ATZEKOZ AURRERA. Marta Plaza. Aktibista

«Eromena beste era batez aditu behar da»

Osasun mentaleko arazoek daukaten dimentsio sozialari begiratzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Plazak, eta unitate psikiatrikoetan gertatzen diren «giza eskubideen urraketak» salatu ditu.

MARTA PLAZA.
jone arruabarrena
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Nerabezarotik, osasun mentalean izan dituen arazoen ondorioz hainbat aldiz sartu izan da unitate psikiatrikoetan Marta Plaza (Madril, 1980), eta 2015. urtean buruko gaixotasunak dituztenei ematen zaien tratua salatzeko zoroen aktibismoan parte hartzen hasi zen. Gasteizko Emakumeen Etxean izango da gaur 19:00etan, Eromena, elkarrekiko babesa eta feminismoak: aliantza iraultzaileak gure zaurgarritasunetik abiatuta hitzaldian.

Zer aldarrikatzen duzue «zoroen aktibismotik»?

Beharrezkoa dela psikiatrian egunero gertatzen diren giza eskubideen urraketak salatzea, eta zaintza zein konpainiari ematen zaion esanahia erradikalki aldatuko duen kultura bat eraikitzea. Ezinbestekoa da eromena eta sufrimendu psikikoa beste modu batean ulertzea, eta fokua baldintza material zein afektiboetan, ingurunean eta bizitzako ibilbidean jartzea, neurotransmisoreetan baino lehenago.

Nolako tratua ematen zaie unitate psikiatrikoetako pazienteei?

Oso txarra. Hau ez dugu guk bakarrik esaten: tortura eta tratu txarren aurkako NBEko kontalariak ere bere txostenetan salatu izan du.

Zergatik diozue tratua txarra dela?

Ez digute pazienteoi entzuten, eta gure ordez erabakitzen dute zer behar dugun. Gure tratamendu farmakologikoei buruzko informazioa ezkutatzen digute, eta botikak emateko baimena ez digute helarazten. Horri uhalen erabilera gehitu behar zaio, eta baita, besteak beste, elektroshocken erabilera ere, jada erabiltzen ez den ustea zabaldu bada ere gizartean.

Kasu bakanak dira edo egiturazko arazo bat da?

Badaude arazo hori aldatzeko saiakerak egiten dituzten profesionalak, baina egitura gisa, sistema psikiatrikoak tratu txarrak eta botere gehiegikeria erabiltzen ditu.

Zeintzuk dira eromenaren mugak?

Eromena, bere horretan, ez da ezer «bestearen» posizio horretan kokatuko gaituen eraikuntza sozial eta kulturalik gabe. Arau nagusitik irteten dena patologizatu eta zalantzan jartzen da askotan. Gainera, muga horiek aldatu egiten dira gizartea aldatzen den heinean: gaur egun badirudi homosexualitatea etiketa psikiatriko bat izateak ez daukala zentzurik, eta, beraz, psikiatriako eskuliburuetatik atera egin dute. Eskuliburu horiek, era berean, farmazia industriak erabat baldintzatzen dituzte.

Nola hautematen ditu gizarteak osasun mentalarekin arazoak dituzten pertsonak?

Zoro arriskutsuen ideia zabaltzen jarraitzen dute hedabideek eta estigmaren aurkako kanpainek ere.

Zein da gizarteak eduki beharko lukeen jarrera?

Nire aburuz, gutako edozeinek zailtasun handiagoak dituenean, gure komunitateen babes handiagoa beharko du: aktiboki entzun gaitzaten, zaintza sareak sortu... Beraz, alde batetik, gure ingurukoenganako arreta mantendu behar dugu, eta, bestalde, zapalduak diren kolektibo horien bozgorailu izaten saiatu, eta guztion behar materialak aseko dituen sistema publiko bat aldarrikatu.

Zer-nolako behar materialak?

Baldintza materialak jarri behar dira jomugan: prekaritatea, ustiapena, egiturazko bortizkeria... baita deserriratzeak edo espoliazioak dakartzaten gerrak ere. Horiek dira sufrimendu psikiko eta eromenaren erantzule nagusiak.

Zer rol dauka generoak auzi honetan?

Generoak erabat baldintzatzen ditu pairatzen ditugun hainbat bortizkeria egoera, eta, generoaren ondorioz, guztiz partzialak diren diagnostikoak jasotzen ditugu. Baina gure artean saretzeko orduan ere eragin nabarmena dauka. Nire ustez, feminismoaren barnean ere lan handia dago egiteko aktibismo zoro feminista bat babesteko bidean.

Pandemiaren ondorioz, osasun mentalari arreta handiagoa eskaini zaio. Zeintzuk dira alde onak?

Alde batetik, konturatu gara bakartzeak kalte egiten diola osasun mentalari. Beraz, logikoa da pentsatzea pazienteak unitate psikiatrikoetan bakartzeak ere ez diela ondo egingo. Bestalde, pandemiak osasun mentalean arazoak eragin ditzakeela ondorioztatu badugu, horrek argi erakusten du arazo horiek zerikusi zuzena daukatela gure bizi baldintzekin eta gure bizipenekin. Ahalegin handiagoa egiten da gaixotasunei analisien bidez aurrea hartzen, guztioi baldintza material duinak ziurtatzen baino.

Nola eragin die pandemiak arazo mentalak dituzten pertsonei?

Gutako asko hilabete luzez giltzapetuta egon gara psikiatria unitateetan. Beraz, etxean hilabete batzuk konfinatuta egoteak ospitaleetan izan ez dugun askatasuna ematen digu. Esan dezakegu, alde horretatik, egoera hobeto kudeatzeko tresnak izan ditugula, laguntza eskatzera ere ohituago gaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.