Jose Moreno

San Andres batailoiko azken gudaria

Astelehenean hil zen Jose Moreno gudaria, buruko infartu baten ondorioz. Gerrarako izena eman zuen 17 urte zituela, eta San Andres batailoian aritu zen fusilari. Azken urteetan, memoriaren alde jardun zuen.

Olatz Esteban Ezkati.
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Jose Morenok bere larruan pairatu zituen 1936ko gerra eta frankismoaren errepresioa. Zulatzaile lehenik, eta fusilari gero, gudari izan zenez bizi izan zituen trintxerak, kartzela eta kontzentrazio esparrua. Bilboko Zorrotzaurren jaio zen, 1918an, eta 100 urte zituela zendu zen, astelehenean, Bilboko Santa Marina ospitalean, buruko infartu baten ondorioz. Sanbatailoiko «azken gudaria» izan zen.

Francok altxamendua hasi bezain pronto, izena eman zuen gerrarako, 17 urterekin. Sondikako aireportuko (Bizkaia) lanetara bidali zuten lehenik, baina hura «aspergarria» zitzaion. Orduan, ELA sindikatura jo zuen lagun batekin , eta lubakiak egitera bidali zituzten, San Andres batailoira.

Balmasedan (Bizkaia) egin zuen instrukzioa eta, ondoren, Zeanurira (Bizkaia) bidali zuten, lubakiak zulatzera. Han jardun zuen hainbat hilabetez, tropa frankistek Bilbo hartu zuten arte. Orduan, batailoiak atzera egin behar izan zuen, eta Santanderreraino (Espainia) joan ziren. 1937ko abuztuan, Balmasedako Kolitza mendian aritu zen borrokan lehen aldiz: «Tiroka ari ginen, baina nora ari ginen ez bageneki bezala. Tiroka, hona eta hara, itsu-itsuan. Gerran, norbait hilko nuen agian, baina inor ez, frankistek bezala, buruan atzetik tiroa jota», azaldu zuen elkarrizketa batean.

Santoñako (Espainia) gertakarien ostean, Italiako tropen esku geratu zen, eta haiek frankisten menpe utzi zuten: «Orduan, infernua hasi zen». Zaragozako (Espainia) kontzentrazio esparru batera eraman zuten lehenik. Gerrako presoek lan behartuak egiten zituzten han; Morenok errepideak eraiki behar izan zituen. Garai hartako «oso oroitzapen txarrak» gordetzen zituen. Fusilatua izateko zorian ere egon zen, guardia batekin izandako gorabehera batengatik. Azkenean, baldintzarik gabeko espetxealdira kondenatu zuten, baina 1939. urtearen amaieran absolbitu zuten. Alabaina, soldadutza egin behar izan zuen urte eta erdiz, eta 1941ean itzuli zen Bilbora, gerra hasi eta bost urtera.

Memoriari eutsiz

Sorterrian, ezkondu eta Navaleko ontzioletan hasi zen lanean. Han jardun zuen erretiroa hartu zuen arte. Geroztik, aktiboki aritu zen 36ko gerrako gudarien memoriaren alde lanean: Aterpe 36 elkartea sortu zuen mende hasieran. Artxandan (Bilbo) dagoen gudari guztien omenezko eskultura izan zen hark gidatutako egitasmoetako bat. Frankismoaren aurkako Argentinako kereilaren barruan ere deklaratu zuen, 2016an, Barakaldon (Bizkaia).

Azken urteetan, hedabideei helarazitako eskutitzen bidez adierazi zuen iritzia, «frankismoaren krimenak salatuz beti». Gogor salatu zuen, esaterako, egungo hainbat alderdi politikoren jarrera, frankismoko krimenak «estaltzeagatik»: «Diktaduran jarraitzen dugu. Haiek agintzen dute oraindik». Franco Erorien Haranetik ateratzeko auzia ere izan zuen hizpide: «Francok ez du eskubiderik beharturik lan egin zuten presoek eraikitako leku horretan atseden hartzeko».

«Bakarrik geratzen ari naiz».Gudarien azken testiguetako bat zen Moreno, eta jakin bazekien. Horregatik, ahotsa eman nahi izan zien isilpean geratu ziren haiei, eta sona handiko gizona bilakatu zuen horrek. Bi liburutan bildu dituzte haren bizipenak, eta The New York Times hedabideak ere izan zuen haren berri: urtarrilean elkarrizketa egin zion hilberri den gudariari. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gogora ekarri du Morenoren irudia: «Bere natura txikitik pertsona handia, bihotz-zabala, gure artean itzal luzea utziko duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.