Lehen pausoa, umeei sinestea

Sexu erasorik sufritu duten nerabeei eta umeei babesa ematen dieten elkarteek auzitan ipini dute, kongresu batean, gizarte laguntzaren eta justiziaren arloan ematen zaien arreta.

Eskumatik hasita, Agammeko Estrela Gomez eta Gure Sareako Maite Sanchez, Maitane Urizar eta Jon Arana.
Eskumatik hasita, Agammeko Estrela Gomez eta Gure Sareako Maite Sanchez, Maitane Urizar eta Jon Arana. L. J. / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao -

2017ko azaroak 23

Biktimen salaketak ez sinistera garamatzan sistema batean bizi gara», salatu du Estrela Gomezek. Agamme Asociacion Galega contra o Maltrato o Menores elkarteko kidea da; sexu abusuak sufritu dituzten adingabeekin 2010. urtetik lan egiten duen Galiziako elkartekoa. Ohartarazi du ume eta nerabe horien kasuan sinesgarritasun falta are larriagoa dela. «Biktima babestu ordez, erasotzailea babesten da». Gure Sarea elkarteak antolatutako Haurtzaroarekiko biolentzia sexualaren sekretua hausten izeneko jardunaldian aritu zen atzo, EHUren Leioako campusean.

Azaldu duenez, horrelako abusu kasu bat auzitara iristen denean «zalantzarik sortzen ez duten behin betiko frogak» eskatzen dira. «Baina hori ezinezkoa da gehienetan. Beraz, bi bide baino ez zaizkigu geratzen: adierazleak eta umearen kontakizuna». Ohartarazi du adierazleak identifikatzen jakiteko prestakuntza falta zaiela profesionalei. «Jakin egin behar da umeen jarreran zerk salatzen duen abusua sufritu duela». Eta salatu du umeen kontakizuna jasotzeko gabezia handiak daudela. «Horretarako unitate bereziak falta dira; adingabearekiko enpatia erakutsiko duten profesionalik ez dago, eta sarri generoari lotutako aurreiritziekin jokatzen da».

Gure Sarea elkarteko kide Maite Sanchezen arabera, «umeen aurkako sexu indarkeria justifikatzen duen testuinguru ideologikoa» dago. Haren ustetan, indarkeria mota hori ez litzateke egongo sistema patriarkaletik kanpo. «Eta sistema patriarkala ez litzateke existituko sexu abusurik gabe». Mitologia greziar eta erromatarra, gaur egungo literatura eta musika arloko lanak, publizitatea, moda... hainbat diziplina errepasatu ditu, erakusteko zenbateraino dagoen presente pederastia egunerokoan.

Ohartarazi du ez direla kasu bakanak. Estatistiken arabera, %25ek sufritu dituzte sexu abusuak ume zirenean. Kasuen %15 baino gutxiago ezagutzen dira. Ezagutzen direnetatik, %10 salatzen dira, eta horietatik %95 artxibatu egiten dira, froga falta argudiatuta. Epaiketara iristen diren %5 horien artean, %1ean zigortzen da erasotzailea. «Ukatu ezin diren frogak daudenean baino ez da onartuko erasoa egon dela, eta ez beti. Sistema patriarkalak leku guztietan du erasotzaileak babestuko dituen jendea: hezkuntzan, Justizian, parlamentuetan, hedabideetan...».

Biktimak, babesgabe

Gomezek salatu du Espainiako legediak eta justizia sistemak ez dutela betetzen Europako Batasunak ezarritakoa. Hala salatu zuten beste elkarte batzuekin batera Europako Parlamentura bidalitako gutun batean. Eta erantzunean nolabait salaketa ontzat eman dietela esan du, nahiz eta erabat aitortu ez. Besteak beste, Europako zuzentarauek ez dute onartzen biktimen kontakizuna erasoa izan denetik asko luzatzea, galdeketak behin eta berriz errepikatzea, prestakuntza berezia jaso duten profesionalek ez egitea. «Espainian hori guztia ez da betetzen. Eta biktimak erasotzaileekin egoten dira lekukotasuna eman aurretik. Sarri elkarrekin bizi dira ikerketak zabalik dirauen bitartean». Murtziako (Espainia) kasu bat aipatu du: amak beste kontu batengatik auzi penal bat zuela eta, umearen zaintza sexu erasoagatik ikertzen ari diren aitari eman dio epaileak. «Erasotzailearen esku, alegia».

Umeei beti sinesteko eskatu dute biek. «Nola asmatuko dute sexu abusu bat zer den ere ez dakitenek?». Salatu dute askotan esaten dela amek jartzen dituztela seme-alabak aiten aurka. Umeen aurkako sexu abusuak eta andreen kontrako indarkeria lotu dituzte. «Kasu bietan, salatzera ausartu diren emakumeek jasotzen dituzten mehatxuak berberak izaten dira».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Baionako ostatu bat, uztailean. ©Bob Edme

Ostatuak 22:00etan itxi beharko dituzte Ipar Euskal Herrian

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak neurri berriak iragarri ditu. Ostatuek ezinen dute eramateko alkoholik saldu 22:00etatik aitzina, eta karrikan ezinen da alkoholik edan 22:00etatik 08:00etara. Bezeroen erregistro bat egin beharko dute ostalariek. Ortzegunean jarriko dituzte neurriak indarrean, hamabortz egunerako, gutienez.

Bilboko taberna bat, edukiera murriztuta. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Ostalarientzako diru laguntzak eskatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa

Sektorea erreskatatzeko plan bat aurkeztu du koalizioak: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara eramango du.

Ostalariek protesta egin dute gaur Nafarroako Gobernuaren aurrean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako ostalariak, itxieraren kontra: «Sektorea kriminalizatzen ari dira»

Ion Orzaiz

Tabernak eta jatetxeak «seguruak» direla adierazi du Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak. Elkarretaratzeak eginen dituzte ostegunetik aurrera

Udal langileak Azkoienen, kalea garbitzen. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Gipuzkoak 100.000 biztanleko 500 positiboren langa gainditu du

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hego Euskal Herrian egin dituzten testen %9,2k eman zuten atzo positibo. Eusko Jaurlaritzak ez du «ezer» baztertzen, baina, oraingoz, konfinamenduak eta etxeratze agindua ez daude mahai gainean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna