ATZEKOZ AURRERA. Gervasio Sanchez. Kazetaria

«Ez dakartzat pertsonak niregana; haiek dauden tokietara joaten naiz»

Gaztetako ametsari jarraitu, eta gatazka guneetako kazetaria da egun Sanchez. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaio errealitateak bertatik bertara ezagutzea, baita tokian-tokian bizi diren pertsonen bizipenak ere.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Herrialde ezberdinetako errealitateen eta gatazken berri ematea du maite Gervasio Sanchez kazetariak (Kordoba, Espainia, 1959), eta oraindik ere horretan dihardu. Visiones saharauis erakusketa aurkeztu du Gasteizen, eta ikusgai egongo da urriaren 24ra arte, Montehermoso jauregian.

Nolako harrera izan du erakusketak?

Batez ere, erakusketa aurkezpena baino egun bat lehenagoko hitzaldiak izandako harrera aipatu nahiko nuke. Conflictos eternos izenpean eman nuen, eta izugarri harritu ninduen aretoa jendez gainezka egoteak. Uste dut garrantzitsua dela administrazioek horrelako hitzaldien, erakusketen eta hausnarketen alde egitea oraindik, batez ere gazteentzat.

Zergatik gazteei?

Ikasleak izan ohi dira, eta beren mundu pertsonalean murgildurik egoten dira; gutxitan izaten dute beren mugez haraindi pasatzen diren gauzei buruzko interesa. Halere, egoerak planteatzen dizkiezunean, hausnarketak egiten dituzte, eta beti dago parte hartzeko interes handia. Beraz, era horretako jarduera gehiago hartu beharko lituzkete ikasketa planek, mundu errealaz eta gertatzen ari denaz hitz egin dezaketen pertsonekin aritzeko, ikuspegi irekiagoa izateko.

Erakusketak horretan ere lagun dezake. Zer jasotzen da?

2016an Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara eta Fronte Polisarioak askatutako eremura egin nituen bi bidaietako lana jasotzen da. Nire asmoa eremu okupatuetako giza eskubideen urraketei buruzko lan bat egitea zen, baina, Marokok eremu horietan dituen murrizketa eta debeku iraunkorren ondorioz, ezin izan nuen gauzatu.

Zer islatzen da?

Kanpalekuetan, batez ere, bortxazko desagertzeen gaia landu nuen, baita pertsonen aurkako minen biktimena ere. Horrez gain, erasanak diren gizarteetako sektorerik ahulenen egoerak ere islatzen dira lanean, hala nola desgaitasun fisikoa, intelektuala edo bestelakoren bat duten haurrena.

Eta nola islatzen dituzu errealitate horiek?

Lan guztiak egin ditut bertatik bertara; hori izango da lan egiteko dudan modua hil artean, horrela egin behar baita. Pertsonak dauden tokietara joaten naiz, eta, ez alderantziz; ez dakartzat haiek niregana. Gainera, kazetaritzaz gehien gogaitzen nauen metodologietako bat da hori. Beraz, Saharara joaten banaiz, adibidez, kanpalekuz kanpaleku aritzen naiz, eta elkarrizketak beraiek bizi diren tokietan egiten ditut.

Zer eskaintzen dizu bizimodu horrek?

Zortea dut munduan gertatzen ari denari buruzko informazio pribilegiatua dudalako. Argazkiak egiten ditut, baina idatzi ere egiten dut, eta irratian ere aritzen naiz. Ez ditut ezagutzen egon nahi nukeen herrialde guztiak, baina bai asko eta baita bertako egoera ere. Afganistango egoera ezagutzen dut, adibidez, baina ez orain modan dagoelako, baizik eta 25 urte daramatzadalako hara joaten. Berdin gertatzen zait Erdialdeko Amerikarekin eta Ekialde Hurbilarekin ere. Horrela lan egiteak ematen du aukera gaietan sakontzeko, baina, batez ere, botere faktikoek, politikoek zein ekonomikoek, ez manipulatzeko.

Zergatik erabaki zenuen gatazken berri ematea?

Norberak egon nahi duen tokiarekin egiten du amets, eta nik gaztetatik izan nahi nuen kazetaria gatazka guneetan. Unibertsitatera joateko zerbitzari egin nuen lan zenbait udatan, eta jardun berberean jarraitu nuen ondoren ere joan nahi nuen lekuetara joateko. Gainera, zortea izan dut ez zaidalako ezer gertatu; nire lagunik onenetako batzuk gatazka guneetan hil dira.

Ba al daukazu momentu jakinen bat gogoan?

Hainbat; adibidez, norbait tokian bertan sufritzen edo hiltzen ikustea, baina baita gerraren ondorioak edo horretarako negozioak ere. Zuen autonomia erkidegoan, adibidez, armen negozioetan aritzen diren enpresa asko daude; horietako askok laguntza ekonomiko publikoak dituzte. Eusko Jaurlaritzakaurkeztu dezake bere burua nazioarteko lankidetzan agente nagusitzat, baina, aldi berean, arma fabrikak finantzatzen ditu; heriotza fabrikak.

Nora joan nahiko zenuke orain?

Urria osoa beteta daukat agendarekin, baina luze gabe Afganistanen egon nahiko nuke; azaroan joan nahiko nuke, baina gauzak ez daude batere erraz hara iristeko. Hala ere, baditut beste dozenaka ideia ere gainontzean; esate baterako, azken 25 urteetan ateratako argazki sorta batekin liburu bat egiteko asmoa daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.