ATZEKOZ AURRERA. Iker Bengotxea eta Izaskun Zurutuza. Artistak

«Gure lanak ez luke bete behar beste batzuek egiten ez dutena»

Bikoizlea, abeslaria eta soinu teknikaria bata. Kantaria, irakaslea eta opera itzultzailea bestea. 'Euskal covers' izeneko kanala du artista bikoteak Youtuben, eta filmetako abestiak euskaratzen dituzte.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Musikak eta hizkuntzek batzen dituzte Iker Bengotxea (Iruñea, 1978) eta Izaskun Zurutuza artistak (Donostia, 1977). Bakoitzak bere arlotik ekarpena eginez, Youtubeko Euskal covers kanala sortu dute. Kantuak, itzulpena eta bikoizketa lotzen dira haien lanetan.

Lehenengo bertsioa, Shawn Mendesen abesti bat. Fanak zarete?

IKER BENGOTXEA: Egia esan, ez, kar-kar. Duela lau bat urte izan zen hori. Atzean bazegoen asmoa irratiren bati proiektua aurkeztu eta kolaborazioren bat egiteko. Irratietan entzuten diren kantak entzun, euskaratu eta zabaldu. Horregatik aukeratu nuen hori, garai hartan irratian asko entzuten zelako.

Hurrena Frozen filmeko kantu bat etorri zen, eta arrakasta handia izan zuen.

IZASKUN ZURUTUZA: Bai, ni asko harritu ninduen. Berez, ez zuen inolako helbururik. Konfinamenduan geunden, ni gaixo nengoen, eta burua beste gauza batean jarri ahal izateko sortu zen proiektua. Ikerrek egin zuen itzulpena hasieran, niri ezer esan gabe. Eta egun batean muturren aurrean jarri zidan. Horrela hasi zen.

BENGOTXEA : Bestalde, kanta hori lotu genuen egun bikoiztaileok bizi dugun egoerarekin. Euskarazko bikoizketarik apenas dagoen, eta abestian bazegoen zeharkako aldarrikapen bat: zergatik ez dute entzungo haurrek Frozen-eko Elsa euskaraz hitz egiten?

Eta jarraitu duzue Disneyko abestiak euskarara ekartzen.

ZURUTUZA: Ni oso Disney zalea naiz, eta sekulako ilusioa egiten zidan. Txikitan, neure buruari galdetzen nion ea nork jartzen zien ahotsa, eta zein polita izango zen hori egitea. Eta kasualitatez, bizitzak bikoizle baten ondoan jarri ninduen. Kar-kar .

Bikoizlariak, abeslariak eta artistak zarete. Denbora-pasa izateaz gain, ogibidea ere baduzue.

BENGOTXEA : Bueno, ni bikoiztaile euskaldunen elkarteko kidea naiz, eta, gaur egun, Bieuseko kideak lanuztean gaude aspalditik. Nik ez dut gogoratzen ere noiz izan zen nire azken bikoizketa. Zinemaldirako film batean, iaz. Nik bestelako grabaketak egiten ditut. Ez gara soilik honetaz bizi, gaur egun ezin da eta. Izaskun kantu irakaslea da, eta ni kultur kudeatzailea, baina gure ogibidea dela esango genuke.

ZURUTUZA: Ni kantu irakaslea naiz; ahotsarekin egiten dut lan. Haurren abesbatzak zuzentzen ibiltzen naiz, eta operen azpitituluak ere egiten ditut.

Euskarazko bikoizketa sektorea larri dabil aspaldian. Non dago arazoa?

BENGOTXEA : Bi gauza egongo lirateke. Bata, zenbat produktu bikoiztu behar diren erabaki dezaketen horiek gaur egun erabaki dutela urtean oso gutxi bikoiztea. Bestea litzateke zer baldintzetan egiten den lan. Duintasun ekonomikoa. Gaur egun, estudio bakar batean egiten dira bikoizketak, eta erabaki zuten tarifak jaistea. Gehiago bikoiztuko balitz baldintza horietan, gu ere ez ginateke joango.

Lan duina eta kalitatezkoa.

BENGOTXEA: Orain Pantailak Euskaraz mugimendua sortu da, eta lagunekin beti esaten dut: pantailak euskaraz bai, baina zer preziotan? Gauzak kalitatez eta maila onean egin behar dira.

ZURUTUZA: Nik haurrekin egiten dut lan, eta kuriosoa da haiek konturatu egiten direla abestiak zein gaizki dauden. Nirekin abestu egiten dute, eta asko fijatzen dira horretan. Esaten dute: a zer-nolako desafinazioa, baina nola liteke telebistan horrelakoak entzutea?

Pantailak Euskaraz mugimendua sortu da, eta gizartea erantzun bat ematen ari dela dirudi.

BENGOTXEA: Azkeneko urte eta erdian lortu da arazoa gizarteratzea. Bada dagoeneko lorpen bat. Agian ez da gizarteak nahi duena, baina mahai gainean jarri da behintzat.

Disney Plusek 25 film ditu katalanez. Bada aldea.

ZURUTUZA: Bai, nire galdera da zergatik. Zergatik lortu duten toki batzuetan eta beste batzuetan ez.

BENGOTXEA: Agian planifikazio txarra da. Zinema Euskaraz-eko filmak egiten dira, eta gero hor geratzen dira. Zergatik ez dira halako plataformetan sartzen? EITBn egon diren edukiekin ere antzeko gertatzen da. Entzun izan dut galdu omen direla bere garaian bikoiztutako hainbat material.

Zuenaren gisako proiektuei esker jasotzen dute haurrek eskaintza.

BENGOTXEA: Bai, baina ez litzateke modua hori izan behar. Badira bestelako youtuber batzuk ere euskarazko edukiak egiten dituztenak. Guk hau egin dezakegu gustuko dugulako, baina ez luke bete behar beste batzuek egiten ez dutena.

Pentsatu duzue dagoeneko hurrengo abestian?

ZURUTUZA: Pentsatu, ez. Baina nik baditut bizpahiru buruan bueltaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.