Altsasuko gazteek bidezko epaiketa bat izan ote zuten aztertuko du Estrasburgok

Gazteen defentsaren helegiteak onartu ditu. Argudiatu dute epaimahaiburua partziala izan zela eta irregulartasunak izan zirela

Altsasuko gazteak eta senideak urtarrilean, agerraldi batean. J. MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Altsasuko auziaren azken helmuga Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegia da, eta oraingoz ez du aterik itxi. Urte hasieran, zortzi gazteen defentsa abokatuek helegite bidez argudiatu zuten ez zutela bidezko epaiketarik izan, eta, Altsasuko Gurasoek jakinarazi dutenez, aintzat hartu ditu Ainara Urkijo, Jokin Unamuno, Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Coben defentsek jarritako helegiteak. Altsasuko Gurasoen Twitterreko kontuan baieztatu dute abokatuek jasoa dutela jakinarazpena: «Litekeena da gainerako errekurtsoek bide beretik jotzea».

Helegiteetan argudiatu dute urratu egin zirela euren defentsaren eskubideak, besteak beste Auzitegi Nazionaleko epaiketan epaimahaiburua Concepcion Espejel izan zelako. Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dago Espejel, eta Merezimendu Saria eman zion Guardia Zibilak. Auzibidean, defentsek, «lotura afektibo eta psikologikoak» zituela iritzita, haren inpartzialtasuna zalantzan jarri zuten Auzitegi Nazionalaren aurrean, baina hark atzera bota zuen. Defentsen beste argudioetako bat da prozesu judizial bidezko bat izateko eskubidea urratu egin zitzaiela eta hainbat irregulartasun egon zirela auzibidean. Gainera, neurrigabeko zigorrak jarri zizkietela ere azaldu dute helegiteetan. Tramitea onartuta, hori dena aztertzea dagokio orain Estrasburgori. Sare sozialetan, Bel Pozueta EH Bilduko diputatu eta Adur Ramirez de Alda gaztearen amak nabarmendu du «bide itxaropentsu bat» ireki dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.