ATZEKOZ AURRERA. Priscilla Telmon eta Mathieu Saura. Petites Planetes ekoiztetxeko sortzaileak

«Munduan eder dena erakutsi nahi dugu»

Munduko erritual eta musika sakratuen «film objektuez» zuzeneko performanceak egiten dituzte. Errobiko festibalean ariko dira gaur.

CAMILLE BOKHOBZA.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Petites Planetes ekoiztetxearen obrak tai gabe mugimenduan diren lanak dira, bukaerarik gabekoak. Priscilla Telmonek (Frantzia, 1975) eta Mathieu Vincent Moon Saurak (Frantzia,1979) hamar bat urte daramatzate mundua kurritzen. Bidean bildu irudiekin, zuzeneko zinema egiten dute, tokian tokiko artistekin uztartuz. Errobiko festibalean ariko dira gaur, Itsasun (Lapurdi), 23:30ean, «gunearen eta unearen energiak gidaturik», euskal artistekin zuzenean.

 

Bi artista polibalenteren elkarketak zer emaitza dakar?

TELMON: Zinemagileak gara, bidaiariak, nomadak, soinu-esploratzaileak. Ibilbide ezberdina dugu Mathieuk eta biok, baina gure unibertsoak nahasi ditugu duela hamar urte. Hala, proiektu handi bat bidean dugu Brasilgo trantze eta erritualen gainean; hori baita gure lanaren oinarria: munduko erritualak eta musika sakratuak dokumentatzea. Hortik abiatuz, diozun bezala, gure lana polibalentea da: film eta musika grabaketak egiten baititugu, komunitateari aldi oroz itzuliz, Creative commons lizentzia bidez.

Errobiko festibalak 25 urte bete ditu aurten; zerbait berezia egin duzue horretarako?

TELMON: Filmak, grabaketak, museo instalazioak, festibaletarako sorkuntzak eta zuzeneko zinema dugu egiten. Azken hori dugu eskainiko Errobiko Festibalean: performantzia inprobisatua da; urteotako film guzietatik abiatuko gara. Meditazio bidaia proposatuko dugu oren batez, munduko erritual edo musika sakratuaren aniztasuna erakusteko. Nahasiko ditugu film horiek, eta zuzenean parte hartuko dute dantzari eta musikariek. Nik kantatzen dut gure filmak laguntzeko; bestela, badugularik paradarik, musikariak jinarazten ditugu. Hala, Beñat [Axiari] eta Pedro Solers filmatu, eta zuzenean ariko dira.

Zein zati duzue inprobisatua eta zein ez?

SAURA: Dena nahasten da, definizio finkorik gabe. Bortz eta 50 minutu arteko film objektuak dira gureak. Amore ematearen inguruko jokoa da. Eszenan gure burua uzten dugu eramaten uneko sentsazio eta izpirituetan barrena. Haurtzaroan beti markatu izan nau musika inprobisatuak, eszena gaineko musikariek ikusiz ez zekitela norat zihoazen. Konexioan ziren, sorkuntza betean. Arrisku tarte hori zaigu interesatzen. Hari-harian gaude, eroriz gero erortzen gara. Oso garrantzitsua zait harreman hori berriztea; lanjer ezartze horretan da jokatzen sakratuarekiko harreman sakona.

Noiz duzue lana bukatutzat ematen?

TELMON: Maite dugu zinema zinez bizia izatea, uneari egokitzen zaiona, finkatu gabea. Euria ari badu, egokituko gara. Giroaren araberako musika hautatuko dugu. Gertatzen denaren energiara egokitzen gara; ez dugu, beraz, gehiegi aurreikusten. Gunea, jendea, unea eta klimaren energiaren arabera ari gara.

SAURA: Gure lana ez da sekula fini; beti mugimenduan da. Gure gizartea duela mende guti zepoan sartua da bururapenaren eta perfekzioren ideian. Alta, naturako elementu oro beti mugimenduan da; deus ez da egonkorra. Ergelkeria da sinestea egonkortasunaren arau absolutuan; ustez eta horrekin dena konpondua den. Haatik, aberrazioa eta lanjerosa da biziarekiko eta poesiarekiko harremanarekiko.

Hiztegi zinematografikoarekiko autokritika egiten dugu, zinema ontsalaz objektu bukatuari begira baitago. Baina guk bukatu gabeko objektuak sortzen ditugu. Haizeari, ateriari, pasaiari, jendeari beti zabalik diren objektuak dira. Ikuslearekiko harreman horretan sortzen da oreka, elkarrizketa, truke bat. Ikuslea ez baita jasotzen ari bakarrik, ari delako ere ematen.

Desagertze arriskuan diren gauzen bila zabiltzate?

SAURA: Gauzak desagertzen direa? Ez dut uste: birmoldatzen ari baitira tai gabe. Oraingo egunean batez ere, herioarekiko beldurrak errotik baldintzatzen du artxibatzea. Baina ez dira ere neurriz kanpo babestu behar. Oreka bat atzeman beharra da, tokiko kultura, tresnak, praktika, hizkuntza, kantuak zelebratu behar dira, baina baita berriz ibilbidean ezarri ere. XX. mendea artxibatzearen mendea izan zen; XXI.a izan dadila esperimentazioarena.

TELMON: Guri interesatzen zaiguna da edertasuna ospatzea, hainbertze erakusten delarik gaizki doana. Guk munduan eder dena eta ongi doana erakutsi nahi dugu. Herri batera heltzean, bertakoei galdetzen diegu zer zaien garrantzitsua grabatzea. Horregatik ez gara ideia finkoekin abian. Oinarrizkoa da bertako jendeari parte harraraztea, haien begirada partekatzea.

Eder dena maite duzue, baina, Euskal Herriari dagokionez, populu zapaldu gisa ikusten duzue?

SAURA: Opresioak baino, adierazpideek gaituzte interesatzen; horiei diegu balioa ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.