Herri lanetako materialen %40 birziklatuak izatea nahi du Arriolak

Ingurumen politiketan zergak baliatzea proposatu du Jaurlaritzak, baina ez du zehaztapenik egin

Arriskuan dauden animalien mailaketa Espainiakoarekin bateratzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak. BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak «kontratazio publiko berdea» egiteko ildo nagusiak zehaztu ditu. Obrak, zerbitzuak edota hornidurak adjudikatzean erakundeek klausula zehatzak ezartzea proposatu du; besteak beste, birziklatutako materialen edo bigarren mailako lehengaien erabilera handitzea. Horretarako, Jaurlaritzak proposatu du herri lanetako materialaren %40 birziklatua izatea. Gutxieneko portzentaje hori, hala ere, txikiagoa izan ahalko da «arrazoitutako irizpide teknikoek» horrela eskatzen dutenean.

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eman zuen atzo klausula horien berri, ingurumena zaintzearekin lotutako bi lege proiektu aurkeztean: Natura Ondarearen Kontserbaziorako Lege proiektua, eta Ingurumen Administrazioarena. Jaurlaritzako gobernu kontseiluan onartu zituzten atzo, eta Eusko Legebiltzarrera bidali. Ingurumen Administrazioaren lege proiektuan dago kontratazio publikoari buruzko atal hori. Oraingoz proposamena da, eta parlamentuari dagokio bi lege proiektuak tramitatzea. Horrez gain, Arriolak gogora ekarri du Ingurumen Sailak oraindik aurkezteko daukala beste lege proiektu bat: klima aldaketari aurre egiteko legea. Legealdi hasieran hartutako «konpromisoa» beteko dutela iragarri du Arriolak.

Ingurumen Administrazioari buruzko lege proiektuan, kontratazioarekin lotutako puntuez gain, badira «ingurumena zaintzeko» beste proposamen batzuk: ingurumen aldetik eraginkorragoak diren teknologiak sustatzea, «produktu edo erakundeen» ingurumen aztarna aztertzeko tresnak baliatzea, ingurumen araudia urratzeagatik zigorra bete ez duten enpresekin kontraturik ez egitea, Europako Batasuneko etiketa ekologikoa sustatzea...

Enpresek ingurumen alorrean bete beharko dituzten baimenak ere arautu nahi dituzte lege horrekin. Tramiteak «sinplifikatzea» dute helburu. Zigorren araudia ere moldatu nahi dute, eta, zigor ekonomikoez gain, beste bat proposatu dute: enpresei lanak ezartzea, eragindako kaltea lehengoratzeko.

Araudiak bateratu

Arriolak azaldu du Natura Ondarearen Kontserbaziorako Lege proiektuak bateratu egingo dituela orain indarrean dagoen legea —1994koa— eta harrezkero Europako Batasunean indarrean jarritako araudia. Moldaketa horrek eragina izango du, besteak beste, babestuta dauden animalien eta landareen izendapenean. Horrez gain, lege proiektuan ezarri dute epe jakinetarako politika publikoen helburuak zehaztuko dituztela Natura Ondarea Mantentzeko Euskal Estrategian.

Bi lege proiektuetan jaso dute zergetan eragiteko aukera ere. Batetik, zerga edo tasa berriak ezartzea, «natura ondareari kaltea» eragiten dioten jarduerei zuzenduta. Bestetik, zergak urritzeko, eta horiek ordaintzeaz salbuesteko aukera ere jaso du, natura zaintzen laguntzen dutenentzat. Arriolak azaldu du legeak «aukera ematen duela» hori egiteko, baina hori gerora zehaztu beharko litzatekeela, administrazioen artean.

Azkenik, ingurumen gaietako aholkularitza ematea eta parte hartzeko organo publikoak aldatzea proposatu du Arriolak. Gaur egun hiru erakunde daude: Ingurumen Aholku Batzordea, Ingurumen Batzordea eta Naturzaintza Naturaren Batzordea. Hirurak bateratuko lirateke, legeak onartuz gero, Euskadiko Ingurumen Batzordea sortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.