Istripuen ordainlekua

Adacen Nafarroako Garun Kaltearen Elkarteko lau kidek eurek pairatutako auto istripuen testigantzak eman dituzte Zuastiko ordainlekuan, foruzainen kontrol batean.

Adacen elkarteko kideak, Zuastiko ordainlekuan egin duten ezohiko errepide kontrolean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Haur bat bezalakoa nintzen. Gauza guztiak egiten ikasi behar izan nuen duela hamar urte kamioiarekin izan nuen istripuaren ondoren». Teodoro Abajo Adacen elkarteko kideak, atzo, Zuastiko (Nafarroa) ordainlekuan geratu zen gizon bati esan zizkion hitzak dira. Iaz bezala, aurten ere Adacen elkarteak eta Foruzaingoak hainbat ordainlekutan ezohiko errepide kontrolak egin dituzte, auto istripuen ondorioz garuna kaltetua duten pertsonen testigantzak erabiliz. Abajorekin batera, garuna kaltetua duten beste hiru pertsonak parte hartu zuten euren testigantzak emanez; Socorro Satrustegik, Juan Muñozek eta Jose Etxenikek.

Testigantzak eman zituztenei laguntzen aritu zen Usue Purroi Adacen elkarteko hezitzailea. Auto istripuak non eta zenbat gertatu diren baino informazio gehiago eman behar dela uste du Purroik, errepideko arriskuei buruz jendea ongi kontzientziatu nahi bada: «Denok entzuten ditugu auto istripuen albisteak, baina ez dugu jakiten benetan nola eragin duten istripu horiek jasan dituzten pertsonengan. Hala, testigantza hauek ezinbestekoak dira benetan jendeak errepideko arriskuez kontzientzia hartzeko». Iaz halako lau errepide kontrol egin zituzten, eta aurten, berriz, sei antolatu dituzte.

Socorro Satrustegik ospitale batean egiten zuen lan duela zazpi urte, eta orduan izan zuen auto istripua. Segurtasun uhala jantzi gabe zeramala, stop seinale bati kasu egin ez, eta beste auto bat jo zuen: «Istripuak traumatismo bat eragin zidan buruan, eta koman ere sartu nintzen. Istripu haren ondorioz, oraindik ere baditut zailtasun batzuk».

Lehenengo aldiz eman zien atzo Juan Muñozek bere auto istripuaren testigantza errepide kontrol batean geratu ziren pertsonei.«Adacen elkarteari dena eskertu behar diot; izugarrizko laguntza eman didate. Haiek gabe, ez dakit lortuko nuen orain bezain ongi egotea». 2014ko abenduaren 4an izan zuen auto istripua Muñozek, bihurgune batean kamioneta batek bere autoa jota: sei hilabetetik gora eman zituen ospitalean. Orain, bere testigantza eman nahi du, bere bizitza nola aldatu den azaltzeko: «Eguneroko gauzak egiteko, beste pertsona batzuen laguntza behar dut». Jose Etxenikeren bizitza ere auto istripu batek aldatu zuen, duela hogei urte: aita galdu zuen, eta gurpil aulkian geratu zen.

Iazko erritmo berean

Errepideko segurtasun arauak errespetatu, arretaz gidatu, eta segurtasun uhala erabiltzeaz gain, Purroik uste du jendeari irakatsi behar zaiola errepidean bakarrik ez dagoela, horrelako kanpainek benetako eragina izatea nahi bada. Nafarroan 6.500 pertsonak dute garuna kaltetua, eta horietatik 1.300 buruko traumatismoek sortu dituzte. Aldi berean, traumatismo horietatik gehienak auto istripuen ondorioz sortu dira.

Nafarroan, 2016ko abenduaren 1era arte,23 pertsona hil dira auto istripuetan, 2015 osoan baino bi gutxiago. Auto istripuen kopuruari dagokionez, %21 handitu da. Hori horrela, Purroik dio Adacenek antolatutako kanpaina horiek «beharrezkoak» izango direla harik eta auto istripurik eta kalteturik ez dagoen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.