ATZEKOZ AURRERA. Maria Merino. Matematikaria

«Eguneroko problemetan aplika daitezke sudokuak»

Buruari eraginez, hutsuneetan falta den ikurra bilatu eta aukerak zeintzuk izan daitezkeen pentsatzean datza sudokuen jokoa. Merinok azaldu duenez, alta, egunerokoan aplikazio errealak ere badituzte.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gutxi izango dira bizitzan sudoku bat egiten saiatu ez direnak. Duela hamabost urte inguru piztu zen sudokuen zaletasuna, eta ordutik hainbat mota, tamaina eta zailtasuneko sudokuak argitaratu dira. Maria Merino (Bilbo, 1976) EHUko irakasle eta matematikariak zientziaren ikuspuntutik aztertzen ditu joko hauek. Hain zuzen, El sudoku bajo una mirada matemática (Sudokua begirada matematiko baten pean) hitzaldia eman zuen asteartean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Merinok dioenez, problema mota bat dira sudokuak, eta problema horiek egunerokoan ager daitezkeen arazoak ebazteko lagungarriak dira.

Zientzia ala entretenimendua, zer dira sudokuak?

Jatorriz, entretenimendu moduan sortu ziren, baina, gero, zientzialariei zein artistei interesa piztu zien kontzeptuak.

Zer ekarpen egiten diete sudokuek zientziari?

Hainbat dira ekarpenak. Matematikari eta zientzialariok sudokuakikuspuntu desberdinetatik aztertzen ditugu. Dauzkan propietateak eta konplexutasuna aztertzea interesatzen zaigu.

Zein aplikazio dituzte zientzian?

Eguneroko problemetan aplika daitezke sudokuak. Oso tresna garrantzitsuak dira bizitza errealeko problema konplexu eta interesgarriak ebazteko.

Adibidez?

Enpresa askotan, esaterako, lan txandak antolatzeko buruhauste izugarriak izaten dituzte. Faktore askok bat etorri behar izaten dute. Problema horiek lengoaia matematikoan idatz daitezke. Horretarako, aldagai batzuk adierazi, eta aldagaien arteko erlazioak idazten dira. Horrek antzekotasun asko ditu sudoku problemekin. Sudoku problemak, azken finean, aldagaiak eta murrizketak dira.

Non du jatorria sudokuak?

Bi kontzeptu matematikorekin erlazionatuta dago: karratu latinoa eta karratu magikoa. Bestalde, esaten da XIX. mende amaieran Frantziako prentsan sudokuak azaldu zirela; baina I Mundu Gerraren ondorioz, hedapena eten egin zen. Topa daitekeen lehen data 1976. urtekoa da. Orduko hartan, Howard Garns arkitektoa, erretiratu zenean, jokoak diseinatzen hasi zen jokoetan espezializatutako Dell Magazines argitaletxearentzat. Berak egin zuen egun ezagutzen den sudokua. Number Place izena jarri zion. Japoniar batek, baina, bere herrialdera eraman zuen jokoa, eta izena aldatu zion: Sudoku izena jarriz. Argitaletxe bateko burua zen, eta, benetan, berak ekarri zion ospea.

Sudokuek ez dituztela nahitaez zenbakiak behar esan izan duzu.

Izan ditzakegu koloreak edo marrazkiak zenbakien ordez. Bederatzi ikur desberdin behar dira, eta logika baino ez dugu behar ebazteko.

Egun, zenbat sudoku mota existitzen dira?

Zenbatezinak dira. Aldaera pila bat dago, tamaina desberdinak, kutxa erregularrak zein irregularrak.

Zenbat denbora behar da munduan dauden sudoku guztiak ebazteko?

Munduan egon daitezkeen sudoku guztiak baino gehiago, kalkula daiteke zenbat diren posible ebaztea. Joko kopurua ez da ezaguna. Ebatzitako sudokuak egiteko behar den denbora, aldiz, kalkulatuta dago, eta zenbaki erraldoiak dira.

Ba al dago sudokuak egiteko trikimailurik?

Badaude ebazten laguntzeko prozesu batzuk, baina, pertsona bakoitzak, egiten dituen heinean, bere abileziak landu eta hobetzen ditu.

«Konplexuagoa da sudoku bat ekoiztea, ebaztea baino». Zure hitzak dira. Zergatik?

Matematika graduko ikasleak, adibidez, gai dira matematikaren hizkuntzan idazteko eta algoritmo bat sortzeko modeloak ebazteko. Baina jokoa bera asmatzea askoz zailagoa da, ez dago prozedura bat soluzio bakarra duen joko bat proposatzeko. Behin, gizon bat sei urtez egon zen ordenagailuko programa bat garatzen sudokuak sortzeko.

Matematikan ez ezik, zertarako erabiltzen dira sudokuak?

Mundu artistikoan interes asko piztu dute. Adibidez, margolari eta eskultore batzuk hasi dira sudokuak egiten. Liburuetan ere sudoku hitza aipatzen da. Adar ugaritan piztu dute interesa sudokuek. Sudokua, matematika baino gehiago, logika da, eta logika guztion parte da. Haien edertasuna ere, simetriagatik, erakargarria da gizakiarentzat. .

Zer daukate sudokuek adin guztietako jendea harrapatzeko?

Umetatik hasi eta nagusietaraino egokitutako sudokuak daude. Oso joko bisuala da, ulertzeko oso erraza eta ebazteko hurbila. Ez da behar jakintza izugarririk. Gogoa eta denbora dira soilik beharrezkoak. Ebaztea, gainera, beti da plazerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.