ATZEKOZ AURRERA. Beñat Etxebeste. Eko surf oholen egilea

«Asko gustatuko litzaidake honetatik bizitzea, baina zaila da»

Beñat Etxebeste proiektu berri batean murgildu da aurten: haur eta helduentzako eko paipo eta surf oholak egiten ditu, eskuz. Kortxoa eta egurra batuz sortzen ditu tamaina desberdinetako oholak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Pandemiak, bere alabaren jaiotzak eta surferako duen zaletasunak «indarra» eman dio Beñat Etxebesteri (Errenteria, Gipuzkoa, 1989) proiektu berri batean murgiltzeko.Eskuz eginiko surf oholak eta haurrentzako paipoak ekaintzenditu. Betiere, komertzio txikiarekin elkarlanean arituz. Pasioa eta lana batzen dituen proiektu horren emaitza da: Mara.

Zerk bultzatu zintuen proiektu honekin hastera?

Egia esan, nire alabak bultzatu ninduen proiektu honekin abiatzera. Beti egon da nire barruan eskulanak egiteko gogoa,eta surfarekin nolabait lotzeko egonezina. Nire alabaren jaiotzak barruko guztia mugitu eta indarra eman zidanideia horiek material bihurtzeko. Gero ere, konfinamenduak buruari eraginarazi zidan, eta aurrerapausoa ematea erabaki nuen. Duela sei hilabete hasi nintzen proiektuarekin, eta alabaren izena jarri diot.

Zuk bakarrik daramazu proiektua?

Bai, oraingoz bakarrik daramat proiektua. Baina, hala ere, irekia nago nire gustu eta gogo berberak dituen norbaitekin proiektua partekatzeko.Asko gustatuko litzaidake honetatik bizitzea, baina zaila da. Orain jabetzen naiz artisauek zenbaterainoko lana eta maitasuna jartzen dieten egiten dituzten lanei.

Zuk produzitzen dituzu surf oholak?

Bai, dena nik egiten dut. Hala ere, beharrezko dudan materiala komertzio txikietatik lortzen dut. Lezon (Gipuzkoa) bizi naiz, eta hemen bertan daukat egur zerratzaile bat. Hortaz, egurra berari eskatzen diot. Bestela ere, kortxoa eta ETS birziklatua erabiltzen dut.

ETS birziklatua goma-apar moduko material bat da, proiektuan erabilitako material ez-organiko bakarra. Egurrarekin soilik egin daitezke, baina, duen pisuarengatik, surfari kalte egiten dio. Horregatik, ETSa erabiltzen dut egurrarekin batera.

Zein da egurrezko oholak eta paipoak egitearen arrazoia?

Udaran, alabaren eta milaka haurren eskuetan plastiko toxikozeginiko paipoak ikusten ditut, eta material hobearekin egin zitezkeela pentsatzen jarri nintzen. Hori da egurrezko paipoak eta surf oholak egitearen arrazoietako bat. Gainera,ikusi nuenez ideia ona zela, sare sozialetan hasi nintzen zabaltzen eginda neuzkan lanak. Horrela, norbaiti oholak gustatzen bazaizkio, probatzeko eta erosteko aukera du.

Filosofia jakinik badu zure lanak?

Betidanik surfzalea izan naizenez, gaztetatik egin nahi izan ditut surfeko oholak. Baina, surfeko taula normalak egiteko, produktu toxikoak erabili behar dira, eta niri hori ezzait batere gustatzen. Ingurumenarekin konpromisoa dut:ama lurraama sinbolikoa da. Hori ez zaintzeak ez du zentzurik, etorkizun on bat nahi bada.

Dendetan saltzeko asmorik baduzu?

Guztira bederatzi pieza egin ditut, oraingoz. Dendetan ez dakit, bezeroarenganako hurbiltasuna handiagoa duen tratua eskaini nahiko nuke. Baina nire helburua saltzea da, azken finean. Proiektu hau enpresa bihurtzea da nire desira. Donostian lokala eduki eta hor dendatxoa edukitzea niretzat zoragarria izango litzateke.

Zer bezero motari zuzentzen diozu produktua?

Mundu guztiari zuzentzen natzaio. Orain proiektu honekin hasi naizela, eta horrez gain nire bizitzeko filosofiagatik, denei esango nieke produktu bat erosten duteneangaldetzeko ea nork, nola eta nondik datorren erosten duten hori. Gaur egun gauza merkeak egiten dira, eta ez dute ezer onik. Hobe da pixka bat garestiago izan arren gehiago iraungo duen produktu bat sortzea.

Denda fisikorik ba al duzu?

Ez, oraingoz gertuko jendeari ari naiz saltzen, Instagram bidez: @marasurfshape. Hasi berria naizenez, ez dut bezero askorik izan. Hala ere, oraingoz egin ditudan taula guztiak probatzeko moduan ditut, eta Instagram kontuaren bidez ezagutzera ematen ditut. Hemendik gutxira,Instagram profilean zozketa batjarriko dut martxan, eta lanetako bat zozketatuko dut.

Indonesian surfean ibili zara. Zer-nolako esperientzia izan da?

Izugarria izan zen. Surflari bakoitzak modu batera ala bestera bizitzen du momentua, baina niretzat oso berezia izan zen. Paradisua da; askotan, bizitzako arlo desberdinen inguruan pentsarazten dizu.

Lorezain zabiltza lanean. Loreak eta landareak zaintzea erraza al da?

Bai, erraza da. Niretzat pasioa surfeko oholak dira, baina, hala ere, gustura zauden tokietan lan egitea erraza egiten da. Azken finean, nire kasuan, loreak eta landareak zaintzen lan egiteak aukera ematen dit naturarekin kontaktuan egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.