ATZEKOZ AURRERA. Toni Bolaño. Kazetaria

«Komunikatu, beti, liderrak egiten du»

Politikaren komunikazioaz eta komunikazioaren politikaz ari da Bolaño. Liburu bat ondu du aholkulari politiko «apurtzaile» baten inguruan: 'Moncloa. Ivan Redondo. La política o el arte que no se ve'.

ALBERTO R. ROLDAN.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Komunikazioaz ari den komunikatzailea, eta aholkularitzaz ari den aholkularia. Horixe da Toni Bolaño kazetaria (Bartzelona, 1960). Moncloa. Iván Redondo. La política o el arte que no se ve [Moncloa. Ivan Redondo. Politika edo ikusten ez den artea] liburua ondu du. 120 elkarrizketa egin ditu, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aholkulari «apurtzaile» izandakoari buruz.

Zergatik Ivan Redondo?

Komunikazio politikoaren gaixo bat naizelako, nire pasioa delako. PSCren eskutik iritsi nintzen mundu horretara, eta Ivan Redondo tertulietan ezagutu nuen; hainbatetan aritzen ginen eztabaidan.

Zer du, bada, berezia?

Moldeak apurtzen ditu. Onerako zein txarrerako, baina apurtu.

Beraz, liburua ez da hari buruzkoa bakarrik?

Komunikazio politikoari buruzko liburu bat da, Ivan Redondoren bizitzari eta jardunari jarraitzen diena eta horren inguruan sortzen diren debateei buruz hausnartzen duena.

Albiol, Basagoiti, Monago, Sanchez... zelako ibilbidea aholkularitzan Redondok egin duena.

Aipatu dituzun horien alderdi politikoek uste zuten galtzaile batzuk zirela. Eta Redondok, nolabait, aukerak ikusten ditu gainerakoek irteerarik ikusten ez duten tokietan. Aholkulari independente bat da, eta pertsonei begiratzen die, ez alderdiei eta haien ideologiei. Izan ere, ideologia liderrak jarri behar du, eta ez aholkulariak, liderra horretarako baitago. Basagoitiri ez zion ideologiarik jarri, baina bai aholkuak eman orduko EAEko PP modu duinean desastretik salbatzeko.

Jendeak politika eta komunikazio politikoa ulertzen dituen moduan, burura datorkion lehen gauza da: «Tipo hau ezin da izan fidatzekoa».

Liburuan agertzen diren euskal herritar gehienek kontrakoa diote: euskaldunaren hitza eta begirada dituela Redondok [Donostiarra da]. Fidatzekoa da, aurpegiz datorrelako beti, eta mugaraino daramalako aholkularitza independentea.

Zuk diozu aholkulariak presidentearen bulegoan bere ideiekin sartu behar duela, eta presidentearenekin irten.

Erabat. Hori gertatzen zitzaidan niri Jose Montillarekin [Generalitateko presidentea (2006-2010)]. Eta bi aukera dituzu: alde egitea edo onartzea. Aholkulari batek inoiz egin behar ez duena da hor barruan egosi denaren berri eman. Eta Redondori direnak eta ez direnak egotzi dizkiote, baina, finean, ez du ezer kontatu.

Komunikazio politikoak, beraz, ez dauka ideologiarekin zerikusirik?

Eta hori Espainian ez da ulertu orain arte. Aholkulariaren lana da ideiak proposatzea, liderrak horiekin erabakirik egokiena har dezan. Ideia horiek, noski, ongi sortuak eta argudiatuak egon behar dute.

Zer dio Redondok liburuari buruz?

Ordu asko egin ditugu elkarrekin, baina, hark zerbait kontatu zain egon izan banintz, ez nukeen liburua idatziko. Horregatik erabaki nuen hari buruzko gauzak kontatuko zizkidan jendea elkarrizketatzea. Nire liburua da, ez harena. Ziur nago hark beste era batera egingo zuela.Gauza bakarrean egiten dugu bat: periferikoak garela. Ohituta gaude ezberdina denarekin tratatzen. Periferikoa izateak Espainiako politikan lagundu egiten du. Alde horretatik, Sanchezek balio bat galdu du: ez du jada periferiko bat alboan.

Zein da Redondoren ondarea?

Moncloan sortu duen kabinetea. Jendeak ez du esango, baina kopiatu egingo diote. Politika gaur egun ez da egiten mahai berontzidun baten inguruan EAJren EBB bilduta. Politika datuekin erabaki behar duzu, zeren gizartea geroz eta zatikatuago baitago. Kontua ez da jada komunikatzea, baizik konektatzea. Eta hori geroz eta zailagoa da.

Lortuko zuen Sanchezek presidente izatea Redondo gabe?

Ez.

Zergatik?

Zentsura mozioan irudikatu zen jokaleku hura PSOEk berak bakarrik ez zuelako sekula sortuko. Redondok kontakizun bat eraiki zuen, eta garai egokia aukeratu. Helburua? «Kontua ez da guztiok Sanchezen alde bozkatzea, baina bozka ezazue Rajoyren kontra». Hori Redondoren abileziaz sortutako zerbait izan zen, eta, hori gabe, Sanchez ez zen presidente izango.

Zuk esana da: «Gaur egun, komunikatzen duzu liderraren figura komunikatzen baduzu bakarrik».

Erabat. Otegik hitz egiten ez badu, badirudi ezker abertzaleak ez duela hitz egin. Urkulluk edo Ortuzarrek hitz egin ezean, badirudi EAJk ez duela hitz egin. Eta beste alorretara hedatzen da hori. Gaur egun, enpresa handietako buruen izenak dakizkigu, inoiz ez bezala. Badakigu Iberdrolakoa Sanchez Galan dela... Ez baduzu liderra identifikatzen, ez duzu komunikatzen; urtuta gelditzen da. Hori ari zaio gertatzen Casadori Diaz Ayusorekin, edo Pere Aragonesi Puigdemontekin. Ideiak identifikatu nahi badituzu, pertsonarekin egin behar duzu hori. Komunikatzen duena beti liderra baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.