ATZEKOZ AURRERA. Pedro A. Moreno. 'Ecologismo integral' liburuaren egilea

«Independentziarik ezin da eraiki jendearen beharrak ase gabe»

Enpresa handientzat lan egiteari utzi, eta bere negozioan ari da Moreno. Uste du ekologismo integralik gabe ez dela etorkizunik, eta burujabe izateko bidean Kurdistango sindikatu konfederala du eredu.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Xaboiak saltzen ditu. Pedro A. Morenok (Madril, 1988) ontzirik gabeko drogeria naturala saltzen duen denda batean aritzen da Iruñeko Arrotxapea auzoan. Bihar Alde Zaharrera igoko da Ecologismo integral (Ekologismo integrala) liburua aurkezteko. Katakrak liburu dendan izanen da, 19:00etan.

Orain denak dira berdeak; hori esaten dute, behinik behin. Zer deritzozu?

Ekologismoa boladan dago, beste pentsamendu korronte batzuk bezala, baina ekologista izateko desazkundearen zalea izan beharra dagoela uste dut: argi esan behar da munduko baliabide naturalen %80 ezin dituztela herritarren %20k kontsumitu. Iparraldearen eta Hegoaldearen artean desoreka izugarria dago, eta horrek migratzera bultzatzen du jendea. Migrazioaren aferari heltzeko, pribilegioak galdu behar ditugula onartu behar dugu.

Sozialberde kontzeptuaz mintzo da Geroa alderdi sortu berria.

Geroa Baik BPGaren hazkundea zabaltzeko duen kontzeptua bateraezina da horrekin, baina Equoren berde ikuspegia ere ezinezkoa da. Logika ekologista ezin da planteatu megalopoliak edo produktibismoa indargabetzen ez badira, eta, horretarako, kapitalismoa baliogabetu behar da. Sozialekologiko, sozial-liberal... ezkerreko poltsikotik atera daitezkeen kontzeptuak dira.

Eta ezkerrean nola ikusten duzu ekologismoa?

Atzenduta. Adibidez, ezker abertzale ofizial zein ez-ofizialean ez da gai garrantzitsua. Nuklearren kontrako mugimendua egon da, baina ez zaio ongi bizitzearen kontzeptuari heldu. Ulertu behar dugu desazkunderik gabe herri honek ez duela etorkizunik. Gure aitona-amonak Zaragozara joaten ziren ezkon bidaian. Horra itzuli behar da.

Iraganera itzuli nahi izatea leporatuko dizute.

Ezin dugu aurrera begiratu iraganera begiratzen ez badugu. Ekofaxismoa eta eskuin muturra hor ditugu; Iparraldean ere indarra hartzen ari dira. Edo atzera begiratzen dugu, edo aurrean eskuin muturra izanen dugu. Krisi testuinguruan ezin dugu baztertu Euskal Herriko eskuin mutur bat sortzea, Kataluniako Som Catalans bezalakoa.

Izenburuari erreferentzia eginez, ekologismoa garatu liteke ez bada modu integralean?

Genero, klase eta identitate nazionalen ikuspegitik garatu behar da. Ekologiaz ari garenean, kontuan izan behar ditugu identitate nazionalak, iparralde-hegoalde justizia eta desazkundea gerra gehiago ez sortzeko tresna gisa. Bestela jai dugu. Liberala edo sozial-liberala dena ezin da ekologista izan.

Gai honetan irakasbiderik utzi al du pandemiak?

Egoerak ez du joko zelaia askorik aldatu. Jendearen onena eta txarrena ikusi da. Txarrena: balkoietako poliziak. Onena: hiritarren arteko babes sareak eta logika aldatzeko beharra ikusi dutenak. Nire dendara jende gehiago dator orain. Geroz eta lan gutxiago badago, pentsatu beharko genuke agian guk sortu beharko genukeela lana, kapitalismoaren menpe ez bizitzeko. Independentziarik ezin da eraiki jendearen urdaila eta beharrak ase gabe.

Zure herriko zinegotzi izan zinen, baina orain diozu erakundeetan ez dagoela zer eginik. Deus ez?

Ezin duzu deus egin, soilik astindu. Erakundeek ematen dizuten bakarra hedabideen ahotsa da. Espainiako bandera kenduta isuna jasoko duzu, baina horrek aldatzen du jendearen bizitza? Ekintza sinbolikoak dira. Zinegotzi nintzenean, elkarrizketetan esan nuenaren %90 ezin izan nuen egin. Ecoembes edo FCC etortzen zaizkizu gogorarazteko urteetako kontratuak dituztela udalarekin. Erabat lotuta zaude.

Kaletik zer egin daiteke?

Kanpotik sor daitezke marjina independenteagoak; adibidez, kooperatibak. Gero, behar duzu IFK bat eta haien logikei segitu; horregatik, sindikatuaren figura planteatzen dut: estatuaren kontrako oskol juridiko bat. Kontsumo eta ekoizpen taldeak bilduko lirateke hor, eta eztabaidatuko lukete konfederalismo demokratiko bat galdegiteko, estatuaren kontrabotere egitura bat sortuz. Euskal Herrirako harreman marko propioa sortzea da helburua.

Proposamen zabala egin duzu liburuan. Nondik hasi daiteke?

Errazena kontsumo eta ekoizpen txikiko taldeak sortzea da, behar oinarrizkoenak asetzen dituztenak. Dagoeneko martxan dauden ekonomia sozialeko proiektuak saretu nahi ditugu Euskal Herriko Ekosarean. Garrantzitsuena markoak dira: kanpotik egitea eta egungo ekonomia eredutik aldentzea.

Iruñea toki egokia da?

Hiria bakarrik ez, Nafarroa bikaina da: aukera asko daude 1512an galdutako subiranotasun politikoa berreskuratzeko ekologiaren eta elikadura subiranotasunaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.