ATZEKOZ AURRERA. Ines Medina. Artista

«Lotura koherentea da psikoanalisiarekin, artearekin eta nirekin»

Arteak zertarako balio ote zuen galdezka aritu zen Medina ikaslea zela, eta ondorioztatu zuen ezagutza tresna bat zela. Hortik tiraka, erabaki zuen psikoanalisia eta artea uztartzea, besteak beste sentsazioak landuz.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Intereseko zituen bi arlo hartu, eta metodologia psikoanalitikoa artearekin uztartu du Ines Medina artistak (Caceres, Espainia, 1950) Desberdintasunaren eta genero-indarkeriaren gaineko ikerketa-prozesu psikoanalitiko plastikoa erakusketan. Guztira, lau seriek osatzen dute lana, eta haietako bakoitzean ideia bat lantzen da. Gasteizko Alde Zaharreko ur biltegian dago ikusgai, irailaren 5era arte.

Ikerketa bat al da erakusketa?

Izenburuan bertan jasotzen da. Batzuek luzeegia dela diote, baina, niretzat, laburra da; hausnartutako sintesi bat, errealitate bat. Beraz, prozesu bat da, baina baita ikerketabat ere, 2007an hasia. Lehenengo seriea diruz lagundu zuen Emakundek, eta besteak nire baliabideekin egin ditut. Baina sorkuntza hau egiteko erabakia aspalditik dator.

Noiztik?

1978an jada erakusketak egiten ari nintzen. Gazte-gaztetatik psikologia eta filosofia arloak izan ditut gustuko irakurgaiak, eta baita zientzia pixka bat ere, nahiz eta gutxiago ulertu. Interesgune horiek beti egon dira hor, eta, bestalde, artearekin nuen ibilbidea dago; arte ederrak ikasi nituen, eta hirugarren mailan hasi nintzen ikertzen ea arteak zertarako balio duen, ea artisten motibazioak zeintzuk diren.

Zer ondorio atera zenuen?

Ondorioztatu nuen artearekin konpromiso handiena zuten artistek artea ezagutza tresna gisa erabiltzen zutela, eta, beraz, egin ditudan urrats guztiak ideia horri jarraika egin ditut, arteari eta psikoanalisiari lotuta.

Lehen kolpe batean, bi arlo ezberdin dira.

Egin nuen arte plastiko guztiaren ikerketa formala, eta, ezagutu nuen, baina, aldi berean, iritsi nintzen psikoanalisira ere irakurketekin. Esaten ez banuen ere, laster hasi nintzen metodologia psikoanalitikoa sorkuntzetan erabiltzen, baina oraingoan azaleratu egin dut lehen aldiz.

Noiz izan zen hori?

Plastika ezagutu nuen, eta, gerora, teknologia, 1980ko hamarkadaren hasieran, Ameriketako Estatu Batuetan. Hala ere, beharra sentitu nuen marraztera eta margotzera itzultzeko. Dorre bikiena gertatu zenean ere han nengoen, eta orduan hasi ziren gaizkiaren inguruko zenbait koadro egiten; bada, kontzeptu horretatik tiraka hasi nintzen, oso neurezkoa nuen zerbait ikertu nahian: emakume izateagatik jasaten dugun desberdintasuna eta indarkeria. Euskal Herrira itzuli nintzen, erakusketa bat baineukan 1978tik 2006ra egindako hemezortzi lanekin, eta aprobetxatu nuen Emakunderekin hitz egiteko nire asmoen inguruan. Orduan ekin nion erakusketa honetako lehen seriea osatzeari, eta estudio bat ere hartu nuen Zamudion [Bizkaia].

Badirudi ziur zeundela zer landu nahi zenuen.

Erabatekoa zen motibazioa, eta, gainera, metodologia psikoanalitikoaren hautua naturala izan zen niretzat, urteetan landu baitut. Beraz, nolabait, artearen, psikoanalisiaren eta neure buruaren arteko harreman koherentea egin dut. Hein batean, psikoanalisiaren eta artearen arteko sinbiosi bat egin nuen, azaltzeko konplexua bada ere. Lehenik, prozesuan, sentsazioak, sentimenduak eta intuizioak daude; gero, ezagutza dator, eta baita lantzen ari den gaia ebazteko modua ere, niretzat oso garrantzitsua dena.

Pauso horiek ematen dituzu egunerokoan?

Irudiaren eta nire artean interakzioa egon behar da, sentsazioekin eta sentimenduekin. Idazten hasten naiz gehienetan, eta ezabatzen; hortik atera daitezke kurbak eta lerroak, eta pixkanaka irudiak agertzen dira, serieetan ere sartuak. Sentsazioetatik sentimenduak agertzen dira, eta mihisean egiten ditut horren ostean lanak, handiagoak eta zutik. Gerora planteatzen dut nire ikuspuntutik zer izan daitezkeen emozioak, eta seriea ixten dut.

Kasu honetan, lau serie aurkeztu dituzu.

Lehenak amaren eta alabaren arteko harremana lantzen du, eta, hori jorratzean, berriro ere ohartu nintzen emakumeok balio gutxi ematen diegula geure buruari eta geure izateko erei; beraz, bigarren serieak —nire ibilbideko hogeigarrenak— benetan inguratzen gaituzten balioei balioa ematea du helburu, hala nola askatasunez hautatzeko aukera izateari. Pertsonalki, deseraikitze bat egin nahi izan dut, eta jakin zer aukera ditudan garatzeko. Hirugarrenean, emakumeak gutxietsi izana izan dut hizpide, ikuspuntu ezberdinetatik, besteak beste lanbideetan; azkenik, eta hasierako gaizkiaren ideiatik abiatuta, nartzisista maltzurraren gaia otu zitzaidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.