Zafirozko sagar distiratsua

Merkaturatzearen atarian, iPhone berriak pantaila ia urratuezina izango duela diote zurrumurruek. Zafiro sintetikoa da 'smartphone'-etako erakargarri berria.

Ustez iPhone 6 baten pantaila agertzen duen bideoaren une bat. Labanarekin kristala urratzerik ez du lortzen egileak.
Irune Lasa.
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Beti gertatzen da iPhone berri bat merkaturatzear dagoenean: hainbat zurrumurru zabaltzen dira smartphone berriaren ezaugarriei buruz. Handiagoa edo txikiagoa izango dela, bizkorragoa, halako kamera izango duela, halako memoria, bateria... Apple etxeak gailuon berrikuntzetan duen lidergo nabarmenak areagotu egiten ditu espekulazioak, haren erabakiek neurri handi batean telefono merkatuaren etorkizuna baldintzatzen dutelako. Eta, azkenean, ikusmin hori guztia marketin kanpaina ezin hobea bilakatzen da sagarra ikur duen konpainiarentzat.

Oraingo honetan ere hala gertatzen ari da. Irailaren 9an du aurkeztekoa Applek bere iPhone 6a, gero hilaren 19an merkaturatzeko. Eta, oraingoan ere, handia da ikusmina, eta kontaezinak dira zurrumurruak. Horien artean, bat bereziki aipagarri, baieztatzen bada smartphone-en merkatuan eragin handia izan dezakeelako: zafirozko pantaila izango ote du iPhone 6ak? Baietz diote batzuek, oraingoz ezetz besteek, eta soilik iPhonearen modelo batzuetan ezarriko dela uste dute beste batzuek. Aditu guztiak, hori bai, ados daude gauza batean: zafiro sintetikozko pantaila ia suntsiezina erakargarri bikaina dela erosleentzat, hots, telefono andana saltzeko bidea.

Berez, kristal forma duen aluminio oxidoa da zafiroa, eta berdin artifizialki ekoitzitako zafiro sintetikoa. Harribitxiak normalean kolorea izaten du, eta zafiro urdinak dira ezagunenak, baina izan daitezke beste kolore batzuetakoak, horiak, berdeak eta gorriak ere bai —azken horiek errubi izena dute—. Kolore horren arrazoia, ordea, ezpurutasuna da; berez, zafiro purua erabat koloregabea da.

Gardentasuna ez da, hala ere, zafiro sintetikoaren ezaugarri onena telefono pantaila gisa erabiltzeko, nahiz eta oso garrantzitsua izan. Xede horretarako, zafiroaren abantailarik handiena bere gogortasuna da. Mohs eskalak gogortasunaren arabera sailkatzen ditu hainbat mineral, eta, haren arabera, zafiroak (9ko balioarekin) diamantea soilik du aurretik (10eko balioarekin). Finean, ezer gutxik urra dezake zafiroa, diamantea edota karburo silizioa duen tresnaren batek soilik.

Eta horren erakusgarri, ustez iPhone 6ak izango duen pantaila bat erakusten duen bideoa zabaldu da sarean. Bideoan, gizon bat saiatzen da pantaila urratzen aizto batekin, eta hura tolesten eta zapaltzen ere aritzen da. Eta pantailak ez du jasandako erasoen arrastorik erakusten. Materialetan adituak direnen arabera, erantzun hori lor daiteke zafiro sintetikoarekin, haren purutasuna erabatekoa bada.

Egun, jada zafiro sintetikoak hainbat erabilpen ditu. Adibidez, leiho blindatuak, hainbat optika tresna eta Rolex ordularien kristalak zafirozkoak dira. IPhone 5aren kamera bera ere zafiroz babestuta dago.

Garestia

Gardentasuna eta gogortasuna alde lituzke zafirozko pantailak, baina baditu, beste pantaila motekin alderatuta, desabantaila batzuk, eta prezioa da handiena. Garestia baita zafiro sintetikoa ekoiztea. Kristal bihurtzeko, aluminio oxido hautsa labe berezi batean berotu behar da, 2.200 gradutaraino. Prozesuaren emaitza bloke handi bat izaten da, eta hori xafla finetan moztea ez da nolanahiko lana, diamantezko zerra edo laser batekin egin behar baita.

Ez hori bakarrik: zafiroa pisutsuagoa ere bada. Beraz, xafla are finagoa behar litzateke, eta horrek haren gogortasuna ahuldu dezake.

Gauzak horrela, zafiro sintetikozko pantaila bat 30 dolar inguru kostako litzateke —orain smartphone-etan erabiltzen den Gorilla pantaila baten kostua, berriz, hiru dolarren azpikoa da—. Eta horrek asko garestitu dezake iPhonearen azken salneurria.

Izango al du modurik Applek kostu hori murrizten joateko, ekoizpena handitzen duen heinean? Pentsatzekoa da baietz, lortuko duela jada gama altuko gailuak erosteko prest dauden sagar erosleak konbentzitzeko moduko prezio bat. Zafiroaren kostua murrizteko beste bide bat ere har dezake Applek: dagoeneko patentatu du zafirozko xafla fin-fin bat kristal batekin fusionatzeko modu bat. Pantaila horrek ez guztiak baina zafiroaren abantaila batzuk mantenduko lituzke.

Irailarekin iritsiko da argibideren bat zafiro sintetikozko pantailen inguruan. Bitartean, zurrumurru marketinari esker, sagarra distiratsu dabil burtsan.

Gaur egun munduan saltzen diren smartphone gehientsuenetako pantailak Gorilla Glass delakoarekin eginak dira, Cornig konpainiak ekoitziak. Gorilla pantailak ere gogorrak dira, azken urteetan gainera hainbat hobekuntza izan dituztelako. Hain zuzen, Gorilla Glass 3 kristalak babes berezia du urratuen aurka. Baina zafiro sintetikoa, printzipioz, gogorragoa da.

Galdera, beraz, egina dago: Gorillarenak egin du zafiroaren mesedetan? Ezezko garbi bat da Cornigen erantzuna. « Zafiroa hamar aldiz garestiagoa da; 1,6 aldiz pisutsuagoa da; ingurumenarentzat kaltegarriagoa da: 100 aldiz energia gehiago behar da zafiroa ekoizteko kristala ekoizteko baino. Eta bateria gutxitu dezake...», esan berri du Cornigen lehendakariorde Tony Tripenyk.

Gorilla Glassen ekoizlearen arabera, euren testen arabera zafiro sintetikoak urraduren aurkako erresistentzia handia badu ere, telefonoa lurrera eroriz gero, Gorilla pantaila baino errazago birrintzen da. Baina, zenbaiten ustez, birrintze hori errazten dutenak aurretik pantailak dituen urradurak izaten dira...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.