Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Isabel Cadenas Cañon. 'De esto no se habla'-ren zuzendaria

«Monumentuek ez dute oroitzeko balio»

Podcastak isiltasunak hautsi nahi ditu. Besteak beste, Basauriko hamaikena: abortatzea eta abortuak egitea leporatuta, ia hamar urteko epaiketa izan zuten. Garai hartan mugarria izan zen; ezezaguna da egun.
PRX Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2020ko azaroak 18

PRX & Google Podcasts Creator Programek 12.000 proiekturen artean hautatutako hamabietako bat izan zen De esto no se habla (Honi buruz ez da hitz egiten). Oihartzun gutxi duten ahotsen inguruko podcastak saritzen ditu, eta hori egiten dute, hain zuzen ere, Isabel Cadenas Cañonek (Basauri, Bizkaia, 1982) zuzendutako saioek: isildutako istorioak berreskuratu. Besteak beste, andreen erreprodukzio eskubideen mugarri izan zen Basauriko hamaiken epaiketa, 1976tik 1985era artekoa: abortatzea edo abortuak egitea leporatu zieten, eta prozesuak oihartzuna izan zuen Espainian; hainbestekoa, ezen eragin zuzena izan baitzuen 1985eko abortuaren legean.

Zergatik erabaki zenuen isiltasunei buruz egitea podcasta?

Nik beti egin izan dut lan memoriaren inguruan, iraganarekin eta absentziarekin egin beharrekoaz. Podcastean, frankismotik datorren isiltasunaz ari naiz. Memoria historikoan, batzuetan iraganari buruz hitz egiten da, baina ez da lantzen iragan hori gaurkotasunean nola bizi dugun. Demokrazia omen zegoen garai batean jaio nintzen, baina, halere, aitona-amonen eta gurasoen beldurrak jaso ditut.

Orain dela 45 urte hil zen Franco, baina isiltasun batzuk hor daude oraindik. Zergatik?

Lehenik eta behin, oso latza eta luzea izan zelako diktadura. Bigarrenez, Franco ez zelako garaitua izan, nahiz eta beti egon diren haren kontrako mugimenduak. Eta, azkenik, Trantsizioan adostu zutelako, batez ere boterean zeuden alderdiek, aurrera begiratu behar zela eta iraganak ez zuela eraginik izango egunerokoan. Ondorioz, iraganeko isiltasunak eta erruak ez ziren ordaindu.

Basauriko hamaiken kasuan, aferak esparru pribatua du sorburu, baina publikoari eragiten dio. Esparruen arteko bereizketa zurrunak eragiten al du ezagunago ez izatea mugarri hori?

Bai. Azken finean, protagonistak emakumeak ziren. Haien seme-alabekin hitz egitean ikusi nuen haien ordez greba egindako aitak izan balira, harro egongo ziratekeela. Emakumeen istorioak hainbat arrazoirengatik izan dira isilduak, bai frankismoaren erruz, bai esparru pribatuan geratu direlako. Isiltasun pribatua da, baina hori beti dator gizartearen isiltasun publikotik.

Basaurikoak eragina izan zuen 1985eko abortuaren legean. Orain, feminismoa inoiz baino indartsuago dago, eta, halere, ez da ezaguna. Emakumeak izateagatik soilik?

Nik uste haiek hitz egin nahi ez izanak ere zerikusia izan duela. Nahiz eta feministak etengabe ari garen genealogia aldarrikatzen, batzuetan zaila izaten da gauzak izendatzea guretzat. Gainera, beheko klasekoak izateak ere eragin du, eta baita abortuak oraindik ere duen estigmak ere. Ondorioz, ez dugu istorio hori ezagutzen. Baina ez dugu historia ezagutzen, oro har.

Basauri erdian hamaika horiek omentzen dituen plaka bat dago, baina horrek ez du oroitzeko balio izan. Nola oroitu eraginkorki?

Ez dakit erantzuna. Uste dut polita izango litzatekeela autoritate batek, Basauriko alkateak, adibidez, esatea haiek egindakoa zer garrantzitsua izan den historian. Garrantzitsua izan liteke haiek gero ekitaldi publikoetan ere parte hartu nahi izateko. Plakek, eskulturek... maiz ez dute balio oroitzeko; kontrakoa ere gertatzen da: monumentuak bere kabuz oroitzen ditu, eta, beraz, guk ez ditugu zertan oroitu.

Memoria berreskuratuz joan behar al du belaunaldi bakoitzak?

Nire belaunaldia bilobena da. Beti esaten dute geu garela gertaera dramatikoen berreskuratze lanak egiten dituztenak: ez bigarren belaunaldia, baizik eta hirugarrena. Alde guztietan egin behar da lan hori, baina egia da belaunaldi bakoitzak bere genealogia aukeratzen duela.

Hirugarren belaunaldikoa izateagatik istorio horiek berreskuratzeko erantzukizuna duzula sentitzen duzu?

Ez dut inoiz sentitu nire erantzukizuna denik, baina egia da beti memoriari buruz aritu naizela, bai podcast honetan, bai liburuetan... Emozionalki zein intelektualki, gehien mugitzen nauen arloa da iragana, eta harekin zer egiten dugun.

Aurtengo Ondas sarietan aipamena jaso zuen De esto no se habla-k. Zerk egiten du berezi?

Haiek horrela arrazoitu zuten: «Istorio bat handi eginez liluratzeko ahalmenagatik». Eta, niretzat, hori da podcastaren funtsa. Uste dut istorio handiak kontatzeko txikietatik hasi behar dugula, eta hauek garrantzitsuak direla.

Formatuak ere badu zerikusirik.

Podcasta genero intimoa da: ahotsaren eta entzulearen artean intimitatezko harreman bat sortzen da, eta istorio txikiak oso ondo moldatzen dira euskarri honetara. Saio bakoitzerako, hilabeteak behar ditugu: hilabeteak, ikertzeko, gidoiak egiteko eta ekoizteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. ©Lurrama Elkartea

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Berria

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

Hainbat lagun hegazti migratzaileei behatzen, atzo, Lizarietako lepoan, Saran. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txorien bidaia, largabistekin

Oihana Teyseyre Koskarat

Agorrilaren erditsutik hasiak dira hegaztien migrazio mugimenduak. Horiek zaintzeko lanetan ari da CPAL elkartea, Saran, Lizarietako lepotik begira.

 ©JON URBE / FOKU

«Sentiberatasunak egon behar du beti argazkien atzean; funtsezkoa da»

Jakes Goikoetxea

Ohiko sinadura izan da Euskal Herriko hainbat egunkaritako argazkietan. Urteek hezitako eta zaildutako begirada bat. Egoera eta aldaketa askoren lekuko zuzena izan da, lekuko deserosoa sarritan. Argazkilaritza utzi du; argazkigintza ez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Igartua Aristondo

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.