ATZEKOZ AURRERA. Encarna Martin. Sanferminzalea, Unica peñako kide ohia

«Onena da ez zarela alboratua sentitzen»

Oraingo eta garai bateko sanferminez mintzo da Encarna Martin, adin guztietan festa bizitzeko hainbat modu badirelako. Biez gozatu du, eta uste du urteotan guztiotan festek ez dutela galdu herri izaera.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Sanferminzale porrokatua da Encarna Martin (Iruñea, 1959). Azken urteetako jendetzak salbu, ez dio ezer txarrik ikusten festari, eta bere betiko izaerari eusten diola uste du. Denboraren joan-etorrian, sanferminak gauetan bizitzeari utzi, eta goiz eta eguerditan gozatzen ditu orain. Gaurko eta atzoko jaiez mintzo da. Unica peñako lehen emakumeetarikoa izan zen, eta aspaldi utzi bazuen ere, lepoan darama beti zapi berdea. «Hainbeste urte dira jada, ezin baitut zapi gorririk eraman».

Bi urteren ondoren, nola bizitzen ari zara sanferminok?

Nahiko lasai. Lehen, gauetan atera ohi ginen, baina badaramagu urte batzuk goizetan ateratzen garela bermutera, eta gorputzak eutsi arte. Gero, batez ere bazkariak egiten ditugu. Elkartzen gara kuadrillarekin, hainbat bazkari egin ditugu: hilaren 6an, Etxarriko lagunartea etorri zitzaigun; eta 8an, beste bat, hemengo jendearekin, Germanen omenaldiaren ostean. Igandean beste bazkari bat izan genuen.

Adin guztietako festa dela aipatzen da maiz. Ados zaude?

Bai. Belaunaldi aldaketa batik bat ohituretan nabaritzen da. Lehen, arratsaldean irteten zinen, eta gorputzak eutsi arte: entzierroa edo dena delakoa. Orain, aldiz, aldaketa bestelakoa da: goizez eta eguerdiz. Sanferminen onena da ez zarela alboratua sentitzen. Urteko beste garai batean gerta daiteke afalostean atera, eta berehala jabetzea inguruan direnen batez besteko adinetik gora zaudela; sanferminetan, ez.

Unica peñako kide izan zinen gaztetan. Emakume asko al zeuden?

Ez. 1980an sartu nintzen, eta lehenengoetarikoak izan ginen. Ordu hartan, gure bikotekideak peñan zeuden, eta urte osoan bertako barne bizitza sendotzen genuen: asteburuetan, afariak eta lagunarte polita elkartzen ginen. Urte osoan izaten ginen peñan, eta sanferminetan, are gehiago. Batik bat lagundu egiten genuen, sukaldean eta garbiketan. Orduan, aldarrikatu genuen gu ere peñako kide izan behar ginela, eta, kostatu arren, lortu genuen.

Zergatik kostatu zitzaizuen?

Borroka asko egin behar izan genuen, batzuek ez zutelako nahi. Beste zenbaitek, bai, babestu gintuzten, baina kostatu zitzaigun. Behin, barran lan egitea suertatu zitzaidan, eta gurekin zeuden beste bi pertsonak oso erreakzio txarra izan zuten hasieran. Garai hartan, presoentzako dirua jasotzen zen. Inork dirua uzten bazuen, kanpaia jotzen zen, eta egun hartan askotan jo zen, diru asko bildu baitzen. Gurekin barran aritu zen batek asko babestu gintuen. Hasierak gogorrak izan ziren. Beste emakume bazkide batzuek ere ez zuten gustuko gazteagoak bertan izatea. 21 urte genituen,eta oso haur ikusten gintuzten.

Zergatik utzi zenuen peña?

Erabaki propioa izan zen. Lanegiten nuen goizero, eta egon behar nintzen semea zaintzen. Senarrapeñakide zen artean ere. Bertanjarraitu genezakeen, baina txandak egitea eskatzen zuen, eta haur txiki batekin zailagoa zen.

Nola bizi izan dituzue jaiak urteotan?

1979an peñako amabitxi izan nintzen. Ez nuen oso gustuko sinbolizatzen zuenagatik, baina nondik norakoen ondorioz onartu nuen. Oso urte bizia izan zen. Festa asko bizi izan genuen urte horietan. Zezen plazatik peñak irteten zirenean, dena ematen genuen. Urte batez, Arrotxapean egoitza bat hartu genuen, eta auto batean jaisten ginen hamabi pertsona. Oso dibertigarria zen. Urteekin, aldaketak egon ziren, jendeak utzi egin zuen peña, eta afariak egin genituen haiekin. Askotan, Maissonaven amaitzen genuen, dantzan, gorputzak eutsi arte.

Amabitxiak aipatu dituzu, eta, aurten, Brontze peñak sari bat eman die haien aurka protesta egin zuten emakumeei.

Bai. A posteriori, emakumeen erabilera bat zen. Eramaten zintuzten ordezkari gisa, baina urte osoan ezin bazenuen parte hartu, zergatik onartu behar zenuen rol hori? Orduhartan ez nuen horrela ulertzen. 1979an, amabitxi izan nintzenean, protestaren bat egin zen, eta, hortik aurrera, elkarrizketaren batean ezezkoa eman genuen. Onartu behar dut ordu hartan ez nengoela atsekabetuta rol hartan. Festaren parte zen.

1978ko sanferminak ere bizi izan zenituen. Nola gogoratzen dituzu?

Plazan sartzeko kailejoian nintzen, txikien atzean, pankartarekin. Lagun batekin nengoen plazara sartzear, peñen irteeran. Valentziako batzuk etorri zitzaizkigun galdezka ea orduan bigantxak aterako ote ziren. Ezezkoa eman, eta, atea irekitzearekin batera, arrapaladan sartu ziren poliziak. Guri denbora eman zigun ateratzeko eta Orreaga etorbiderantz joateko. Kaleetan barrena, azkenean peñaren egoitzara iritsi ginen. Han itxaroten egon ginen, larrituta, adiskideak noiz helduko. Nire bikotekidea berandu etorri zen, zezenak zatikatzeko kamioian egon zelako ezkutatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.