ATZEKOZ AURRERA. Maialen Berridi. Familia medikua

«Adituak biak dira: medikua eta gaixoa»

Medikuez eta pazienteez, eta orain arteko «botere harremanez» ari da Berridi. 'Medikuaren oinarrizko gaitasun profesionalak' liburua eman du argitara: «Tresna bat da, pertsona bere osotasunean artatu ahal izateko».

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez da garairik onena medikuei «zer moduz?» galdetzeko. «Gaizki. Oraintxe bertan, oso gaizki. Eta familia medikuak, bereziki gaizki», erantzun du Maialen Berridik (Donostia, 1984). Medikuaren oinarrizko gaitasun profesionalak liburua ondu du (UEU), Osasungintza Euskalduntzeko Erakundearen Agote sariari esker.

Zer da pertsona bere osotasunean tratatzea?

Ulertzea pertsona hori nolakoa den, eta saiatzea bere tokian jartzen, bere ezaugarri guztiak kontuan hartzen.

Eta hori ez da egiten?

Ez. Normalean bakarrik pentsatzen da gaixotasunean, eta gaixotasunaren sintometan. Hori erakutsi digute. Protokolo guztiak daude zuzenduta gaixotasun horiek artatzera, eta ez gaixotasunaren atzean dagoen pertsona.

Komunikazioak huts egiten du?

Gure lanerako erreminta garrantzitsuena komunikazioa da. Egunean zazpi ordu pasatzen ditugu hitz egiten, baina pertsonen arteko elkar ulertze bat lortu behar dugu, eta horrek askotan huts egiten du, bi norabideetan: «ez dit ulertu», «ez dit kasurik egin», «ez dit entzun», «ez du egin nik agindutakoa»...

Zuk diozu aurrez aurre daudenak bi aditu direla?

Orain arte harreman hori botere harreman bat balitz bezala ulertu da, eta aditua izan da beti osasun langilea, medikua, berak zuelako ezagutza guztia. Baina biak dira adituak. Pazientea aditua baita bere bizitzan. Eta oso garrantzitsua da zehaztea pertsona horrek zer nahi duen bere bizitzarako. Helburuak negoziatu behar dira, eta hierarkizatu.

Akordio bat lortu behar dute?

Bai. Eta hori izaten da zailena askotan. Medikuoi kosta egiten zaigu onartzea guk ezinbestekotzat jotzen ditugun gauza batzuk pazienteak ez dituela egingo. Baina, aldi berean, konturatu gara saiatu garela behin eta berriro aginduak ematen, esaten besteei zer egin behar duten, eta ez dugula lortzen.

Izan ere, gaixotasunaren atzean ere badaude gauzak?

Ezberdintasun sozialak daude, generoa dago... Orain arte asko zentratu gara gaixotasunaren azterketa organikoan, gorputzak dituen gaixotasunetan, eta ohartu gara, orokorrean, pertsonari osasuna galarazten diotenak bestelakoak direla: mugatzaile sozialak.

Dena ez dela errezetak ematea, alegia.

Ematen duzun agindu edo errezeta hori egokitu egin behar duzu aurrean duzun pertsona horretara. Gaixorik dator, eta guk emandako agindua ezin betetze horrek beste zama bat eransten dio.

Adibidez?

Botika bat agintzeko orduan, pentsatzen dugu aurrean dugun horrentzat erosoena izango dela hiru medikamentu agindu beharrean dena pilula bakarrean ematea. Baina zergatik ez berari galdetu? «Zer nahiago duzu: hiru pilula hartu, askoz ere merkeagoak direnak, edo bat bakarra, baina nabarmen garestiagoa?».

Eta norbaitek esango du: hori dena lau minutuan?

Bai, arrazoi. Horixe jartzen da zalantzan: denbora. Kontsultak dauden bezala, eta daukagun gainkargarekin, denbora da daukagun tresnarik urriena, gauza guztiak mugatzen dituena. Baina egia da ere ikerketek erakutsi dutela orain dugun metodoa ez dela eraginkorra. Gaur lau minutu, hurrengo astean beste lau, hurrengoan beste lau... egoera ez da hobetzen. Ikerketek erakutsi dute lehen egunean pertsona horri denbora gehiago eskaintzen badiogu hurrengo kontsultetan denbora hori berreskuratzen dela, eta eraginkorragoa dela.

Orain, gainera, telefonoz.

Hori beste muga bat da. Komunikazio modu horretan informazio asko galtzen da. Medikuok badugu pribilegio bat: gaixoek erabateko konfiantza dutela gugan. Kontatzen dizkigute beste inori kontatzen ez dizkioten gauzak. Baina konfiantzazko harreman hori sortu eta landu egin behar da, eta kontsulta aurrez aurrekoa izatea eta jarraitutasuna ezinbestekoak dira horretarako.

Familia medikuen lana behar bezala aitortua dago?

Ez. Espezialitatea duela 40 bat urte sortu zen. Sortu zenean, bazituen ezaugarri jakin batzuk, baina horiek garatuz joan dira urteen poderioz, eta demostratu da familia medikuek izan behar dutela osasun sistemaren oinarria, ardatza. Haien lanak ez badu funtzionatzen, beste guztiak ere ez du funtzionatuko. Eta hori garbi antzeman da orain.

Beraz...

Apustu bat egin beharko litzateke lehen arreta horrek ongi funtzionatu dezan, baina utzikeria dago, eta inertzia bat. Funtzionatzen du profesionalek ahal duten guztia baino gehiago egiten ari direlako. Hori errekonozitu beharko litzateke osasun sistemaren barruan eta beste esparru guztietan. Unibertsitatetik bertatik hasita. Jendeak ez baitu ezagutzen. Ikasgai bat edo katedra bat beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.