Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Koldo Atxaga. Diseinatzailea eta ilustratzailea

«Ilustratzailearena menpeko lana da»

Irudiak ulertu; irakatsi; sortu. Batetik, unibertsitateko irakaslearen jakintza teorikoa; bestetik, Katakrak zigiluarentzako diseinuak eta liburuen azaletarako ilustrazioak: irudiak bizi du Koldo Atxaga.

MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2022ko apirilak 26

Ez du zeregin makala Koldo Atxagak (Iruñea, 1970); Iruñeko Katakrak argitaletxearen irudiak diseinatzea eta plazaratzen dituen liburu guztien azalak ilustratzea. Guzti-guztiak. Azkenengoetako batzuk izan dira Joseph Brodskyren Ur-marka Eta Henry David Thoreauren Walden.

Paradoxikoa: ilustraziogintzak ez du lustre handirik.

Bai, testuaren menpean dagoen eginkizuna da beti, baina nik uste testuetara sartzeko ataririk onenetakoak direla ilustrazioak.

Itzalpeko lana da ilustratzailearena?

Bakarka egiten den lan bat da, nork bere etxean, bere estudioan, eta argitaratzen denean soilik ikus daiteke lan horren fruitua, baina itzalpekoa ez nuke esango, argitara ateratzen bada behintzat, baina bai menpekoa: oraindik ere, idazlearen izena da nagusia, eta ilustratzailea laguntzailea da.

Txiste txar bat eginez, abizenak ere itzal egiten dizu zuri...

Bai, egia da. Nik ezinezkoa dut nire abizen honekin inolako testurik argitaratzea, ze beti izango naiz beste Atxaga. Atxaga txarra... Orduan behartuta nago beste ezizen bat hartzera.

Eta ba al duzu ezizen artistikorik?

Bai, badut. Bernardo Atxagak nire abizena hartu zuenez, nik berea hartu nuen, eta Martin Irazu naiz testuak idazten ditudanean.

Zer testu?

Garai batean, fikzioa idazten ibili nintzen, eta horregatik aukeratu nuen, ezin bainaiteke Atxaga bezala atera plazara.

Aspaldion utzia duzu testugintza?

Bai, utzia daukat. Horretarako, denbora eta kontzentrazioa behar dira, eta, oraintxe, falta ditut.

Izan ere, aspaldian turboa jarrita zabiltza diseinu eta ilustrazio lanetan. Katakrak zigilua sortzea katakrak bat izan zen zuretzat ere?

Gogoz hartu nuen enkargua. Aldez aurretik elkar ezagutzen genuen, La Hormiga Atomica liburu dendaren garaian haientzat egiten bainuen lan. Ausartu zirenean jauzi hori egiten, Katakrakekoek proposatu zidaten marka berria egitea, eta orain argitaletxearen diseinu kontuak ditut nire gain. Hauek kamikazeak dira, eta urtean hogeitik gora liburu ateratzen dituzte, eta nik azalen diseinua egin behar, noski.

Gehienak zeuk, ezta?

Guztiak. Katakrakeko produkzio guztia nire eskuetatik pasatzen da.

Ez al da esplotazioa hori?

Tira, halako sukar bat daukagu, eta biok gaude kontent. Batzuetan estu ibiltzen naiz, Durangoko Azokaren aurreko egunetan, adibidez, baina gainontzean nahiko gustura egiten dut lan.

Walden irakurtzean, segituan etorri zitzaizun hostoen irudia?

Tira, istorio hori lehenagotik ezagutzen nuen, oso modu orokorrean. Egia da ez dudala astirik argitaratzen diren liburu guztiak irakurtzeko... Pasarte batzuk bai, eta editorearekin behar bezainbeste mintzatzen gara. Gakoak ematen dizkidate. Walden-en, banekien basora erretiratu zela, eta metafora moduko hori sortu zitzaidan hostoen irudiarekin.

Irudiak: Ukraina, Errusia eta gerra hitzak entzunda, zer irudi datorkizu burura lehen kolpean?

Labirintoa. Oso konplexuak dira gauzak, eta adarrak ateratzen dira alde guztietara; ezin daiteke koadroa egin gertakizuna den tokira joanda bakarrik. Ulertu behar dugu zer-nolako sustraiak eta adarrak dituen gatazka horrek alde guztietara.

Errusiako arte garaikideak badu arrastorik zure diseinuetan, ezta?

Ez dakit, bada; miretsi egiten dut Errusiako abangoardiaren artea. Agian collagea, bidimentsioak nola erabiltzen ditudan... hor nonbait izan dezaket arte horrekiko zubi bat, baina nik gehiago ikasi nuen surrealismotik, dadaismotik eta punk estilotik. Lotsarik gabeko nahaste-borraste hori; logikarik gabeko irudi bi elkartu eta zentzu berri bat aurkitzea.

Unibertsitateko irakasle zara: zertan aldatu da gaurko belaunaldien irudi ikuspegia zu ikasle zinenetik?

Orain irudi uholde bat kontsumi dezakete, eta denbora gutxiago eskaintzen diote egiteari, eta gehiago ikusteari.

Bisualizazioaren garaia?

Bai. Denbora asko pasatzen dute edukiak ikusten, eta guk geure garaian genituenak baino erreminta aberasgarriagoak dituzte eskura, baina trukean denbora gutxiago ematen dute marrazten edo beren lanak egiten.

Bilboko errotuluen inguruko proiektu bat duzu martxan aspaldian. Zein hautatuko zenuke?

Bat dut bereziki maitea: Cebreiro farmaziarena. Errepublika garaiko errotulu bat da, eta ederki islatzen du orduko espiritu optimista eta modernozalea. Gainera, nik zuzendutako gradu bukaerako lan batean, ikasle batek, Elena Ferrerasek, tipografia hori digitalizatu, alfabeto osoa osatu, eta letra tipografiko bat sortu zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gorka Erostarbe Leunda

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...