ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Larrea. Argazkilaria

«Ez dugu enpatiarik naturarekiko»

Bere pasio kutunenak liburu batean bildu ditu Larreak: argazkilaritza eta natura. Irudi liburu bat sortu du, negu sasoian Pirinioetan ateratako argazki sortarekin. Sarrio emea da protagonista nagusia.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Egindako lanaz harro eta naturarekin are maiteminduago». Hitz horiekin deskribatu du Iñaki Larrea argazkilariak (Iruñea, 1982) zer sentitzen duen bere azken proiektua amaituta ikusirik. Hijas del hielo (Izotzaren alabak) argazki liburua argitaratu du Larreak. Sarrioak ikus daitezke irudi gehienetan, eta Pirinioetako paisaiak ditu agertoki.

Zergatik erabaki zenuen lan hau egitea?

Premia batek bultzatu nau proiektu hau sortzera. Argazkilaritzan trebatuz joan ahala, ikusi nuen ordua zela biziki gustatzen zaizkidan gauzak konbinatuta lan bat osatzeko. Mendiak, naturak eta animaliek txoratuta naukate, eta horiek guztiak daude nire liburuan jasota.

Sarrio emea du protagonista liburuak. Zergatik?

Animalia liluragarria da, eta ingurune zoragarri batean bizi da, Pirinioetan. Gainera, interesgarria iruditu zitzaidan emeengan zentratzea, kontzeptua feminizatzeko. Gorazarre egin nahi nion sarrio emeari. Nahi dut jendeak ikustea zeinen borrokalariak diren emeak beren kumeak zaintzeko orduan. Gauza mordo bati egin behar izaten diote kontra, mehatxuetatik babesteko; izatez, kumeen erdiak urtebete egin aurretik hiltzen dira.

Neguan eginak dira argazkiak, tenperaturak oso hotzak diren garaian. Oso gogorra izan da?

Alpinista naiz, eta, beraz, laster ohitu nintzen muturreko tenperaturetara. Are gehiago, nik nahita aukeratu ditut baldintza klimatiko gogorreneko egunak argazkiak ateratzera joateko. Gogorra izan da, baina merezi izan du, eta oso aberasgarria izan da niretzat.

Sarrioei argazkiak ateratzeko, zer garrantzi du une egokian eta behar den tokian egoteak?

Nire ustez, argia da inportanteena argazkian, horrek sortzen baitu magia, eta horrek ahalbidetzen du erliebea ederrago agertzea. Ongi aukeratu behar da kokalekua; ezinbestekoa da oso goiz altxatzea eta gauzei aurrea hartzea. Gainera, ahalegin handia egin behar da sarrioengana behar bezala hurbiltzeko: errespetuz eta gogaitu gabe.

Nola deskribatuko zenuke liburuak atzean duen lana?

Proiektu honek osagai asko ditu, baina hiru nabarmenduko nituzke: pasioa, ilusioa eta ergelkeria puntu bat. Bi urtean, gauza asko alboratu ditut lan hau aurrera ateratzeko.

Zer, adibidez?

Argiketaria ere banaiz, eta lan egiteari utzi behar izan diot neguan, bi urtez. Gainerako hilabeteetan gogor egin dut lan dirua aurrezteko.

Zu zeu arduratu zara liburuaren edizioaz. Abantailak ikusi zenituen aukera horretan?

Tira, pixkanaka hartu nuen erabakia. Zalantza asko izan nituen, baita proiektuaren inguruan ere. Denboraren poderioz, baina, ikusi nuen ideia ez zela burukeria hutsa, eta pentsatu nuen merezi zuela saiatzea. Zenbait bide aztertu nituen; aurrekontuak eskatu nizkien inprentei, eta erabaki nuen proiektua zabaltzea, nik neuk finantzatzeko. Finantzaketa kolektiborako plataforma batean jarri nuen lana.

Nola erantzun zuen jendeak?

Hasieran, poliki. Denboraren poderioz, ordea, kontua hobetzen hasi zen, eta itxialdiari esker errazagoa izan zen jende gehiagorengana iristea. Ohartzerako, lortua nuen proiektua abiarazteko adina diru. Oso polita izan zen. Harro nago liburua argitaratzeko egindako lanaz, baina baita izugarri eskertua ere. Jendearen babesik gabe ezinezkoa litzateke gaur eskuartean edukitzea.

Zer eragin nahi duzu ikuslearengan?

Gustatuko litzaidake zimiko baten modukoa izatea. Nahi dut jendeak ikustea animaliek ere gauza asko sentitzen dituztela, enpatizatu dezaten pertsonak ez direnekin ere.

Premia handia dago horretarako?

Izugarrizkoa. Ez dugu naturarekiko enpatiarik. Zementu gainean baizik ibiltzen ez den gizarte artifizial bat sortu dugu, eta, oro har, ahazten zaigu zein dugun jatorria. Gu ere animaliak gara, eta iruditzen zait kontzienteago izan beharko genukeela eragiten dugun inpaktuaz.

Zu lanari esker ohartu zara?

Hein batean, bai. Proiektuan ikus daitezkeen argazkiak egiteko, ordu asko eman ditut animaliengandik hurbil. Haien talde bereko sentitu naiz kasik, eta lagundu dit.

Zure lanek ingurune naturalak dituzte beti agertoki. Zergatik?

Naturak guztiz maiteminduta nauka. Mendi puntara igo, eta, zer dakit nik, handik ilunabarra ikusteak sekulako emozioak sentiarazten dizkit. Horrelakoek bihotza ukitzen didate, eta hori ezin dut sentitu etxe orratz batetik begiratuta. Maite dut gure iragan primitibora bueltatzea, iruditzen zait han aurki dezakegula gure esentzia.

Beste proiekturik buruan?

Oraingoz, ez. Alpinista gisa, esanen nuke gailurrera iritsi naizela lan honekin, eta orain jaistea tokatzen zaidala. Beheko kanpalekura itzuliko naiz, atseden hartzera. Pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.