ATZEKOZ AURRERA. Maier Irigoien. 'Zauria(k)' dokumentalaren egilea

«Generoaren eragina aztertu behar da buruko ondoezak ulertzeko»

Osasunaren kontzeptua ikuspegi heteropatriarkal eta kapitalista batetik eratua dagoela nabarmendu dute 'Zauria(k)' dokumentaleko partaideek. Ikuspegi feministaren bozgorailu lana egiten du proiektuak.
<em>Zauria(k)</em> dokumentalaren egileak. Ezkerrean, Maier Irigoien.
Zauria(k) dokumentalaren egileak. Ezkerrean, Maier Irigoien. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko otsailak 12
Ondoezen, eromenen eta buruko gaitzen inguruko iruditegia eraldatzeko beharraren aurrean, bizitzan diagnostikoren bat pairatu duten emakumeen ahotsa eta errealitateak ikusarazteko egin dute Zauria(k) dokumentala. Maier Irigoien Ulaiar (Iruñea, 1989) zuzendaritzako kidearen arabera, eromena eta zaurgarritasuna uste baino gertuago daude, eta mezu hori zabaldu nahi izan dute dokumentalaren bidez. Isa Saez eta Iker Oizekin elkarlanean egin du lana, eta etzi estreinatuko dute, 19:00etan, Iruñeko Katakraken. Halaber, ostiral honetan Donostian ikusteko aukera egongo da; hilaren, 22an, Gasteizen, eta 23an, Bilbon.

Diskurtso feministetan buruko osasunaren inguruan dagoen hausnarketa gabezia dela-eta sortu zen proiektua. Nola saretzen dira bi esparruak?

Ikuspegi feministak osasun kontzeptuaren inguruan pentsatzea ahalbidetzen digu. Generoaren kasuan, ikasi dugu gizona eta emakumea baino genero identitate gehiago existitzen direla, kontu zabalago bat dela, eta ezin dugula bakarrik bi kategoriatara mugatu. Osasuna ere modu ez-dikotomiko batean irakurtzen hasi behar dugu, osasun- gaixo kontzeptuez haratago.

Osasun mentalak zer eragin du genero eraikuntzan?

Batak besteari eragiten dio, eta alderantziz. Genero eraikuntzak gure eguneroko praktikak, iruditegiak, usteak eta identitateak gurutzatzen ditu. Generoa transbertsala da, arraza, klasea, kultura, aukera sexuala eta beste hainbeste zapalkuntza ardatz bezala. Ezinezkoa da norbere ondoezak eta osasuna ulertzea generoaren eragina aztertu gabe.

Zer lotura dago ondoez psikosozialen eta genero bizipenen artean?

Generoaren eraikuntza eta psiko-patologizazio prozesuak erabat erlazionatuta daude. Generoak ongi sailkatzen du bakoitzari egokitutakoaren barnean zer den egokia eta zer okerra; guztiz arautua dagoen giza eraikuntza bat da.

Bederatzi testigantza bildu dituzue. Zer ekarpen egiten diote dokumentalari?

Bakoitzak bere ekarpena egiten dio dokumentalari. Gehienek lehenengo pertsonan hitz egiten dute, beren bizipen, hausnarketa eta estrategien inguruan: genero trantsizioan instituzio medikoarekin izandako erlazioa, psikiatrizazio prozesuan bizitako tratua, sufrimendua politizatzeko beharra, zaintza eta hitz egiteko garrantzia, araututako sistematik ateratzeko aukera, edota gizartearen ereduaren inguruko kritika lantzen dira.

Protagonistek eromena deseraikitzen dute. Zer berezitasun ditu emakume eroa izateak?

Emakume eroa izateak ez-emakume egiten zaitu. Erotasunak, kasu honetan, emakume izatetik aldentzen zaitu, espero denaz urrundu. Gizarte honetan, emakume eroa ez da erosoa, ez da desiragarria, ez errespetagarria.

Buruko gaitz bat izatea tabua da gizartean oraindik ere, baina gizartea gero eta medikalizatuago dago. Kolektiboki zer garrantzi ematen zaio?

Dokumentalean ondoezak kolektiboki kudeatzearen garrantziaz hitz egiten da. Baina egia da gizartean egun oso modu indibidualizatu eta bakartian bizi ditugula ondoezak, eta oraindik ez dugula behar beste tresna ezinegonak eta zaintzak kolektiboki kudeatzeko. Eta hori gizarte medikalizatu baten aurrean hartu dezakegun hautua izan daiteke. Princesa Incak dokumentalean aipatzen duen bezala: guztion kontu bat da, ez bakarrik diagnostikatuen arazo bat.

Izendatzen ez dena ez da ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen. Hala diozue dokumentalean.

Gauzak izendatzearen garrantzia da Zauria(k) dokumentalaren erdigunea. Beharrezkoa da gauza bat izendatzea, existitu eta gizartean leku bat izateko. Askotan zaila da izendatzea bera, eta ez dira hitz nahiko existitzen norbere ondoeza izendatzeko. Hitz eta modu asko ditugu sortzeko oraindik.

Artistikoki zergatik erabili duzue narratiba?

Osasun mentalaren inguruko ikus-entzunezko materialetan oso erraza da morboan eta estigmatizazioan erortzea, eta guk oroz gaindi saihestu nahi genuen. Narrazioak, emakumeekin elkarrizketetan prozesua azkartzeaz gain, dokumentalaren trataeran ere lagundu digu. Baita musikak eta ilustrazioak ere.

Zer beste zauri urratu behar dira?

Kasu honetan, buruko osasuna eta generoa uztartzen saiatu gara, baina buruko osasuna bere osotasunean ulertu ahal izateko, eragina duten beste ardatz asko daude. Beharrezkoa da hausnartzea arrazek, prozesu migratzaileek eta baldintza ekonomikoek ondoeza pairatzeko orduan duten garrantziaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria