ATZEKOZ AURRERA. Imanol Ituiño. Magoa

«Kasu! Magook tranpa egiten dugu»

Ramper pailazoari buruz sortutako ikuskizun bat zuzentzen ari da Ituiño. Donostian izan dira asteburuan, eta Sopelan ariko dira abenduan. Haren aitzakian, pailazoez, magoez eta umoreaz ari da. Trukorik gabe.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kartak mahai gainean jarrita baina erantzunak ezkutatu gabe ari da Imanol Ituiño (Bilbo, 1989). Ramper; vida y muerte de un payaso ikuskizunean zuzendari lanetan dabil, Juan Paños aktore eta lagunarekin batera. Baina magoa da bera. Eta aztia, eta txerpolaria, eta inkaminaria, eta prestidigitadorea.

Nor izan zen Ramper?

Espainiako pailazorik famatuena1920ko eta 30eko hamarkadetan. Primo de Riveraren garaian, errepublika garaian eta Espainiako gerra garaian ere lan egin zuen. Oso famatua zen. Haren txisteak kalean kontatzen ziren, pelikula bat egin zuen, bere marrazki biziduna zeukan, botilak saltzen ziren haren izenarekin —Ramper anisa—.

Nola iritsi zen zuregana?

Badago magia munduan eta pailazoen munduan egiten den saio bat: mentalista baten parodia. Hainbat pailazok eta magok egiten dute, baina Ramperrek asmatutakoa da. Eta egiten dutenek ez dakite hori. Obrak bizirik iraun du, baina ez obraren egileak; artistak. Horrek sekulako amorrua ematen zidan.

Eta ikertzen hasi zinen.

Kontatu egin nahi nuen, nolabait. Bururatu zitzaidan hori argitara ateratzeko antzezlantxo bat idaztea. Aurkeztu nuen Cafe Bar Bilbaok antolatzen duen lehiaketara, eta irabazi egin zuen. Garai hartan testu labur bat zen. Lagun bati erakutsi nion. Aktorea da, madrildarra: Juan Paños. Irakurri zuen, eta esan zidan: «Txo! Hau egin behar dugu!».

Donostian aritu zarete azkena.

Viktoria Eugenia antzokian. Oso garrantzitsua da Donostia Ramperren bizitzan. Anaiarekin hasi zen. Izena ere hortik zetorren: bera Ramon zen, eta anaia Perico. Bi izenen lehen silabak hartuta sortu zuten Ramper. Donostiako emanaldia baino lehen hil zen anaia, eta Donostian aritu zen Ramper lehen aldiz bakarka. Inflexio puntu bat izan zen. Bere biografian zioen ez zuela Donostiara bueltatu nahi izan.

Zure webgunean diozunez, zu izatez aztia, txerpolaria, inkaminaria, prestidigitadorea eta tipo majoa zara. Eta magoa?

Saiatzen naiz.

Majoa izaten? Ala magoa izaten?

Bietan.

Diozunez, esan zion medikuak amari: «Mago bat izan duzu»?

Betitik gustatu izan zait. Hori dut nik akorduan.

Magia Borras askok izan zuten.

Ia gehienon imajinarioan dago.

Baina non ikasten da handik aurrerakoa?

Jendeak badaki ingeniari izateko zer egin behar duen. Magoa izateko, ordea, ez dago modu bakarra. Liburuak daude, DVDak daude, Interneten ia dena dago... Baina ez dago eskola bat, edo karrera bat. Badaude tailerrak, badaude akademiak, baina modu egokiena beste mago batzuk ikustea da. Kongresuak egiten ditugu, eta sekretuak elkarren artean banatzen ditugu.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zenuen zuk. Komunikatzaile ona izan behar du mago batek?

Egiten duzuna oso harrigarria izan daiteke, baina hori komunikatzen ez badakizu, ez du ezertarako balio.

Baina zuk ikuskizun mutu bat ere baduzu.

Neure buruari jarri nion erronka bat da. Agertokian asko hitz egiten dut, eta txisteak ere kontatzen ditut —Tamarizek egindako bideari jarraitzen diogu askok horretan; sekulako lana egin zuen—. Baina beste hori hamar minutuko ikuskizuna bat da, eta ez dut hitz egiten.

Arte eszenikoa da zurea. Prestakuntza bat eskatzen du horrek. Ez bakarrik magiako trukoak.

Agertoki bat da, eta arau komun batzuk daude. Pailazoek, magoek, aktoreek... badute hizkuntza antzeko bat. Eta, nahiz eta gero ez erabili, ezagutu behar dira baliabide horiek.

Umorea ere bada baliabide bat?

Badu hori magiak: jendea harritzen denean, barrea ateratzen zaio. Ez du zertan barregarria izan. Baina bat-batean ulertzen ez duzun zerbait gertatzen bada, barre urduri hori ateratzen zaizu. Harriduratik sortzen den barrea da.

Ez dira garairik onenak magiarentzat (ere)?

Kulturarentzat une latza da. Gehienezko edukierak murrizten dira, udalak ez dira gauzak programatzera ausartzen... Magook ezin ditugu gure karta sortak nahasteko eman, eta ezin dugu jendea atera agertokira.

Magia, truko, tranpa... Zein da ordena? Zein da prozesua?

Badago eztabaida semantiko bat horren inguruan, baina nik esango nuke trukoa dela sekretua, magoak egiten duen tranpa, jendeak magia ikus dezan.

Magoak orduan ez zarete fidatzekoak?

Egongo da baten bat fidatzekoa ez dena [barrez], baina uste dut magoak zintzoak garela, jendeak badakiela egiten dugunak tranpa duela. Ez gara Uri Geller batzuk diotenak: «Nik botereak dauzkat». Kasu! Magook tranpa egiten dugu. Eta hori jendeak badaki. Baina tranpa egiten dugun arren, ilusioa sortzen dugu jendearengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.