ATZEKOZ AURRERA. Basilio Astulez. Leioa Kantika Koralaren zuzendaria

«Grabaketa izan da gure oasi bakarra»

Pandemiak entseguak eta ekitaldiak zaildu dizkie Astulezi eta berak zuzentzen duen koruari, baina atzerapenak, maskarak eta PCR probak gorabehera, aurrera jo eta CD bat kaleratuko dute urrian.

NACHO BALANCIN DE BLANCOS.
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
2000. urtean sortu zuen Basilio Astulezek (Gasteiz, 1975) Leioa Kantika Korala gazteen abesbatza. Askotariko bizipenak izan ditu koruarekin, baina pandemiak zailtasun eta muga berriak ekarri dizkie. Hala ere, egunotan lortu dute Granadan (Espainia) bira bat egitea, eta urrian CD bat argitaratuko dute: Like a Rainbow.

Zein estilo izango du lanak?

Bob Chilcotten izen bereko kantutik hartu dugu izenburua, diskoan kantu hori ere sartu dugulako. Argazkietan ortzadarra irudikatu dugu, izenburua eta taldearen arima eta estetika parekatzen saiatu garelako. Baina denetarik dago diskoan: egungo zenbait egileren errepertorioa, Amerikakoena eta Asiakoena... Orain dela urte batzuetatik hona, Singapur eta Malaysiako egile batzuen kantak abesten ditugu, eta horien aukeraketa bat egin dugu, eta Australiako musikari baten abestia ere sartu dugu. Baina, beti bezala, zenbait euskal egileren errepertorioa ere badugu, eta koruarentzat bereziki idatziak izan diren obrak eta moldaketak. Kaleidoskopio edo ortzadar bat bezalakoa da diskoa; gauza batzuk a cappella koruarentzat bakarrik, eta beste batzuk bai pianoarekin eta bai perkusioarekin.

Zelan daude gaur egun koruak? Zer egoera dute?

Oso gogorra. Azken urtean debekatuta egon da abestea hainbat hilabetez. Eskerrak gure taldeak Eusko Jaurlaritzaren ziurtagiri bat jaso zuen, eliteko orkestren parean jarri gaituena. Gure entseguak babestu ditu horrek. Urte osoan biltzen jarraitu ahal izan dugu; talde txikietan, denbora gutxiago egonda, maskararekin abesten... Granadako bira hau ere maskararekin egin behar dugu. Grabaketa maskara barik egiteko PCRak egin genituen guztiok, eta antigenoak, egunero. Grabaketa izan da gure oasi bakarra.

Zelakoa da maskararekin abestea?

Ez da erraza. Ez ditugu aurpegiak ikusten, eta ahotsaren proiekzioarentzat ez da egoerarik onena. Baina beste aukera bat da ez egitea, eta hori txarragoa da. Birako kontzertuak maskararekin egin behar izan ditugu. Uste dut datozen hilabeteetan ere oraindik mantendu beharko ditugula.

Gazteak ausartzen dira agian zaharragoak ausartzen ez diren estilo eta hizkuntza batzuekin?

Esango nuke baietz. Talde honek oso mentalitate irekia du. Gaur egungo musika garaikide «gogorraren» inguruan oso gogotsu ibiltzen dira, eta oso gaitasun politak dauzkate harmonia zailetan eta ahots askotan idatzita dauden errepertorioak defendatzeko, baina baita hizkuntza askotako musika eta musika herrikoia lantzeko ere.Koruak aurten 22 urte bete ditu, eta, partaideak joan eta etorri arren, arima bera mantendu du. Mentalitate hori zaintzen saiatu gara hasieratik. Orain dela hamabi urte ez dugu grabaketarik egin, eta bazen garaia. Taldea oso garai politean dago, nahiz eta pandemia urte hau oso zaila izan. Nik oso indartsu ikusten ditut, eta taldea ondo lotuta. Garai oso onean, teknikoki eta ahotsari dagokionez.

Pandemiaren ondorioz proiektu asko atzeratu behar izan dituzue?

Bai, bai. Joan den urtean Argentinara geneukan bidaia bertan behera geratu zen, eta Taiwanen izan behar ginen aurtengo udan, baina hori ere ezin izan dugu egin. Ea datorren urtean aukera dugun. Granadako bidaia hau da koruak urte eta erdian egin duen lehena. Joan zen denboraldian sei kontzertu eman genituen Euskadin, eta Logroñon beste bat, Errioxan. Hori izan zen gure agenda osoa. Orain gure asmoa da ahalik eta ekitaldi gehien berreskuratzea eta data gehiago lortzea. Granadako bira hau laugarren saiakeran lortu dugu, hirutan geratu delako bertan behera.

Zer ematen die abesbatzak gazteei?

Leioako Kantikan 11 urtetik gorako haur eta gazteekin ibiltzen gara, 51 kantari dauzkagu, eta nik beti sentitu izan dut koruak lehentasun handia daukala haientzat eta haien familientzat. Kantari asko hamar-hamabost urte aritzen dira gurekin kantatzen, eta bere bizitza kantuan igarotzen dute. Niretzat korua oso abentura polita da, eta talde baten partaide sentitzea, lagunekin bidaiatzea, grabaketak egitea eta orkestrekin kolaborazioak egitea oso esperientzia aberasgarria iruditzen zait. Eta esango nuke gaur egun inoiz baino gomendagarriagoa dela talde batekiko partaidetza sentitzea.

Disko osterako zein erronka dauzkazue?

Saiatuko gara agenda ahal den neurrian berreskuratzen. Azaro aldean, Zaragozan kontzertu bat daukagu; gero, Asturiasen beste bat; Getxoko Antzoki Berrian ere badugu beste bat, eta Gabonetako kontzertuak ere izango ditugu ondoren... Ilusio handia dut, diskoa zabaltzen hasteko fisikoki zein sareen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.