Gasteiz eta Burgos, 2023rako lotuta

Bi hiriburuak AHTaren bidez lotuko dituen proiektua aurkeztu dute. Jaurlaritzaren eskea ez da bete: trenbidea ez da mistoa izango
AHTaren lanak Lukun, Araban, artxiboko irudi batean.
AHTaren lanak Lukun, Araban, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ ARGAZKI PRESS

Aitor Biain -

2017ko abenduak 29
Abiadura handiko trenaren Euskal Y-a 2023rako lotu nahi dute Espainiarekin, eta, hain zuzen, Gasteiz eta Burgos (Espainia) konektatuko dituen trenbidearen proiektua aurkeztu zuten atzo. Espainiako Gobernuaren arabera, bi hiriburuak lotuko dituen zatiaren lanek 1.200 milioi euroko aurrekontua izango dute, aurreikusitakoa baino zerbait gutxiago. Obrak 2019an hastea espero dute agintariek.

Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Sernak eman zituen xehetasunak atzo, Burgosen (Espainia) egindako agerraldian. Ekitaldian izan ziren hainbat euskal ordezkari ere, tartean, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea. Urtarrilaren 9an aurkeztuko dute proiektua Gasteizen, eta ikusgai jarriko dute hurrengo egunean.

Iragan ekainean adierazi zuen De la Sernak Gasteiz eta Burgos arteko proiektua aldatu egingo zuela, kostuak merkatu eta denbora aurrezteko nahiarekin. Orduko hartan aztertutako bi aukerekin ez du zerikusirik aurkeztu berri duten ibilbide berriak. Trenbideak 93 kilometro luze izango da, eta ordu erdian lotuko ditu bi hiriburuak; bi ordu eta bost minutu beharko dira Madrilera iristeko. Trenek orduko 350 kilometroko abiadura lortuko lukete.

Lanek 1.185 eta 1.200 milioi euroko aurrekontua izango dute De la Sernaren arabera, aurreikusitakoa baino 40 milioi euro gutxiago. Gauzak ondo bidean, obrak 2019an hastea espero dute, eta 2023rako amaituta egotea nahiko lukete, urte horretarako espero baita abiadura handiko trenaren Euskal Y-arekin lotzea. Edonola ere, ibilbidea ez dago guztiz zehaztuta; Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) saihesbidea nola egingo den erabakitzeke dago oraindik. Ministroak aditzera eman zuenez, baina, trena ez da hiriaren erdigunetik pasatuko.

Egitasmoa erakundeen arteko lankidetzaren «fruitua» dela adierazi Urtaranek, eta pozik agertu zen erabakiarekin. «Abiadura handiaren ibilbidearen garapenerako Espainiako estatuan hartzen diren erabakiak pauso garrantzitsuak dira Europako sarearentzat». Gasteizko alkateak nabarmendu zuen, halaber, proiektu «estrategikoak» bultzatzea «funtsezkoa» dela Europako puntako hirien artean egoteko. Alde horretatik, Gasteiz «barrurantz zein kanporantz» konektatuta izateak duen garrantzia ere azpimarratu zuen.

Bidaiarientzat bakarrik

Gasteiz eta Burgos lotuko dituen ibilbidea, ordea, mistoa izango da: hau da, trenbidea soilik bidaiarien trenentzat egongo da erabilgarri, eta ez merkantziak daramatenentzat. Alde horretatik, Jaurlaritzak egindako eskea, beraz, ez da bete. De la Sernaren arabera, ibilbidearen orografiak ez du horretarako biderik ematen, aldapa handiegiak baititu. Horren ordez, Bilbo-Madril egungo trenbidea egokitzea proposatu du. Abiadura handiko trenari dagokionez, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko desadostasunak bat baino gehiago dira, bestela ere, azken egunetan. Logroño (Espainia) eta Miranda Ebro lotuko dituen adarraren proposamenak ere bi erakundeen arteko harremanak tenkatu ditu, Arabako Errioxatik igarotzeko proposamena mahai gainean jarri zuelako Madrilek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna