Urkulluk 'Langraiz bidea' piztu nahi du

Damututakoei espetxe onurak emango balitzaizkie bide horretara askoz preso gehiago batuko liratekeela dio lehendakariak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakariak argi azaldu du presoen korapiloari nola heldu nahi dion: Langraiz bideari eutsi, hori ahalik eta preso gehienengana zabaldu, eta damuaren bidea hartzen dutenei legeak ezartzen dituen espetxe onurak ematea proposatu du Urkulluk. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari bide hori baliatu dezala proposatu nahi dio, horrenbeste aldiz eskatu dion bileran.

Efe berri agentziak egindako elkarrizketa batean azaldu du presoen inguruan duen ikuspegia lehendakariak: «Seguru nago preso asko pauso hori emateko gogoz egongo liratekeela; barne loturetatik askatu nahi dutela ETAren edo ezker abertzalearen estrategiaren izenean jardun gabe». Espetxe politika «biktimismoan» aritzeko baliatzea leporatu dio ezker abertzaleari.

Presoek damuaren bide hori egin nahiko luketela dio Urkulluk. Baina uste du bideak fruituak ematen dituela erakutsi behar dela horretarako. Eta gaur egun kontrakoa egiten ari dela. Langraiz bidea geldiarazita dagoela salatu du; ez dela sustatzen ari preso gehiagok bide horri heltzea, eta urrats hori egina dutenei ere ez zaizkiela espetxe onurak ezartzen ari.

«Espainiako Gobernuak jakin beharko luke zein den espetxe politikaren helburua», esan dio Rajoyren taldeari. «Gizarteratzea bada helburua, kontuanhartu behar du badirela damua erakutsi duten presoak etahoriei lagundu egin behar zaiela gizarteratu daitezen». Hori «historia ahaztu gabe» eta «memoriari, egiari zein justiziari» muzin egin gabe egin behar dela zehaztu du.

Rajoy ausartagoa nahi du

Hori guztiori posible dela uste du Urkulluk. Baina, horretarako, Rajoyk «ausartagoa» izan behar lukeela dio. «Hala egiteak bide horretakoak ez diren preso asko bidera gehitzea eta erakunde terroristaren edo ezker abertzalearen estrategiatik aldentzea erraztuko du», esan du Urkulluk.

Beraz, espetxe politika aldatu behar dela aldarrikatu du lehendakariak. Espetxeetako eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu du, eta Langraiz bidea «berpizteko». Gogoratu du bide horri heltzen diotenak ETArengandik publikoki aldentzen direla, biktimei barkamena eskatzen dietela eta Espainiako Justiziari laguntza ematen diotela.

Egunotan hizpide izan den Ibon Etxezarretaren jarrera jarri du adibidetzat lehendakariak. Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila zenaren omenaldian gutun bidez parte hartu berri duela gogoratu du. Haren hilketan parte hartu zutenetako bat dela Etxezarreta, baina damuaren bideari eutsi, eta hil zuenaren omenaldian ere izan dela.

Urkulluri iruditzen zaio jarrera horrekin, gainera, damutuak bide bat ireki duela, eta espero du eredu hori beste preso batzuengana iritsiko dela. «Baina horretarako, bestelako espetxe politika bat behar da, eta PPren gobernuarekin atzera egin da alde horretatik».

ETAren azken agirien inguruan, lehendakariak uste du erakundea desarmatzerako prozesua luzatzen ari dela. Baina, aldi berean, desarmatu nahi duen erakunde batekin hori gauzatzeko ere hitz egin nahi ez izatea «harrigarria» dela esan du, Espainiako Gobernuak duen jarrera itxiari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.