ATZEKOZ AURRERA. Gala Knorr. Artista

«Nire lanek ikuspegi satirikoa izan ohi dute, eta kontzientzia soziala»

Zientzia politikoak ikasten hasi zen Knorr, baina, handik urtebetera, arte ederrei ekin zien. Hala ere, argi du lehen urtea garrantzitsua izan zela oinarri bat zehazteko lanari: artea egiten du, umore eta politika ukituarekin.

GALA KNÖRR.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Politika, umorea eta pop kultura: Gala Knorr artistak (Gasteiz, 1984) hiru puntu horiek uztartu ditu How to make friends and influence people (Nola egin lagunak eta jendearengan eragin) erakusketan, memeak hizpide hartuta eta molde ezberdinetan jarrita. Joan den astean inauguratu zuen lana, eta irailaren 12ra arte egongo da ikusgai Gasteizko Montehermoso zentroan.

Bi liburu izan dituzu lanaren abiapuntu.

Konfinamenduan planteatu nuen proiektua, eta bai, bi liburu daude oinarrian. Dale Carnegieren autolaguntzarako liburu bat dago lehenik, eta erakusten du nola kudeatu egoerak zure onerako, nola eduki ibilbide arrakastatsu bat. Bestetik, Lenny Bruce komiko estatubatuarraren memoriak daude, eta erakusten du ahohandi bat izaten. Hura horrelakoa izan zen, eta lortu zuen 1960ko hamarkadako telebista saio arrakastatsuetan erabat erradikaltzat jotzen ziren gaiez hitz egitea, hala nola segregazioari, homofobiari eta arrazakeriari buruz. Eta guztia umoretik egiten zuen.

Zure inspirazio iturri izan al ziren?

Bai, eta horrek gogorarazten zidan gure garaiko memeen izaera. Guk geure egiten ditugun irudiak dira, lehendik ere bazeudenak, baina bakoitzak esanahi bat gehitu diezaioke hizkuntzaren, testuen edo bestelako alterazioen bidez. Horien esanahia asko alda daiteke pertsona batetik bestera, eta geruza ugari izan ditzake. Hori nuen intereseko: ea nola ulertzen diren gauzak.

Beraz, nola antolatu duzu erakusketa?

Bi bideo pieza daude. War Paint da lehena: soldadu bat ageri da aurpegia margotzen, baina ez kamuflajeko koloreekin, baizik eta zuriz eta beltzez, Kiss rock musika taldeko kideen eran. Horrez gainera, Alodoxafobia izeneko bideo bat ere badago. Horren esanahia iritzien beldur izatea da, eta bi urte behar izan ditut egiteko, brexit-aren aurkako bi manifestazio erabili baititut islatzeko. Zehazki, mobilizazio horietako kartelak ekarri ditut memeetara. Azkenik, badaude beste pieza batzuk ere, hala nola Donald Trumpek erabiltzen zuen bisera gorria.

Goi kargudun gehiago ere ageri dira erakusketan.

Birusaren ondorioz, kultur zentroak itxita egon ziren, eta artistentzako geldialdi kultural bat egon zen. Pertsonalki, Generacion 2020 izeneko sari bat irabazi nuen, Madrilen, baina ikusi nuen bat-batean nire obra ezin zela erakutsi, ez zegoela artistak publikoarekin izan zezakeen konexio hori. Beraz, erabaki nuen areto fisiko batean erakutsi ezin zitekeen lan hori goi kargudunen bulegoetara eramatea, itxialdian une oro telebistan ikusten ari nintzen horienetara. Hor zeuden, besteak beste, Joe Biden eta Boris Johnson. Baina betiere umorea erabilita.

Umore zalea al zara?

Umorea bizirik irauteko mekanismorik onenetako bat da, eta baita konexio mekanismorik egokienetako bat ere. Gizakien arteko lotura da barrea, eta irria eragiten digun esperientzia umoretsu bat partekatzean, batu egiten gara. Hori da instalazioaren espiritua ere.

Eta umorea politikarekin uztartzen al duzu?

Zientzia politikoak ikasten hasi nintzen, eta gero pasatu nintzen arte ederretara, baina lehen urte horrek inspiratu ninduen mundua ulertzeko, eta lagundu zidan nire proiektuak nola sortzen ditudan eta artea nola ulertzen dudan jakiteko. Ez dut uste arte politikoa egiten dudanik, baina posizio kontziente batetik aritzen naiz. Artea dut adierazteko aukerarik onena.

Ez da gutxiagorako: azkenean, honaino iritsi zara.

Ez dago argibide libururik arte garaikideak ikastean; oso arbitrarioa da. Funtsezkoa da zure lanetan sinestea, lan gogor egitea eta pozik egongo zaren proiektuetan aritzea, eta baita publikoaren feedbacka izatea ere, autokritika egiteko balio baitu. Pertsonalki, urte asko egin ditut nazioartean, eta orain bost urte itzuli nintzen, bi bekari esker espazioa, denbora eta laguntza ekonomikoa izan baitut soilik sortzen egoteko. Orduan hasten zara zure lanean sinesten, eta Euskadin, gainera, asko zaintzen da kultura eta artista.

Nola definituko zenuke zure lana?

Nire lanek ikuspegi satiriko bat izan ohi dute, eta kontzientzia soziala. Baita lotura bat ere zalantzaz beteriko etorkizunarekin, eta horri aurre egiteko biziraupen mekanismoekin, betiere artea mota guztietako jendearekin konektatzeko erreminta gisa erabilita.

Lana etxean aurkeztu duzu. Berezia al da?

Sekulakoa, eta itzuli nintzenetik nahi izan dudana. Etxearekin konektatzeko era bat da, oso barnean daramadana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.