Espainiako armadarekin itzuli da Elkano

Armadaren ontzia Getarian da. Udalbatzarra aurka agertu da, eta protestak izan dira. Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek gaur egingo du berea

Urteurren ekitaldien aurkakoen pankartak eta ikurrinak, Getarian. A. LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Munduari bira eman zion lehen marinela, kolonizatzaile bat, ala biak batera. Azalpen horiek eta gehiagok deskriba dezakete Joan Sebastian Elkanoren figura historikoa (Getaria, 1476?; Ozeano Barea, 1526). Haren izenaren atzean historia bezainbeste izan daudelako. Elkanoren inguruan, kontakizunen borroka hori irudikatzen ari dira asteburu honetan haren jaioterrian, Getarian (Gipuzkoa), ekitaldi ofizialen aldekoek eta protestan ari direnek.

Elkanok Gaztelako koroaren zerbitzura munduari bira eman zioneko hasieraren 500. urteurrena gogoratzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte; tartean, Getariako marinelaren izena duen Espainiako armadaren itsasontzia dago han, eta horrek, besteak beste, hainbat herritarren eta Getariako Udalaren haserrea eragin du.

Ontzia atzo arratsaldean iritsi zen Getariako portura. Goizean irten zen Getxotik (Bizkaia), eta hara itzuliko da bihar —han ere bisitatu ahal izango da—. Elkanoren Zeruertza du izena programazio ofizialak; sustatzaileen artean daude Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak eta Espainiako Armada. Aste barruan hainbat ekitaldi egin dituzte; adibidez, EHUren Uda Ikastaro bat Donostian; halaber, umeentzako animaziozko film bat aurkeztu dute.

Ikusmina eta haserrea

Getarian, lehen ekitaldiak atzo egin zituzten, eta gaur jarraituko dute. Karpa handi bat jarri dute portuan. Hitzaldiak, haurrentzako tailerrak eta beste egingo dituzte. Armadaren ontzia ere bisitatu ahal izango da, beste hiru barku tematikorekin batera; antolatzaileek diotenez, sarrerak amaitu dira. Jendetza espero dute asteburu osoan, eta errepide nagusia itxita egongo da Zumaia-Zarautz noranzkoan. Autobus zerbitzua jarri dute Zumaiako Arroa auzotik eta Zarauztik.

Ekitaldiak zeresana eman du herrian. Horrekiko desadostasuna agertzeko, Etxeu Nahi taldea sortu dute. Elkanoren irudia goratzeaz gain, «espainiar inperialismoa zuritzea» leporatu diete antolatzaileei. Egun osoko egitaraua prestatu zuten atzo. Gaur, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bat egingo du protestekin. Eguerdian, performance bat egingo dute hondartzan, eta elkarretaratzea plazan.

Getariako udalbatzarreko alderdiek —EH Bilduk eta EAJk— ere plazaratu dute armadaren presentziarekiko desadostasuna, horrek duen «karga sinbolikoagatik». Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.