ATZEKOZ AURRERA. Xanty Elias. Sukaldaria

«Ni nintzen nire gelako mutiko potoloa»

Basque Culinary World Price saria jaso zuen Eliasek atzo iluntzean. Huelvako chefaren egitasmoak haurren elikadura eta hezkuntza uztartzen ditu. «Ez dago heztea baino gauza sanoagorik», adierazi du.

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Kontsumitzaile belaunaldi berri bat du peskizan Xanty Eliasek (Huelva, Espainia, 1980), eta haurren hezkuntzan eragin nahi du horretarako. Los niños se comen el futuro (Haurrek etorkizuna jaten dute) izena du haren egitasmoak. Aurtengo Basque Culinary Price saria irabazi du, eta atzo iluntzean jaso zuen, Donostiako Tabakaleran.

Zorionak.

Eskerrik asko.

Natural atera zaizu.

Juan Mari Arzakekin aritu nintzen lanean bi urtez, beraz, badakizkit hitz batzuk lanean erabiltzen genituenak: kontuz, lasai, poliki, barkatu... Harrapatzen ditut batzuk entzun ahala, baina ez dakit euskaraz.

Aurkeztu ezazu Huelva.

Europako despentsa da gastronomiari dagokionez, eta Europan gelditzen diren leku baketsu eta lasai bakarrenetako bat ere bada, kokapen geografikoari eta historiari dagokienez.

Lotuta zaude hara?

Irten nintzen tokia da, eta irten nintzenetik bueltatu nahi izan dudan tokia ere bada.

Gastronomia irakastea eta gastronomia saltzea gauza berbera da?

Inolaz ere ez. Bi gauza erabat ezberdin dira. Bataren ondorio izan liteke bestea, baina saltzea bada hitz bat erabat kapitalista, eta gaizki ikusita dago. Badirudi errazagoa dela zuk zerbait erostea, baina ez dela horren erraza edo ona norbaitek zuri zerbait saltzea. Jendeak erosten badu da norbaitek saldu egin diolako. Marketinaren oinarrietako bat da hori. Irakastea, ordea, erantzukizun ariketa bat da.

Zer jan, hura izan?

Inolako zalantzarik gabe. Jaten duguna gara, eta jaten dugula uste dugun hori gara.

Haurrek etorkizuna jaten dute, edo haurrek gaizki jaten dute?

Biak. Etorkizuna jaten dutela diogu badutelako gaitasun bat oraindik existitzen ez den etorkizun bat sortzeko. Tamalez, orain gaizki janda, ona ez den etorkizun bat sortuko dute.

Haur gizenei buruz ari zara, baina lehen pertsonan?

Nire larruan bizi izan dudalako eskola jazarpena. Badakit zeri buruz ari naizen: eskolako mutil gizena, gelako potoloa, ni nintzen. Saskibaloian jokatzen nuen, eta utzi egin behar izan nuen belaunek ezin ziotelako eutsi nire pisuari. Oso altua nintzen, baina oso gizena. Saskibaloia maite nuen, baina ezin izan nuelako segitu sartu nintzen gastronomiaren munduan. Sukaldaritzan sartu zen saskibaloi jokalari frustratu bat naiz.

Zein da sari honekin jaso duzun errekonozimendua?

Errekonozitzen duena gizartearen behar bat da: norbaitek arautu behar duela elikadura ikastetxeetan. Ez daitezela izan gurasoak bakarrik haurrei jaten erakutsi behar dietenak, zeren guraso horietako askok ez dakite kozinatzen, ezta ongi jaten ere. Eta sektoreak berak egiten duen eskari bat ere bada hori: bezero formatuago bat eskatzen baitu, ezberdintzen dakiena ongi egindako porrusalda bat zer den, porrusalda ozpin-olio bat egiten eta dastatzen hasi aurretik. Umea kontziente bada jaten duenaz, jatetxeek bezero kontzienteago bat edukiko dute etorkizunean.

Zuk diozu horrela jarraituz gero tetrabrik bat izango dela umeek gazpatxo baten inguruan duten oroitzapena.

Edo eduki dezatela oroitzapen hori, baina izan daitezela kontziente, eta eduki dezatela aukera konparatzeko. Izan daitezela jakitun gauzek duten zaporeaz. Horretarako, erreferentziak behar dituzte, eta erreferentziak eman behar zaizkie.

Zer da Alfoliz finka?

Filosofia bat, naturarekin eta askatasunarekin dugun harremanean oinarritzen dena. Pandemiaren aurretik sortutako negozio eredu bat zen, eta berriz ere planteatu behar izan dugu, geure buruari galdetuz ea pandemia osterako ere balioko ote zuen. Eta hara non, ezustean, ohartu garen ez geneukala hasierako proiektuan koma bakar bat ere aldatu beharrik. Bezeroak eskatzen digulako natura gehiago, egia gehiago, errealitate gehiago, eta benetakotasun handiagoa. Esaten digu: «Chefa ezagutu nahi dut, baina baita baratzean kardua egin duena ere, edo konposta egin duena».

Zero kilometro ez, zero metro?

Horixe. Kontsumitzen dugun guzti-guztia ez da guk ekoitzitakoa, baina bai, gutxienez, inguruko abeltzainek eta nekazariek ekoitzitakoa. Quid pro quo bat da. Guk ez dugu horrenbeste barazki ekoizteko adina lur, baina haiek guk ekoitzitako zizare-humusa erabiltzen dute. Eta hori guztia produktuen iragankortasuna mugara eramanda.

Adibidez?

Huelvan oso ohikoa da mahaian jartzea tomatea irekita olioarekin eta gatzarekin. «Zergatik ez dago orain tomaterik?», galdetzen du bezeroak. «Baratzera joaten bazara, eta bat topatzen baduzu, oparitu egingo dizut», esaten diet nik. Jendeak zikloak ulertzea nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.