Elurtea

'Selfie' bat, oroimenean gordetzeko

Kontxako hondartza elurtua esnatu da. Jendetza bildu da ezohiko irudia argazki kamerarekin harrapatzeko. Goizero itsasoan bainua hartzen duen kuadrillak ez du kale egin.

Ikasleak hondartza gaineko pasabidera elur bolak jaurtitzen. I. M. E / BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Donostian, elurtea handia edo txikia izan den neurtzeko modu ez- zientifiko bat dute: «Kontxako hondartza zuritu al du?». Baiezko erantzunak potoloa izan dela esan nahi du; ezezkoak, aldiz, ez dela hainbestekoa izan. Parekorik gabeko markoa zuritua ikustea elurtearen ikonoa da, mundu guztiak nahi duen irudia, eta jendeak oroimenean ondo gordeak ditu hondartza manta zuriarekin esnatu izan den aldi apurrak. Realak tituluren bat irabazitako egunak bezalakoak dira; azken aldian, baina, errazagoa da Kontxa elurtuta ikustea, eta horregatik pilatu zen jendea baranda ezagunean atzo goizean.

Bat egin zuten elurrak eta hondar izoztuak. Goizean goiz jende multzo solteak zirenak handitu egin ziren orduek aurrera egin ahala. Ia guztiak telefono mugikorra eskuan hartuta, oroimenean gorde eta lagunei bidaltzeko selfie-aren bila. 09:00etan elur geruza handia zegoen hondartzan, eta 10:00ak aldera arte zuritzen aritu zuen. Panpina bat baino gehiago egin zuten hondarrean. Handiena erlojuen arranplen azpian zegoen, metro bateko altuerakoa ia. Emakume mexikar multzo batek egin zuen, ondo kostata. Halere, argazki gehien jaso zituena txikia zen. Goiko pasabidean zegoen, baranden gainean, azenario sudur eta guzti.

Goizero, Kontxan jendetza biltzen da, paseoan; atzokoan, baina, ezohiko bisitari asko zeuden. Tartean bazegoen itsasoan bainatzen ausartu zenik ere, eta ez gutxi, baina bi multzo bereiz zitezkeen. Gazteenek arropa bizkor erantzi, korrika murgildu, eta bainu motza hartu zuten. Kanpoan, laguna zuten mugikorrarekin dena grabatzen. Di-da, gizonkeritan-edo, Instagramerako balentria efimeroa egiten. Eguneroko bainuzaleek, berriz, ez zuten liturgia hautsi. Lagun kuadrillak 10:00ak aldera hartzen du bainua, egunero-egunero, eta atzo ere bai. Patxadaz sartu, eta ordu laurden uretan. «Urak tenperatura ederra du, hamar gradu [kanpoan zeropetik bi gradu zeuden]. Elurrarekin bainatu izan gara, baina hainbesterekin ez. Gozamena da», azaldu zuen uretatik irten berri zen emakume batek. Sartu aurretik irrintzi ozena bota zuen, eguneroko errutina hura ere. Argazkilari batzuk gerturatu zitzaizkien, eta txantxak hasi ziren: «Hollywoodeko izarren pare, aizu». Gizon batek amaitu zuen argazki sesioarekin. «Tira, goazen aldagelara, moskatela zain dugu eta!». Multzoaren batez besteko adina 65 urtetik gorakoa da. Hori da, hori, sasoia.

Adinekoak zeuden hondartzan, baina baita gazteak ere. Klaserik gabe gelditu ziren ikasle asko bildu zen han. Elur bolen III. Mundu Gerra antolatu zuten. Hirurogei bat lagun elkarren aurka. Batzuk hondartzan, eta besteak goiko barandan. Beso freskoak, punteria txarra eta nahi beste munizio. Goiko multzoa Andaluziatik etorritako txango bat zen, eta gozatua hartzen ari zen. Tira, denek, emakume batek izan ezik, elur bolak eskuan jo eta telefonoa erori baitzitzaion behera. Kolpetik, behekoek biktimaz aldatu zuten, eta kameradun kuxkuxeroen bila jo zuten. Gutxienez beste telefono batek egin zuen hondartzarako bidea.

Ez zuten zaila asmatzen, 11:00ak aldera baranda jendez lepo baitzen. «Udalari entxufeak jartzeko eskatu behar diogu, mugikorra kargatzeko!». Turista baten iruzkinak barre algara sortu zuen. Atzean, bi lagun iraupen eskia egiteko eskiekin igaro ziren. Ez ziren lehenbizikoak: ordurako jakina zen Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohiak, elurra egiten duen bakoitzean bezala, bueltaxka emana zuela eskiekin.

Eskiatzaileak ez ziren irristatu ziren bakarrak. Kontxan sartzeko aldapak izoztuak zeuden, eta lerak ikus zitezkeen normalean surf taulak egoten diren tokian. Hiru edo lau, txandaka, ziztu bizian beheraka. Azpian zain zegoen aitona batek harro atera zion argazkia bilobari. «Bilobei erakutsiko die», esan zion umearen amari. Badaki atzokoa bezalako egunak ez direla ohikoak Kontxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.