ATZEKOZ AURRERA. Jesus Rocandio. Argazkilaria

«Nekazaritza mundua industrializatzen ari dira pinu eta eukaliptoekin»

Rocandioren 'Universo Bosque' erakusketa larunbatera arte egongo da ikusgai, Elgoibarren. Azken hiru urteetako argazkiekin osatu du bilduma, eta baso primarioen inguruan kontzientziatzea du helburu.

JESUS ROCANDIO.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Duela 38 urte hasi zen irudia lantzen Jesus Rocandio argazkilaria (Logroño, Espainia, 1958). Egun, Universo Bosque proiektuko zuzendaria da, eta, argazkien bitartez, herritarrak baso primarioen inguruan kontzientziatzea lortu nahi du. Izan ere, zazpi baso primario baino ez dira geratzen munduan, eta horiek ere galtzeko arriskuan daude. Azken hiru urteetan egindako argazkiek osatzen dute bilduma, eta larunbatera arte egongo da ikusgai Elgoibarko kultur etxean (Gipuzkoa).

Universo Bosque proiektu kolektibo bat da. Nola egiten duzue?

Naturaleza izeneko lanari esker jarri genuen martxan Universo Bosque proiektua. Bertan, ingurumenarekin kezkatuta geunden zenbaitprofesional elkartu ginen, eta, ordutik, asko eta asko dira proiektuarekin bat egin dutenak: botanikariak, zientzialariak... Herritarrek baso primarioen inguruan kontzientzia hartzea lortu nahi dugu. Izan ere, globalizazioaren ondorioz, desagertzeko zorian daude, eta funtsezkoa da horiek zaintzea.

Halako egitasmoetan, sarri mezuan edo aldarrikapenetan jartzen da indarra. Zuek, ordea, argazkilaritza erabiltzea erabaki duzue. Zer ekarpen egin dezake?

Balio zientifikoa erabiliz gero, herritarrengandik aldentzen ginela iruditu zitzaigun. Izan ere, gure asmoa edertasuna erabiliz jendea hunkitzea da, sentsazioak sortzea eta barrenak mugitzea. Irudiak zirraragarriak dira, oso tamaina handikoak, eta, ondorioz, jendeak, erakusketa aretoan sartzerakoan, basoan bertan dagoela sentituko du.

Argazkiak ateratzeko modua giza ikusmenaren parametroetara egokitu duzue. Nolatan?

Tamaina handiko argazki kamerei esker, zehaztasun ugari ikusteko aukera dago: intsektuak, zuhaitzen adarrak, hostoak... Ondorioz, ikusleak baso horietan dagoen aberastasuna ikusteko aukera du, bertan egongo balitz bezala. Irudien bitartez, errealitate hori bertatik bertara erakutsi nahi dugu, gertatzen ari den horren irudikapen grafikoa delako erakusketa.

Baso primarioei buruz hitz egitean, askotan, Amazonas dator burura, munduko birika. Baina denek al dute mehatxu bera?

Bai, noski. Baso primarioak esan nahi duena da gizakiak inoiz ustiatu gabeko lurra dela. Hala ere, gaur egungo egoera nahiko larria da, eta denek dute galtzeko arrisku berbera. Horrela jarraituz gero, 15 edo 20 urte barru ez da halako basorik geratuko, eta, ondorioz, ezinbestekoa da aldaketak egiten hastea.

Egun, zazpi baso primario baino ez dira geratzen munduan. Zer egin daiteke horiek ez desagertzeko?

Erantzukizunik handiena gobernuburuek dutela esango nuke. Hala ere, gutako bakoitza ohiturak aldatzen hasiz gero, egoerak hobera egin dezake. Azken finean, klima aldaketa guztion ardura da, eta kontzientzia ekologiko handiagoa behar dugu; hau da, denok egin behar dugu ahalegina hori ekiditeko.

Zer iritzi duzu pinu eta eukalipto basoen inguruan?

Lehenengo eta behin, nik ez nioke baso deituko plantazio industrial bati. Basoaren ezaugarri nagusienetako bat biodibertsitatea da, eta, hain justu ere, hori da eukalipto eta pinu basoetan ez dagoena. Ikuspuntu ekologikotik begiratuta, akats bat da era horretako basoak landatzea. Nekazaritza mundua industrializatzen ari dira, eta, horren ondorioz, lurrak lehortzen ari dira.

Argazkien sortze prozesuari dagokionez, zailtasunen bat izan duzue?

Pandemiaren ondorioz, etenaldi bat egin behar izan dugu. Oraintxe bertan, kasurako, Siberian [Asia] egon beharko ginateke, baina egoerak hobera egin arte itxarotea erabaki dugu, lasaitasunez lan egin ahal izateko. Zazpi baso primariotik lau bisitatu ditugu; hortaz, hiru geratzen zaizkigu oraindik. Ikusi beharko da gaitzak zein norabide hartzen duen.

Gaur egun, edonork du argazki kamera bat, gutxienez, sakelakoan.Argazkilarien lanaren balioa txikitzen ari dela iruditzen zaizu?

Sentsazio bikoitza da. Alde batetik, egia da sare sozialen eraginez jendea etengabe ari dela edozeri argazkiak ateratzen; baina, bestetik, konturatu naiz jendea gai dela argazki on batek duen balioa ikusteko. Izan ere, argazki on bat ez da botoia sakatzea bakarrik; aurretik, faktore asko izan behar dira kontuan: argiztapena, sakonera, ikuspuntua...

Zuri zer eskaintzen dizu argazkilaritzak?

Niri argazkilaritzak talaia bat ematen dit, bizitza altuera batetik ikusteko aukera. Horrez gainera, zorte handia da gustatzen zaizun horretan lan egiteko aukera izatea. Oso eskertuta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.