ATZEKOZ AURRERA. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena. Umoregileak

«Zer pentsatua utzi nahi diogu ikusleari»

Bitarteko indartsua eta eraginkorra da umorea, eta umorea baliatzen dute genero gaiak naturaltasunez lantzeko. Ikusleek ondo pasatzea eta gozatzea dute lehen helburua, baina baita haiengan eragitea ere.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Kazetaritzak elkartu zituen, baina umoreak, umorearekiko ikuspegiak, umorearen tonua partekatzeak, umorearen bidez gauzak esan nahiak... Horrek bihurtu zituen konplize Idoia Torregarai Martija (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) eta Mirari Martiarena Iraola (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986). Oholtzatik kanpo UEU Udako Euskal Unibertsitateko komunikazio arduraduna da lehena, eta ETB1eko Txoriene saioko gidoilaria bestea. 120 emanaldi egin zituzten bakarrizketetan oinarritutako lehen umore ikuskizunarekin: Bakean dagoena bakean utzi. Ez dute bakerik nahi, ordea, oraindik ikuskizun horren emanaldiak egiten jarraitzen baitute, eta bigarren bat prestatu dute: Luze edo motz,genero gaietan oinarritutako saioa. Altzon (Gipuzkoa) egin zuten lehen emanaldia, urriaren 30ean.

Aurreko ikuskizunaren ildoari jarraitu diozue, baina generoa ardatz gisa hartuta?

Mirari Martiarena: Ikusten genuen nahiko material genuela generoari buruz hitz egiteko. Lehen esaten ziguten ondo egiten genuela, onak ginela, barre egiten zutela... baina emakumeen gauza gehiegi zeudela. Ba, orain, denak dira emakumeen kontuak.

Idoia Torregarai: Aurreko ikuskizunarekin ikusi dugu behar eta konplizitate handi bat dagoela genero gaiak umorearekin lantzeko. Argi geneukan horrekin jarraitu behar genuela.

Askotan entzun behar izaten duzue zuek kontatutakoak emakumeen kontuak direla?

M.M.: Jendeak nahi gabe hori pentsatzen du. Ez da kasualitatea batez ere talde feministek edo udaletako berdintasun sailek deitzea.

I.T.:
Guk, ordea, aldarrikatzen dugu bi emakumek umore unibertsala ere egin dezaketela.

Beraz, otsaila, martxoa eta azaroa dituzue hilabeterik lanpetuenak?

M.M.: Bai. Martxoaren 8aren bueltan hamahiru emanaldi eduki ditzakegu hamabost egunetan.

Ikusle gehienak emakumeak dira?

I.T.: Bai, %85 inguru.

Seinale txarra.

I.T.:Bai. Guk hori aldatu nahi dugu. Beti esaten dugu: programa gaitzatela kultura sailetatik, ez berdintasunetik. Gizonek ere egin behar dute beste hausnarketa bat: «Bi emakume dira eta umorea egiten dute. Zergatik ez naiz joango?».

Luze edo motz. Zertan gabiltza luze eta zertan motz?

M.M.: Genero kontuetan, bereziki, motz geratzen gara.

I.T.:Gizarteak, aldiz, luze jotzen du aldaketak egiteko garaian. 2020an egonda ere, oholtza gainean bakarrizketak egiten dituzten bi emakumek emakumeak erakartzen dituzte gehien.

Zuek ikusi eta bizi izandakoan oinarrituta idazten duzue gidoia?

M.M.: Gure errealitatea kontatzen dugu, umoreak eskaintzen dituen tresnak erabilita: gertaerak puztuz, pixka bat makillatuz, jolastuz, hitz jokoak eginez, txisteak eginez...

I.T.:Gainera, Mirarik eta biok umore ikuspegi batekin bizi dugu bizitza. Galbahe horretatik ikusten dugu errealitatea. Ginekologoarengana joan nintzenean, esaterako, hankak zabalduta nengoela, pentsatzen ari nintzen hori kontatu egin behar nuela bakarrizketan.

Bakarrizketez osatutako ikuskizun batera doanak ondo pasatu nahi du; zuek, ordea, deseroso ere sentitu dadila nahi duzue.

I.T.:Bai, jakina. Aldaketa bat, zirrara bat, eragin bat lortu nahi dugu. Aurrena, ondo pasatzea, gozatzea, hori bai; baina eragin bat sortzea ere bai.

M.M.: Zer pentsatua utzi nahi diogu ikusleari. Estreinako saioan gertatu zitzaigun, Altzon: saioa eta gero bertan geratu ginen afaltzen, eta atera ginenean bi edo hiru kuadrilla oraindik gaiari buruz hitz egiten ari ziren, barrez, hausnartzen. Hori da guk nahi duguna. Poza ematen dizu, asmatu duzula sentitzen duzu.

Arriskua badago ikusleak barre egiteko, baina barrea eragiten duen egoeraz ez jabetzeko?

I.T.: Sentitzen duguna zapla botatzen dugu, gordin, erraietatik eta zintzotasunez. Oraindik, tamalez, gai batzuek tabu handiak izaten jarraitzen dute, eta, sekulako hausnarketarik egin gabe ere, nahikoa da gaia plazaratzea, iristeko.

M.M.: Ez dugu ezer asmatu. Ez dugu gaiei buruzko sekulako gogoetarik egiten. Eguneroko gauzak dira: hilekoa, ginekologoarengana joan beharra, sexua, masturbazioa, menopausia... Egunerokoak dira, baina ez da haietaz hitz egiten, edo gizonen ikuspuntutik hitz egiten da. Bada garaia gure ikuspegitik hitz egiteko.

Ezberdinak izaten dira gizonen eta emakumeen erreakzioak?

M.M.: Txiste bat kontatzen duzunean emakume denak batera lehertzen dira barrez. Gizonezko askoren aurpegiak erakusten du zerbait galdu dutela. Mundu paraleloak dira.

I.T.: Emakumeak identifikatu egiten dira. Gizon batzuentzat mundu berri bat da, eta harriduraz hartzen dute. Agian ez dute inoiz horretaz pentsatu, baina aukera ematen die pentsatzeko eta barre egiteko. Hori oso polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.