Askapenaren aurkako epaiketa

Elkartasunaren Madril, auzitegietatik harago

Dozenaka lagun bildu dira Auzitegi Nazionalaren atarian, auzipetuei babesa emateko. Euskal Herrikoak ez ezik, Madrilgoak ere bai: «Gizartea aberasten duen guztia kriminalizatzen dute».

Auzipetuak, auzitegiaren atarian, bertara joandakoen babesean. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Madril
2015eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eta nazioartean herriz herri landutako sententzia izan da Espainiako Auzitegi Nazionalean entzun den aurrena. «Ez zara nor euskal militanteak eta euskal internazionalismoa epaitzeko. Espainiako Estatua, zeu zara errudun». Hala ebatzi zuten Iruñean urriaren 12an, eta halaxe ekarri dute gogora, epaiketara sartu aurretik, Walter Wendellin, Dabid Soto, Aritz Ganboa, Unai Vazquez eta Gabi Basañez auzipetuek.

Txalo artean egin zuten bostek auzitegirako bidea. Dozenaka lagun joan zitzaizkien babesa ematera; Euskal Herritik, eta Madrildik. Ohi baino polizia gehiago zegoen haien aurrean: hiru furgonetak eta dozenaka poliziak bete zuten atzo Auzitegi Nazionalerako sarrera.

Jende artean zen Madrilgo Libre plataformako kide Pilar ere. Eragile sozial eta politikoek nahiz norbanakoek osatzen dute plataforma hori. Libre izena hartu aurretik ere hamaika auzipetuk jaso dute haien elkartasuna: Egunkaria-ko auzipetuek, Udalbiltzakoek, Segiren auzietakoek, herriko tabernetakoek... «Euskal Herriaren aurkako epaiketak etengabeak zirela ikusi genuen. Babesa emateko antolatu gara, ikusteko Madrilen ere badagoela jendea ulertzen duena makroepaiketa hauek auzipetuei zein arazo sortzen dizkieten. Badago Madril solidario bat, auzitegi eta espetxeez harago».

Urte horietan guztietan, ehunka laguni egin diete harrera. Kalean nahiz auzitegietan lagundu diete. Ehunka gizon-emakume ezagutu dituzte, kartzelan eduki dituztenak, zigortuak nahiz absolbituak. Hamaika tortura testigantza entzun dituzte haien ahotik. «Nork itzultzen die hori dena?», galdetu du Pilarrek. «Kriminalizazioa, lana edo ikasketak utzi beharra hona etortzeko, asko torturatu egin dituzte lehenago...».

Babesa emateaz gain, epaiketen eta Euskal Herriaren berri eman dute Madrilen, hango komunikabideek egiten ez duten moduan. Eta, eman ez ezik, jaso ere egin dutela esan du Libre plataformako kideak, bestela elkarlanean aritzen ez den jende asko batzea lortu duelako Euskal Herriarekiko elkartasunak: «Kausa horren alde ari gara: utzi bakean euskal herritarrei, utzi beren burua antolatzen. Ez dute zertan egon etengabe hona etortzen».

Protestak Euskal Herrian

Madrilen ez ezik, Euskal Herrian ere salatu zuten atzo Askapenaren aurkako auzia. Epaiketa hastearekin batera, elkarretaratzeak egin zituzten iluntzean hogei bat herritan, auzipetuei babesa erakusteko: Bilbon, Donostian, Zumaian, Altsasun, Laudion...

Urriaren 31rako, berriz, manifestaziora deitu dute. Ez Euskal Herrian, Madrilen baizik. Pilarrek argi du nahikoa arrazoi badela: «Internazionalismoa kriminalizatzen ari dira. Horrek ez du izenik. Inoiz ez du izan: batzuk kazetariak direlako, besteak udaletako ordezkariak, gazteak... Eta orain internazionalismoa. Pertsona eta gizartea aberasten duen guztia kriminalizatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.