Etenik gabeko gatazka

Bizkaiko zahar etxeetako langileek greba egiten jarraitu dute azken aste hauetan ere. Karpa bat jarri dute aldundiaren Bilboko egoitzan, eta gaur arte gelditzekoak dira.

Zahar etxeetako langileek aldundiaren egoitza aurrean jarri duten karpa. ARITZ LOIOLA/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Gatazkak aurrera jarraitzen du; Bizkaiko zahar etxeetako langileek beste greba egun bat izan zuten atzo. Iazko martxotik daramate lan baldintzak hobetzeko borrokan, eta, horretarako, hainbat mobilizazio eginak dituzte jada. Oraingoz, baina, ez dute akordiorik lortu ez Bizkaiko aldundiarekin, ez patronalarekin, eta greban jarraituko dute gutxienez beste hiru astez. Astelehenean karpa batjarri zuten Bilbon aldundiak duen egoitzaren aurrean, eta gaur arte egongo dira hor. Langileen artean, haserrea da nagusi, baina ohartarazi dute ez dutela amore emango euren eskaerak bete arte.

Beharginek ez dute izenik eman nahi izan, haien adierazpenek ondorioak izan ditzaketen beldur. Atzo karpa ondoan zegoenetako batek ez du gogoratu ere egiten zenbat egun daramatzaten greban. «Urtebete baino gehiago daramagu horrela, eta 125 egun inguru kalera ateratzen eta manifestazioak egiten». Azaldu duenez, «nekatuta» daude aldundiak esaten dituen «gezurrekin», langileei botatzen dielako «errua». Baina ez dago amore emateko prest. «Borrokan ari garen emakumeak gara, eta amaierara arte borrokatuko gara. Gu hondoratzeko egiten duten saiakera bakoitzarekin, lortzen duten bakarra da gu sutu eta borroka egitera animatzea».

Haren lankide baten iritziz, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak «ez daki» nolakoa den zahar etxeetako beharginen egunerokoa. «Ez gara minutu bakar batean ere gelditzen. Nahita egin ez arren, erabiltzaileak gaizki tratatzen ditugu, haien oinarrizko beharrak bakarrik artatu ditzakegulako». Haiekin hitz egitea «ezinezkoa» dela dio, ez dutelako horretarako denborarik ere. «Pertsonak bezala tratatu behar ditugu, ez zenbaki edo bezero gisa». Horretarako, ratioak aldatzea galdegin diote aspaldi aldundiari.

Zahar etxeetan bizi direnen senitartekoek ere protestetan parte hartu dutela nabarmendu du beste langile batek. «Langileoi batu zaizkigu erabiltzaileen familiak. Kontua ez da bakarrik gu ez gaituztela entzuten; familiak elkarte bat egitera behartu dituzte, kontuan har ditzaten, eta, hala eta guztiz ere, ez diete batere kasurik egiten».

Aldundiaren txostena

Astelehenean El Correo egunkariak argitaratu zuen artikulu bati ere egin diote erreferentzia zahar etxeetako beharginek. Hedabide horretan aipatu zuten greba egunetan nagusien arnas infekzioen kopuruak «gora» egiten duela, eta beste oker batzuen berri ere eman zuten, aldundiak azaroan egindako txosten bat oinarri hartuta. Langileentzat, ordea, hori ez da berria. «Halakoak ez dira gertatzen greban gaudelako; beti gertatzen dira, erabiltzaileei ezin zaielako behar duten arreta eskaini». Haien ustez, langile «nahikoak» ez egotea da halakoak gertatzearen arrazoia.

Rementeriak ez dituela entzun nahi salatu dute beharginek, baina eurekin bildu nahi ez badu, gutxienez, zahar etxean bizi direnen senitartekoekin elkartzera gonbidatu dute. Izan ere, haien ustez, «horiek dira benetako inspektoreak, eta ez aldundiak bidaltzen dituenak». Gaitzetsi dutenez, inspektoreak zahar etxeetara doazenean langileak «jakinaren gainean» daude, eta denak «garbi-garbi» egon behar du haiek iristen direnerako. «Aldundiak ordaintzen du zerbitzua, baina diru hori senitartekoena da, eta bizkaitar guztiena».

Oraingoz, greban jarraituko dute apirilaren 7ra arte, baina baliteke protestek gehiago irautea. Izan ere, Julio Fombellida ELAko arduradunaren arabera, aldundiak eta patronalak gatazka «blokeatu» dute, «helegiteekin eta prentsan argitaratzen dituzten artikuluekin». Azaldu du «aspertuta» daudela esateaz zahar etxeetako zerbitzuaren %70 Bizkaiko Foru Aldundiak ordaintzen duela eta, hortaz, aldundiak arazoa «konpondu» behar duela, ez «oztopoak jarri». «Gure asmoa mobilizazio honekin jarraitzea da», iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.