Zauriak irekita daude oraindik

Gizartearen eta erakundeen babes faltak eragin dien oinazea plazaratu dute Pili Zabalak eta Patxi Elolak, Buesa fundazioak biktimen inguruan antolatutako mintegian.

Idoia Estornes, Patxi Elola, Pili Zabala, Paul Rios eta Fabian Laespada, atzoko mahai inguruan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Barru-barruan duten oinazea kanporatzeko saioa egin dute. Indarkeriak eragin dien sufrimendua gizartearekin partekatu nahi izan dute Pili Zabalak eta Patxi Elolak. Mahai berean eserita egin dute; elkarren ondoan egon dira, eta elkarri entzun diote. GALen biktima da bata, eta urteetan mehatxuak eta jazarpenak pairatu dituena bestea. Nork bere bizipenak ditu gordeak, eta biek ala biek puri-purian dute biktima gisa aitortua ez sentitzearen zauria. Erraietatik mintzatu dira, urteetan pilatutako minaazaleratuta.

Buesa fundazioak antolatutako jardunaldiek eman diete horretarako parada. Euskal gizartea terrorismoaren aurrean. Iragana, oraina eta etorkizuna izenburupean aritu dira solasean Zabala eta Elola, Lokarriko koordinatzaile nagusi Paul Riosekin eta BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeko buru izandako Fabian Laespadarekin batera. Denek eskatu dute ez dadila berriro errepikatu biktimek, alde batekoek zein bestekoek, gizarte eta erakundeen aldetik pairatu duten «ahanztura»; lanean jarraitu behar dela horretarako, badagoelako bidea jorratzeko.

GALek bahitu, torturatu, hil eta karetan lurperatu zuen Joxi Zabalaren arreba minduta mintzatu da; nebari egin ziotenagatik ez ezik, berak larruan bizi izan duenagatik ere bai. «Erakundeek, poliziek, alderdi politikoek eta justizia organoek zitalki tratatu naute». Urte luzez bere familiak ez duela inoren babesik jaso eta bere etxean «samina» baino ez dela izan 1983ko zorigaiztoko egun horretatik gaurdaino. Sufrimendu hori ez zuela apaldu ezker abertzaleak bere garaian emandako babesak, eta are gutxiago gainerako alderdi eta erakundeen «mespretxuzko isiluneak» ere. Azaldu du gaur egun ez dela erabat sendatu familiaren oinazearen zauria, Espainiako Gobernuak oraindik ez dizkielako onartzen biktima gisa dagozkien eskubideak: «GALen biktima gisa dagozkidan eskubideak zapaltzen dizkidate».

Gertaerak ikertzeko beharraz aritu da, eta nola PSOEren gobernuak ekintza terroristak «ezkutatu» zituen eta horien ikerketa trabatu zuen. Zabalak esan du «onartezina» dela estatu batek modu horretan jokatzea, eta zuzenbide estatu batean «legezko tresnak» baino ezin direla erabili ideiak defenditzeko. XXI. mendean egia ezagutzea ezinbestekoa dela iritzi dio, eta egokitzat jo du horretarako egiaren batzorde bat sortzea.

PSEko zinegotzi da Elola Zarautzen (Gipuzkoa), eta urteetan mehatxuak eta jazarpenak pairatu ditu. Biktimatzat du bere burua, eta horren zergatia azaldu du: «Terrorismoaren biktima bat naiz, askatasunaren alde borrokatu naizelako, ankerkeriaren aurka aurpegia eman dudalako eta beste biktima batzuei elkartasuna agertu diedalako», azaldu du. Duela lau urte Glencree esperientzian parte hartu zuenetik, jatorri askotako biktimak ezagutu eta besteen sufrimendua bere egitea lortu zuen Elolak. Saminak biktima oro parekatzen dituela esan du: «Sufrimendu bidegabeak berdintzen gaitu».

Baina, horrekin batera, politikariek bakegintzaren eta elkarbizitzaren inguruan egiten dituzten ekinbideen helburuei buruzko zalantzak plazaratu ditu. Azkenaldian asko ugaritu direla uste du, eta susmoa daukala helburu politikoekin gehitu egin direla. Elkarbizitza eguneroko lana dela dio Elolak, eta gaineratu du ezker abertzaleak «sinesgarri» izan behar duela hori lortzeko.

Elkarteen ikuspuntua

Biktimek izan duten babes faltaz hausnartu dute, bestalde, Laespadak eta Riosek. «Biktima erdigunean jarriko duen memoria eraikitzea da samina arintzeko giltza», azaldu du BAKeko buru ohiak. Haren ustez, urte luzez gizarteak «bizkarra eman» die biktimei, baina urteotan buelta ematen ari zaio egoerari.

Riosen arabera, berriz, Poliziaren gehiegikeria pairatu duten biktimekiko zorra kitatu behar da. Halaber, biktimen politizazioari amaiera ematea ezinbestekotzat jo du adiskidetzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.