ATZEKOZ AURRERA. Mari Mar Boillos. EHUko irakaslea eta ikerlaria

«Dudarik ez: futbola literatura hutsa da»

'Egungo euskal literatura eta futbola II' liburua aurkeztu dute. Boillos da koordinatzailea eta egileetako bat. Euren teorian sakontzen ari dira: «Futbola eta literatura batzen dituen mikrokosmos bat existitzen da».

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Kultura eta literatura, eta bien arteko eraginak ikertzen ditu EHUko Laida taldeak.Taldeko kidea da Mari Mar Boillos (Bilbo, 1986), eta Egungo euskal literatura eta futbola II liburuaren koordinatzaile eta egileetako bat. Lehen liburua aurkeztu eta hiru urtera ondu dute bigarrena.

Futbolariek irakurri egiten dute?

Miren Billelabeitiak libururako egin duen ikerketan ondorioztatu dutenez, bai. Ikusi du, gazte guztiek bezala, futbolariek ere irakurtzen dutela, eta baditugula okerreko usteak horren inguruan. Ez dut uste horregatik harritu behar dugunik.

Idazleak-eta ez dira kirol orriak batera pasatzen dituztenak kultura sailera iritsi arte?

Ez, eta agerikoa da hori. Filologia hispanikoa ikasitakoa naiz, eta esan dezaket bi mundu horiek —literaturak eta futbolak— ez dutela elkar baztertzen. Kiroletako orriak irakur ditzakezu, eta, ondoren, beste batzuk. San Mamesen izan nintzen duela gutxi, eta handik irten eta Arriaga antzokira joan nintzen. Posible da bi mundu horietan mugitzea. Ez daude bananduta.

Bigarren liburua da. Zeintzuk dira atera dituzuen ondorioak?

Lehen liburuan ikusi genuen futbola eta literatura batzen dituen mikrokosmos bat existitzen dela, eta elkar aberasten dutela. Lehena bukatzean, erabaki genuen interesgarria zela horretan sakontzea eta bigarren ale bat ateratzea. Ikusi genuelako mikrokosmos horren barruan ekoizten diren liburu batzuk edo testu batzuk ukitu gabe gelditu zirela.

Aurreiritziak badaude oraindik?

Bai, eta hori da gure lanaren helburua: aurreiritzi horien kontra zeozer egitea. Ikusi dugu duela urte batzuk arte mikrokosmos hori ez dela aztertu, eta gure asmoa da orain ikusaraztea. Argi uztea, ebidentzien bidez erakustea, literatura eta futbola lotuta daudela, eta posible dela literaturan aditua izatea eta, aldi berean, futbolzalea izatea.

Jorge Valdanok Cuentos de futbol liburuan zioen esaldiari segika?

Hori da: «Futbola gustatzen bazaizu, beldurra galdu letrei; literatura maite baduzu, ez pentsa baloia objektu gaizto bat denik». Hori izan da behin baino gehiagotan azpimarratu dugun ideia. Horregatik jarraitu dugu horretan sakontzen.

Jendeak badaki futbol taldeak ere ari direla horretan sakontzen?

Bai, nik gehien ezagutzen dudana Athletic Club fundazioaren Letrak eta futbola proiektua da. Liburuan aztertzen dut gaia sakonago. Ikusten da, hitzaldiez gain, irakurketa, idazketa eta halakoak jorratzen dituztela, literatura futbol munduan zabaltzeko.

Horren fruituak dira Ainhoa Tirapu eta Oscar de Marcosen idazlanak?

Euren lanak irakurtzera animatu nahi nuke jendea, zeren oso lan interesgarriak egin dituzte.

Eneko Boveda jokalari ohiak ere parte hartu zuen aurkezpenean.

Miren Billelabeitiak egindako ikerketan parte hartu zuen, eta ikusi zuen Enekok asko irakurtzen duela eta literatura bere bizitzaren parte oso garrantzitsua dela.

Eta zurean futbola ere bai?

Aitortu behar dut txikitan futbola ez zitzaidala asko gustatzen, baina nire osaba Athletic zale amorratua zenez, peñen mundua barrutik ezagutzen hasi nintzen. Eta maitemindu egin nintzen.

Horrenbeste, non gaur egun Athleticeko peñen idazkaria zara?

Bederatzigarren urtea da jada. Hirugarren legegintzaldia [barrez]. Uste dut azkena izango dela. Lan handia da, baina oso aberasgarria.

Ramiro Pinilla, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Joan Mari Irigoien, Harkaitz Cano, Lutxo Egia, Karmele Jaio, Aritz Gorrotxategi... Askok agian ez dute jakingo horien lanetan futbolari buruzko erreferentzia asko agertzen direla?

Hori da aurreneko liburuan aztertu genuena. Eta konturatu ginen, adibidez, haur literaturan zer-nolako arrakasta izan duen gaitegi horrek. Azken batean, haurren eta gazteen artean literatura zabaldu nahi badugu, zergatik ez aukeratu haiei interesatzen zaizkien gaiak.

Eta futbolak ematen du aukera?

Dudarik ez: futbola literatura hutsa da. Metaforaz, protagonistez eta mitoz beteta dago. Azken liburu honetan, adibidez, Iribarren mitoa aztertzen du David Garcia Camesek: idazleek zelan ikusten duten Iribar.

Bigarren liburu horretan ipuinak eta komikiak ere aztertu dituzue. Horietako batzuetan maskulinitate ereduak ere aztertzen dira futbolaren bidez. Gaitegian ere izan da bilakaerarik, beraz?

Jose Antonio Morlesinek lan izugarria egin du futbolari buruzko komikietan agertzen diren maskulinitate eredu horiek aztertzen. Aditua da horretan, komiki horien ezaugarri grafiko eta narratiboak ikertu ditu, eta ikusi du horien bidez posible dela errealitate politikoa, tradizioa, kultura... aztertzea. Ziur Ramiro Pinillak futbolaren bidez bere eleberrietan agertzen zuen errealitatea eta orain komiki horietan aurkezten dena oso ezberdinak direla. Egon da bai bilakaera bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.