ATZEKOZ AURRERA. Alex Txikon. Mendizalea

«Gailu honek bizitzak salbatu ahalko ditu»

Mendian galdutako jendea topatzeko tresna bat da Elur Gaman. Hainbat espediziotan probatu du Txikonek, tartean Manasluko azkena. Dokumental bat egin dute asmakizunaz: 'La Montaña del Alma'.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Urte hasieran Manaslura (Nepal) egindako espedizioa berezia izan zen Alex Txikon mendizalearentzat (Lemoa, Bizkaia, 1981). Aurretik egin bezala, egitasmoa aprobetxatu zuten Elur Equipment enpresak sortutako Elur Gaman gailuarekin probak egiteko, eta orduko hartan esperientzia filmatzea erabaki zuten, proiektua azaltzeko: La Montaña del Alma izenburua du filmak —Arimaren mendia litzateke euskaraz, manaslu hitzak esanahi hori baitu nepaleraz—, eta autoekoizpena izan da.

Galdutako edo elur azpian harrapatutako jendea topatzeko tresna bat da Elur Gaman. 21 kilometroko eremu batean lokalizatzen ditu gorputzak —merkatuan daudenek 100 metro eskaintzen dituzte, sortzaileen arabera—, eta 1,5 kilometrokoan lur azpian daudenak. Beste esparru batzuetarako ere balioko luke, Txikonek dioenez: «Obretarako, adibidez. Balio du jakiteko zenbat langile dauden tunel barruan».

Nola sortu zen dokumentala?

Dokumentala sortzeko ideia izan zen, batez ere, erakustea non gauden momentu honetan Elurren. Lagun batek azaldu zidan unibertsitate ikasle batzuk proiektu interesgarri batekin ari zirela; Jonekin [Barredo], Asierrekin [Palacios] eta Junerekin [Saenz de Urturi] hitz egin nuen, eta harrituta geratu nintzen tresnaren ideiarekin; horregatik sartu nintzen Elurren. Argentinan, Pakistanen, Nepalen... egon gara probak egiten, urte batzuk pasatu dira jada hasi ginenetik. Orain, azkenengo fasean dago, baina lan asko egin behar da oraindik. Uste dut ekintzailetza pelikula bat dela.

Zein da zure egitekoa proiektuan?

Nik puntualki hartu dut parte. Nik bizimodua menditik ateratzen dut, espedizioetatik eta hitzaldietatik, eta satelite moduko bat naiz; behar nautenean, hor nago. Sentitzen dut bizitzak salbatu ahal izango dituen gailu bat dela, Euskal Herrian eginda egongo dena eta gazteei okurritutakoa: horrek ere motibatzen nau. Baina hau betiko kontua da: proiektua kaleratzen denean, dirua beharko da, markekin harremanetan jarri...

Tresna hedatzeari dagokionez, erantzukizuna ere sentitzen duzu zure irudia gailuarekin lotzean?

Ni apur bat ezaguna naizenez mendi mailan, antolatzen ditugun gauzek aukera dute jende gehiagorengana ailegatzeko. Nire erantzukizuna hori da: nire beharra dagoenean, marketin aldetik, adibidez, hor egotea. Ikusiko dugu zein den nire ibilbidea proiektuan, ea jo dezakegun hainbat bidetatik. Gaitasuna dago gauza ezberdin asko egiteko. Baina merkaturatzen denean, akats txikiena badu ere, akabo proiektua. Hobeto ondo ateratzea gauza konkretuekin, mila gauza eransteagatik hanka sartzea baino.

Ekintzailetza dokumental bat dela esan duzu, baina badu alde espiritualik ere, mendizaletasunaren inguruko gogoetarik?

Bai. Nik uste dut berez dugun sena, historiaurretik gaur egunera arte eduki izan duguna, galdu egin dugula zenbait esparrutan, gizarte erosoago batean bizi garelako. Aurrera goazen heinean, naturarekiko enpatia gutxitzen zaigu; gailua hemen dago eginda, eta saiatuko gara naturarekin dugun harremana eta gure ezagutza baliatzen, baina fin eta zuhur jokatuz, jendeari bizitza errazteko.

Teknologiaren garapenak eta halako baliabideek mendiko arriskuen beldurra kentzen dute?

Sarean informazio asko dagoenez, ezjakintasun handia ere sortzen da. Teknologiaren aplikazioa oso ondo datorkigu, baina intuizioarekin ere jokatu behar da. Ezin duzu gailu batean konfiantza osoa eduki. Espero ez duzunean gertatzen dira istripuak.

Teknologiak berekin ekar dezake istripuak gertatzeko arriskuari errespetu gutxiago edukitzea?

Jendea asko aldatu da. Lehen, gehiago prestatzen ziren; gaur egun, bizikleta bat erosten dugu, eta jada txirrindulariak gara. Dagoeneko denok dugu auto bat, bizikleta bat... Nire ustez, okerreko bidetik gabiltza zoriontasunaren bila. Zoriontasuna ez da auto on bat edukitzea, lan jakin bat edo lan gutxiago izatea, nik nahi dudana egitea... Gure eta ingurukoen maitasunean eta ongizatean dago.

Dokumentalean aipatzen da Lionel Terrayren Les Conquérants de l'inutile liburua (Alferrikako gauzen konkistatzaileak). Badago bideaz disfrutatzearen ideia, helmugaz bainoago.

Bost urtean hainbat saritxo jaso ditugu, baina ez guk espero genuena. Hala ere, bideaz asko gozatzen gabiltza. Mendiari esker leku askotan egon ahal izan gara.

Bestalde, eliteko kirolaria izateak helburuak ezartzen ditu. Nola kudeatzen dira horiek eta bideaz disfrutatzeko irizpidea?

Orain, txarrena da lasaiago egon nahi nukeela. Hain estu dagoen agendak tentsio puntu bat sortzen dit; ezin da kale egin. Tentsioa ondo dago, baina larregi ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.