ATZEKOZ AURRERA. Jose Luis Larrion. Nafarroako Berriemaile Grafikoen Elkarteko lehendakaria

«Sentsazionalismoa galbidea genuke»

Kezkaturik da Larrion, berriemaile grafikoen lan baldintzek okerrera egin dutelakoan. Egiazkotasunaren berme direla aldarrikatu du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bi urte dira Nafarroako Berriemaile Grafikoen Elkartea sortu zutela, eta, ordutik, beren eskubideak aldarrikatzeaz gain, erakusketak ere antolatu dituzte. Iruñeko El Corte Inglesen ikus daitezke 33 argazkilariren lanak, 2021. urtearen laburpen gisa. Elkarteko lehendakaria da Jose Luis Larrion (Caracas, 1956). 40 urte daramatza lanbidean: «Beti autonomo eta prekaritate handiz».

Zer ekarri du 2021ak iruditan?

Aurten balio izan du ikusteko pandemia ez dela gai bakarra; are, 33 argazkilariek ez dute gai hori hautatu. Bizitzak aurrera jarraitzen du, eta aurten denetarik izan da: uholdeak, ikuskizunak, kirola...

Erakusketa horiek aproposak dira zuen lanari balioa emateko?

Bai. Argazkietako batzuk ez dira argitaratu komunikabideetan: agian, ez diote balio informatiborik eman, edo, editore grafikorik ez dagoenez, kazetariak aukeratu du, batzuetan argazkilariok eginen ez genukeen aukera eginda. Erakusketa aukera bat da ordaina hartzeko eta argazkilariari interesgarri zaiona erakusteko. Alde horretatik, balioa ematen dio berriemaile grafikoaren lanari, eta editore grafikoen beharra azpimarratzeko balio du.

Editoreak falta dira soilik?

Urteetan lortutako maila profesionaletan behera jaisten ari gara.AEBetan, berriemaile grafikoak desagertzen ari dira erredakzioetatik, eta horiek ordezkatzeko kazetariari iPhone puntakoena ematen diote. Benetan kezkagarria da egoera.

Zergatik ez zaio garrantzirik ematen atal grafikoari?

Sare sozialen ondorioz, irudi gehiegi daude. Gu informazio eskubidearen berme gara, lehenbiziko lerroan gaudelako eta gertatzen denaren lekuko garelako. Guk egiazkotasuna eskaintzen dugu, eta hori ezinbestekoa da albiste faltsuen aroan.

Jendearen irudiek zabalpen handia dute. Txarra al da hori?

Horri ezin diogu mugarik jarri, eta oso baliagarria da herritarren kazetaritza, baina, batzuetan, toki horri edo une horri ez dagokion bideo edo argazkiak zabaltzen dira hedabideetan. Gainera, berehalakotasunak eta eskuragarritasunak beste arazo bat ekarri du: sare sozialetan agertzen den oro dohainik dela pentsatzea. Hori ez da horrela, eta pare bat epaiketa abiatu ditugu dagoeneko.

Zergatik sortu zenuten elkartea?

Kolektibo oso bati eragiten dioten arazoak konpontzeko modu bakarra denak elkartzea delako.

Zer egin du elkarteak bi urteotan?

Bilerak izan ditugu erakundeekin, eta gure aldarriak plazaratu ditugu. Badirudi beti kexaka ari garela; izan ere, COVID-19aren kontuarekin arazoak izan ditugu Ligarekin eta Osasunarekin, sartzeko mugak ospitaleetan eta zahar etxeetan...

Pandemia dela eta, inoiz baino muga gehiago izan dituzue?

Beti ezezko biribila jasotzen genuen. Ulertzen dugu egoera oso zaila zela, ziurgabetasuna zela nagusi, baina etorkizunerako baliagarria izan zitekeen dokumentazio hori guzia mugatu zuten. Hemen ikusten zen bakarra ziren balkoiak eta txaloak, baina hildakorik ez dugu ikusi. Kexu dira ez dugulako sentsibilitaterik, baina ez genituen gaitzaren benetako ondorioak erakutsi.

Mozal legea ere jomugan izan duzue. Zer eragin izan du zuengan?

Lege horrek indarra kendu nahi zien herritarren manifestazioei, baina guri ere eragin digu. Adierazpen askatasunaren kontra ez ezik, informatzeko eskubidearen kontra ere egiten du, beraz. Polizien segurtasuna arriskuan jartzen dugula diote, baina arriskuan den bakarra zera da, polizia operazio batzuk gehiegizkoak direla erakusteko aukera.

Gaur egun lan egiteko arazo gehiago dituzue lehen baino?

Orain inoiz baino okerragoa da egoera: duela 30 urte ez zegoen hainbeste oztoporik. Autonomo diren kideei isunik merkeena jartzea, 600 eurokoa, oztopo handia da hortik aurrerako lanetarako, zentsurarik makurrena autozentsura baita.

Zure lan ibilbidean zein izan da izan duzun egoerarik zailena?

ETAren terrorismoaren urte gogorrak tokatu zitzaizkidan, eta ez zen atsegina. Niretzat, argazki kamera ezkutu bat da: atentatuetara joaten nintzen; argazkiak atera, eta sorgor nintzen une hartan. Baina ohartzen nintzen irudi horiek mingarriak zirela kaltetutakoen senideentzat, eta horrek urduritzen ninduen.

Zer zentzutan da kamera ezkutu?

Begien aurrean hondamendirik handiena izanda ere, une horretan nire xede bakarra gertatzen denaren ikuspegirik informatiboena ematea da. Uste dut lanbide honetan zaletasuna eta pasioa ezinbestekoak direla. Gainera, argazki kamera pasaporte bat ere izan da niretzat, sarbidea eman baitit bestela galarazita izanen nituen toki askotara.

Sinesgarritasunarena da berriemaile grafikoen borroka?

Beti ari gara horren alde borrokan. Ezin da erabat objektiboa izan; bakoitzak bere iritziak ditu, baina ezin gara sentsazionalismoan erori. Sentsazionalismoan erortzea gure galbidea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.