ATZEKOZ AURRERA. Toño Puerta. Taupadak GKEko kidea

«Musikak lanbidea eta herriaren nortasuna ematen die moxostarrei»

Toño Puerta Taupadak GKEko kide eta San Ignacio de Moxoseko Musika Eskolako zuzendari artistikoa da, eta eskola hartakoen zazpigarren diskoa aurkeztu du: 'Majara´iwa-Resplandor'.

JON URBE / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
Donostia
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Toño Puerta (Irun, Gipuzkoa) Taupadak GKEko kide eta San Ignacio de Moxoseko Musika Eskolako zuzendari artistikoak, 18 urte daramatza Boliviako Amazonia oihanean bizitzen. 1996an sortu zen Taupadak GKEa, eta helburu nagusia da Boliviako Amazoniako herri indigenen garapena bultzatzea eta haien duintasun aldarrikapen nagusiekin bat egitea.

Zer biltzen du diskoak?

Bi osagai mota sartzen ditugu beti: batetik, koloniaren garaiko jesuiten murrizketetatik salbatu diren artxiboetako piezak: mezak, sonatak, gabon kantak eta abar; eta, bestetik,Raquel Maldonado musika eskolako gure zuzendariaren konposizio batzuk landu ditugu: Meza eta beste bi pieza .

Zertarako erabiliko duzue diskoetatik bildutako dirua?

Nagusiki, musika eskola sostengatzeko erabiliko da dirua. Bertan 360 haur eta nerabek ikasten dute, eta dena dohainik izaten dute. Musika eskolan musika tresna desberdinak jotzen erakusten zaie: biolina, biola, bertako txirula, eta abar. Oso zaila egiten zaigu proiektua guk bakarrik eustea, baina, zorionez, 2016tik, Boliviako Hezkuntza Ministerioaren laguntza dugu, eta irakasle batzuk jada ordainduak dira.

Bestalde, diskoen salmentatik eta kontzertuetatik ateratzen dugun diruarekin, ekipamendua ordaintzen dugu: autobusak, hegazkina, aseguruak, PCR probak, irakasleak eta abar.

Zertan laguntzen die musikak hangoei?

Lehenik eta behin, musikak lanbide bat ematen die, eta, bigarrenik, herriaren nortasuna indartzen laguntzen die San Ignacio de Moxosekoei. Proiektu horrekin, aukera profesionala ematen diezu eta pertsona gisa trebatzen dituzu. Futbol talde batean entrenatzea bezala da. Futbolari profesional izatera gutxi iristen dira, baina diziplina, elkarbizitza eta lanerako ohiturak hartzen dituzte. Musikaren munduan gauza bera gertatzen da.

Aldaketa handiak egon dira herrian?

Aurrerapenak leku guztietara iristen dira. San Ignacion bizitzen hasi nintzenean zeuden baldintzak eta gaur egun ditugunak oso desberdinak dira: asfaltoak hiriburuarekin lotzen gaitu, telefonia mugikorra dugu, egun osoan argia, eta abar.

Hasieran, 06:00etatik 23:00etara argia izaten genuen sorgailuen bidez. Kontu horiek guztiak aldatuz eta hobetuz joan dira, pixkanaka. Horrez gain, mundu osoan gertatzen den bezala, landa eremutik hirietara joateko ohitura dago. Horregatik, komunitateetako bizi kalitatea ahalik eta hoberena izaten saiatzen gara, gazteak emigratzera beharturik egon ez daitezen.

Taupada fundazioarekin nola egiten duzu lan, hain urrun egonda?

Taupadak-en abantaila da harenordezkarietako bat han bertan lanean ari dela. Batzuetan, GKEek tokiko proiektuak jasotzen dituzte, etanoizean behin bidaiatuz kontrolatzen dituzte. Gure kasuan, hiru pertsona ditugu hemen Euskal Herrian: Fernando De la Hera presidentea, Gema Garmendia presidenteordea eta Maria Jose Lekuona diruzaina. Gaur egun, koordinazioa lehen baino askoz errazagoa da. Garai batean, zailagoa zen, han ez baitzegoen Internetik. Orain, berriz, Fernandorekin edozein egunetan eta ordutan izan dezaket harremana.

Zein egoeratan bizi zarete oraintxe bertan Bolivian?

Pandemia gogor jotzen ari da. Osasun sistema oso aldakorra da, eta txertoen etorrera motela da. Taupadak GKEa San Ignacio de Moxoseko osasun sistema indartzen saiatzen ari da, pandemiari aurre egiteko. Horretarako, arnasgailuak, oxigeno kontzentragailuak, tentsiometroak, botikak, PCR probak eta abar lortu ditugu. Bestalde, Boliviako jendearentzat elikagaiak biltzeko kanpaina bat egin genuen, eta lortutakoa halakoen beharra zuten familien artean banatu genuen.

Espero zenuten erantzuna ari da jasotzen diskoa?

Bai, egia esan, dendetan baino gehiago, Europako biretan saltzen da diskoa, batik. bat. Arazo bat dugu orain, CD euskarria jada ez baita lehen zena, eta, batez ere, gazteek ez baitute CDa ezertarako erabiltzen. Aldiz, zaharrago garenok, bildumazaletasunagatik-edo, edukitzea gustatzen zaigu. Horregatik, proiektua aurrera eramateko modua aldatu beharrean gaude.

Proiektu berririk baduzue buruan?

Urtero gauza berriak ditugu. Orain, eskola zabaltzen ari gara; hain zuzen ere, eskaria handia da eta barrutia txiki geratu zaigu. Horretarako, zorionez, Gipuzkoako ForuAldundiaren eta Gipuzkoako hainbat udalen laguntza dugu. Horrez gain, genero identitatearen sustatzaileak prestatzeko proiektua martxan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.