioak azpimarratzeko soilik balio duela; nik errespetatzen dut hori. Baina, nire ustez, sentsazioak azpimarratzeko ez ezik, askotan, telesail edo pelikula batean giro bat sortzeko ere balio du musikak. Hala ere, musikaz abusatuz gero, kalterako izan daiteke. Izan ere, batzuetan, nabarmen antzematen da musika gaizki sartuta dagoela. Horrek istoriotik atera egiten du ikuslea, eta kaltegarria izan daiteke filmarentzat.

The Leftovers drama estiloan sailkatzen dute. Zuk zer genero duzu gustukoen?

Drama da bai, baina badu suspensetik ere. Ez dizkizu hasieratik kartak agerian uzten, norberak aurkitubehar ditu karta horiek, eta niri gertakizun horiek jostea oso erakargarria egiten zait.

2014ko telesail bat da The Leftovers.Noiz ikusi zenuen telesaila?

Konfinamendu garaian hasi nintzen ikusten, baina oraindik ez dut bukatu. Hiru denboraldi dauzka, eta azkenaren erdialderaino ikusi dut. Pena hartuko dut bukatzean, baina, era berean, eskertzen dut hori: gauzak noiz bukatu behar diren jakitea, alegia. Noizbait gertatu izan zait, telesail baten lehenengo denboraldiaz disfrutatzea, eta, gehiegi luzatzearen ondorioz, telesailaz nazkatzea. Kasu horretan, telesail horrek utzi dizun arrastoa txarra izaten da.

Telesail eta film askok galdera batzuk erantzun gabe uzten dituzte. Zer pentsatzen duzu horien inguruan?

Erantzunak bilatzeko moduko bukaera bat uzten badu, edo ikusleari bere interpretazioak egiteko tartea uzten badio, gustatzen zait. Aldiz, istorioa irekita uzten badu ikusleari inolako arrazoirik eman gabe, orduan ez zait gustatzen.

Jende askok aprobetxatu du konfinamendua telebistako saioak ikusteko, irakurtzeko, nork bere talentua ezagutzeko... Zuk zeri eskaini diozu denbora?

Kultur ekintzen bidez egin nion aurre itxialdiari. Inoiz baino gehiago irakurri dut konfinamenduan, eta telesail eta pelikula asko ere ikusi ditut. Irratia ere asko entzuten dut orokorrean, oso informaziozalea bainaiz, baina, itxialdian, etengabe gauza beraren inguruan jasotzen genuen informazioa, eta irakurketa, adibidez, informazio errepikakor horretatik ihes egiteko modu bat izan da niretzat.

Baduzu proiekturen bat esku artean?

Bai. Honek guztiak garai onean harrapatu gaitu; zorte handia izan dugu: La trinchera infinita filma bukatuta zegoen, eta ez gaitu preprodukzio betean harrapatu, edota, are okerragoa litzatekeena, filmatzen. Ideia berriak mahai gaineratzeko aukera eman digu itxialdiak, eta baita ordurako garatuta geneuzkan istorio batzuei forma emateko ere. Apalategi zabal bat daukagu orain: pelikula bateko gidoia nahiko sendo garatuta daukagu; badauzkagu beste bi pelikula idatzita, eta beste hiru prozesuan daude. Pare bat telesail ere badauzkagu pentsatuta, baina horiek ideiak besterik ez dira oraindik. Aurrerago ikusiko dugu zer ateratzen den ideia horietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.