Pastor
DARWIN ETA GU

'Mucho visio, Maurisio'

2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Sendabide naturalen alde ez hain positiboa agertu du Ramon Mas idazle katalanak bere azken nobelan. L'endemà de la teràpia izenburua du lan kaleratu berriak. Guru baten kontsultara joan den herritar baten gorabeherak kontatzen ditu testuak, gizajoari terapiaren biharamunean zer gertatu zaion azalduz. Medikuntza ofizialarekin ez ezik, alternatiboarekin ere kritikoa izatea komeni dela dio idazleak.

Musika mistikoa hedatzen duen jatetxe dotore eta itxuraz alternatiboko zerbitzariari ez dio ardura horrek guztiak. Menuaren berri ematera hurbildu da. «Nahi duzu musukoa janztea?». Leku itxia da, mahaia oso urrun dago atetik. Ez du aurpegi onik erakutsi baiezkoa entzun duenean. Nire maskara seinalatu du. «Minbizia sortzen du».

Lagun esoterikoa minbiziaren beldur da, antza —eta nor ez?—. Lepoa egingo nuke gehiago sinesten duela indar ikusezinetan zientzian baino. Antzina jainkoaren zigorrak omen ziren gaitz guztiak, minbizia barne. Orain beste ordena kosmiko batenak. Batean zein bestean, errua gurea beti. Batzuen ustez, minbizia baduzu, bizitzan egin duzun hautuaren ondorioa da. Zergatik egiten duzu lan fabrika kutsatzaile batean? Zergatik bizi zara auzo zikin horretan? Ez pentsatu mediku ustel salduek osatuko zaituztela, papao horrek!

Zer esatea nahi duzue, bada. Orain arte botika ofizialetan baino diru gehiago gastatu dut erremedio naturaletan. Eskarmentuak diost sendabide horiek asmatu egiten dutela batzuetan; beste batzuetan, ez. Medikuntza ofizialak bezala. Bi sendabideak konbinatu daitezke, zergatik ez, baina dogmarik gabe: minbizia zaldiak laztanduz osa daitekeela esaten entzuten badidazue inoiz, baimena duzue behar den lekura deitu eta bertan giltzapean sartzeko betiko.

Gure lagun esoterikoari kostatu egiten zaio hori onartzea, baina. Berea da onena; beste guztia, zaborra. Lagun esoterikoaren iritziz, zientzialari eta medikuek esaten duten guztia susmagarria da, baina mundu ezkutua edo antzeko izen misteriotsua duen web orri ilun bateko gurua zuzen dago. Etorri, ondo jarriko dizkizut txakrak; buelta eman, suavesito... Karma txarra duzulako gaixotu zara, karmaren legeak agintzen baitu munduan. Ez dira, ba, zerri gutxi hil ohean, goxo-goxo eta batere sufritu gabe! Non zegoen orduan haien karma? Barbadosen oporretan? Edo benetan amaiera hobea merezi zutenak izorratzen?

Denok dugu geure burua kontsolatzeko edo engainatzeko eskubidea, baldin eta aurrekoaren kaltetan ez bada. Amesteko ere bai, 120 urtez biziko garela pentsatuz —18 urteko sasoiarekin eta mende luzeko jakinduriarekin, noski—. Eta edozerengatik kexatzeko. Baina zenbateraino? «Mucho visio, Maurisio», esan zidan behin Aranburu doktoreak bere irribarre maltzurraz, kontsultan horretaz ari ginela. Agian hori izango da arrazoia. Bizioa.

Lagun esoterikoak guztiz librea izan nahi du. Ni, nire askatasuna, nire eskubideak! Darwinista hutsa da. Inor hiltzen bada, ez da bera beharbada arduragabea izan delako, lehenagotik gaixo zegoelako baizik. Asma zuen. Diabetesa. Edo sistema immunologiko pattala. Gaitz horiek hil dute. Eta zaharra bazen, bizi-legea izan da: urtebete baino ez zuen aurrean. Munduan jende ahula badago, ez da haren errua.

Maitasuna txertorik onena dela dio. Eta bai, betor maitasuna, peace and piece, baina txerto horrek sendatuko gaitu? Ez dut ezagutzen meningitisa, elgorria edo paperak izan dituen umerik, soilik etxekoen musuei esker hobera egin duenik. Gurutzetako haur-onkologia unitatean ospitaleraturik daudenek gurasoen laztantasuna jaso dute txikitatik, baina horrek ez ditu eritasun horretatik babestu. Eta sendatzen direnak ez dira ingurukoen maitasunari esker osatzen, mediku ustel saldu horien lanari esker baizik. Aitaren edo amaren laztanak lagun izan dituzte, besterik ez.

Lagun esoterikoa. Joan dadila Burundira txerto barik. Esan dezala bertan maitasuna dela txertorik onena. Maitasunaren txertoa ipiniko diote, bai, ederto ipini ere. Mucho visio, Maurisio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.