ATZEKOZ AURRERA. Xabier Castrillon. Liburuaren egilea

«Datuei esker, zenbait iritzi eta gogoeta ulertzea lortu dut»

Xabier Castrillonek iazko arraun denboraldiko estatistikak, gogoetak eta kronikak tartekatu ditu '2020ko Denboraldia: Estropadak Etxetik' liburuan. Beste garai batzuetako estropadak ere landu ditu.

GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Hernani
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
2020ko arraun denboraldiko sailkapenek eta estatistikek pisu handia dute Xabier Castrillonen (Miranda Ebro, Burgos, 1955) bosgarren liburuan. Egilearen eta beste protagonista batzuen hausnarketek ere badute tartea 2020ko Denboraldia: Estropadak Etxetik-en. Baita hainbat garaitako estropada kronikek ere: besteak beste, BERRIAkoek. Argazkiek, estropada eremuen mapek eta Zakilixuten tirek ikusgarritasuna gehitzen diote.

Nolatan dago Miranda Ebroko bathain murgilduta estropaden munduan?

Nire familia guztia Miranda Ebrokoa da, eta ni ere han jaio nintzen, baina ordurako nire gurasoak Hondarribiko [Gipuzkoa] langile auzo batean bizi ziren. Arraunarekiko lotura oso gaztetatik izan dut. 8-9 urterekin arraunlariak agurtzera irteten ginen Hondarribiak Kontxako Bandera irabazten zuenean.

Denboraldi berezi bat bildu duzu azken lanean.

Bai, iazkoa urte berezia izan zen, pandemiagatik. Horregatik, ikertzen hasi nintzen ea antzeko egoerarik egon den. Horrela bururatu zitzaidan garai ezberdinetan estropadak nola kontatu dituzten aztertzea. Hainbat kronika bildu ditut: besteak beste, 1918an, gripe espainiarraren testuinguruan idatzitako bat eta Virgilioren Eneida obrako pasarte bat.

Beste berritasun bat ere gehitu diot: jabetu nintzen estropada eremuak ez nituela asko ezagutzen. Horregatik, mapak marraztu eta informazioa gehitzea otu zitzaidan. Norbaitek estropadaren aurretik herria ikusi nahi badu, erabilgarria izan dakiokela uste dut.

Izenburuak dioen moduan, iazko estropadak etxetik ikusi al zenituen?

Bai, Donamarian [Nafarroa] bizi naiz orain, eta bertatik ikusi nituen estropadak, Internet eta telebista bidez. Horregatik eta beste jende asko ere egoera berean egon delako jarri diot izenburu hori [Estropadak Etxetik]. Gainontzeko denboraldietan bai, estropada gehienetara joaten saiatzen naiz.

Zer dela eta hasi zinen liburuekin?

2015ean Hondarribiak oso emaitza onak eskuratu zituen. Gainera, nire semea bertan zebilen arraunlari gisa. Pentsatu nuen polita izango zela denboraldia islatzen zuen kronika txiki bat egitea. Ez neukan esperientziarik; zerbait berria izan zen niretzat. Zapore gazi-gozoarekin geratu nintzen. Horregatik, bi urte geroago, liga hasi zenetik [2003] 2017ko denboraldira bitarteko estropada kroniken liburu bat osatu nuen. Gerora, beste hiru argitaratu ditut.

Azken liburu hau ez duzu salmentan jarri, eta edonoren eskura dago Interneten.

Beti oso tirada txikiak argitaratu ditut. Lehenengoan, Hondarribiko Arraun Elkarteak kopuru bat erosi zuen klubeko kideen artean saltzeko. Bigarrena Hondarribiko liburu denda batean jarri nuen salgai, baina oso ale gutxi saldu nituen. Hurrengo hirurak ez ditut salgai jarri. Aurtengoaren 100 ale inprimatu ditut, baina guztiak opari emateko.

Booktegi online plataforman ere badaude, eta edonork doan deskarga ditzake. Ez dut dirurik jasotzen. Gustura egiten dut, eta ez dit axola diru kopuru bat liburuetan gastatzeak.

Hainbeste datu biltzeko, denbora asko beharko duzu, ezta?

Bai, denbora asko eskaini diet liburuei. Nik egiten dut gehiena: hasi datuak biltzetik eta diseinua, maketazioa eta banaketaraino. Laguntza ere izan dut, testu batzuk itzultzeko adibidez. Oso eskertuta nago.

Estatistikak biltzeak denbora asko eskatzen du, eta oso aspergarria da; gogoetak eta argazkiak aukeratzen, berriz, asko disfrutatu dut. Liburuan, datuak eta hausnarketa pertsonalak tartekatzen saiatu naiz. Datuei esker, zenbait iritzi eta gogoeta ulertzea lortu dut. Jendeak askotan modu subjektiboan hitz egiten du, baina estatistikak hor daude. Horregatik, datuak biltzea lan aspergarria izan arren, oinarri ona da norbere hausnarketak eraikitzeko.

2021eko denboraldiaren inguruko libururik argitaratuko duzu?

Ez, 2020koa azkena izango da. Horregatik, zerbait berezia egin nahi izan dut.

Liburu guztiak euskaraz argitaratu dituzu.

Bai, hori garbi neukan. Lan hau arraun munduan dabilen edonorentzako ekarpen bat da, eta ekarpen bat gazteleraz, zertarako? Euskararekin egiten ari diren gauzak ikusita... Gure hizkuntza baloratu nahi nuen.

Berandu hasi nintzen euskara ikasten, eta maila baxua dut. Euskaldun gutxi zeuden langile auzo batean bizi nintzen, eta diktadura garaiak ziren. Gogoetak idazten ditudanean hainbat zailtasun izaten ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.