ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Mingolarra. Margolaria

«Nire ilusioa da ikusleek obrekin konektatzea eta zerbait sentitzea»

Margolanen eta eskulturen bitartez barneko sentimenduak azaltzeko nahia du Mingolarrak. Duela hogei urte inguru egin zituen bere lehen lanak, era autodidaktan. Orain, lan batzuk ikusgai daude Ean.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Iñaki Mingolarra margolariak (Bilbo, 1951) harreman estua du Ea herriarekin (Bizkaia). Bertarako propio eginiko Etxerako bidea erakusketa aurkeztu zuen gaur zortzi Eskolondon. Margolanek osatzen dute batez ere; itxialdian zehar eginikoak dira gehienak, baina ez guztiak. Horrez gain, badira eskultura batzuk ere. Horien guztien bitartez, artistak helburu du ikusleek obrekin eta sortzailearekin konektatzea eta zerbait sentitzea. Hark eginiko lanak ikusgai egongo dira abuztuaren 7ra arte, astelehenetik igandera bitartean.

Margolanak dira nagusi erakusketan. Nolakoak?

Lan berriak eta zaharragoak dira, etapa eta garai desberdinetakoak. Denbora batean gehiago margotzen nuen oliotan, eta figuratiboak izan ohi ziren lanak, hala nola irudiak eta paisaiak. Baina, duela urte batzuetatik hona, gauza abstraktuagoak lantzen ari naiz, zehaztugabeagoa den mezu batekin.

Zehaztugabeagoa?

Batez ere sentsazioak eta pentsamenduak biltzen saiatzen naiz, baita emozioak ere. Beti izaten dute mezu bat, batzuetan ez hain zuzena eta ez hain erraza, baina hori interesgarriagoa iruditzen zait, eta biziagoa. Margolanek bizitzari begiratzen diote, eta barruan dugunari ere bai. Hori nahi dute transmititu. Momentu jakin batean bizi edo ikusten dudana da.

Beraz, hori transmititu nahi duzu lanen bitartez.

Nire ilusioa da ikusleek obrekin eta artistarekin konektatzea eta zerbait sentitzea, beren mundu propioan eta esperientzietan zerbait mugiaraztea. Beste kontu bat da hori lortzen den ala ez, baina saiatzen naiz. Batzuetan izan daitezke zuhaitz batzuk edo beste paisaia bat, baina beste batzuetan barrualderako begiratuak dira.

Ideia finkoak izaten dituzu?

Batez ere irudi abstraktuagoekin lotuta daudenak aurrez pentsatutako planik gabe egiten ditut. Egia da batzuetan badudala ideiaren bat edo beste, baina, oro har, une horretan ateratzen dena egiten dut. Izenburuak ere gero edo askoz ere geroago jartzen ditut beti. Ez dut hainbeste pentsatzen zer egingo dudan:behin amaitutakoan hausnartzen dut lan horrek esaten didanaren inguruan.

Badira eskulturak ere.

Bai, batik bat almendrondoen eta olibondoen egurrekin egindakoak. Baita haritzen batekin ere. 25 zentimetroko altuera dute gutxi gorabehera, eta erlatiboki txikiak direla esan dezaket. Hala ere, ez daude asko, azkenaldian ez baititut asko egin.

Aurrez egiten al zenituen?

Ez, zalea naiz, baina orain zazpi urte inguru hasi nintzen egiten. Handiak ziren, eta batzuk saldu ere egin nituen. Orain, berriro ekiteko gogoa daukat.

Noiz eta zergatik hasi zinen lan horiek egiten?

Duela hogei urte inguru. Pixkanaka hasi nintzen, eta nahiko modu autodidaktan. Noizean behin joan izan naiz tailerren batera edo bestera, eta hor animatzen zaituzte. Lehen erakusketa, berriz, duela zazpi urte inguru egin nuen, Katalunian, eta gustua hartu diot. Orain, hemengo hau egin dut.

Zer da artea zuretzat?

Uste dut artea norberak ikusten eta sentitzen dituen gauzak adieraztea dela, eta besteei emozioak sentiaraztea edo sentimenduak biziaraztea, sentsazioak atseginak edo desatseginak izanda ere. Ez dio axola. Niretzat, hori da artea, arte plastikoan izan edo beste edozeinetan.

Oraingoan, izenburua hizpide, itzulera izan al duzu gogoan?

Denetarik du. Gerora pentsatutako izenburu bat da, obra dena ikustean, baina badago puntu bat, itzulera orokorrago batekin baino, nire sentitzen dudan leku batera itzultzearekin lotua. 53 urte dira etxetik alde egin nuela; Katalunian bizi naiz orain, eta, itzultzeko asmorik ez badut ere, obrak badu nostalgia puntu bat.

Izan ere, harreman estua duzu herriarekin.

Bai, aita Arteagakoa (Bizkaia) zen, eta badugu harremana Eako Angelutxo auzoarekin ere. Baserri bat dugu, eta orain 30 urtetik hau da nire erreferentzia nagusia Euskal Herrian. Ez bakarra, Bilbokoa naizelako oraindik. Baina Eakoa sentitzen dut etxea, eta saiatzen naiz urtean hiruzpalau aldiz etortzen; erretiratu naizenetik, gehiago. Orain, hemen nago ainguratuta.

Beraz, berezia da Ean aurkeztea zure obrak?

Bai. Hasieran, lotsa ematen du, atzerakada, baina zerbait txukuna eginez gero pozik gelditzen zara. Gainera, erakusketaren inaugurazioa ere ederki joan zen: jende dezente gerturatu zen, eta gustura gelditu nintzen. Beraz, bai, badago berezia den konexio puntu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.