Hurrengo urratsa, foru araua aldatzea

Usansoloren desanexioaren aldekoak pozik daude galdeketaren emaitzekin.

Galdakaoko Udalak «errespetua» agertu dio kontsultari
Jende askok parte hartu zuen igandeko galdeketan.
Jende askok parte hartu zuen igandeko galdeketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2014ko azaroak 25
Prozeduraren inguruko eztabaidak gorabehera, joan den igandean Usansolon (Bizkaia) desanexioaren inguruan egindako galdeketaren emaitzek zirrikitu gutxi uzten diote zalantzari. 2.187 herritarrek parte hartu zuten galdeketan, hots, %73 inguruk —datuak ez dira zehatzak, errolda ofizialik ez zegoelako—, eta horietako %90ek Usansolo udalerri bilakatzearen alde egin zuten. Datuek ematen dieten «zilegitasuna» baliatuta, hurrengo urratsa zein izango den argi dute UH Usansolo Herria plataformako kideek: Bizkaian desanexioak galarazten dituen lurralde mugapeen foru araua aldatzea.

UHko eledun Monika Menak «oso balorazio positiboa» egin du igandeko galdeketaz: «Parte hartzea oso handia izan zen, eta erakusten du jendeak erabakitzeko duen gogoa; emaitza, berriz, ikaragarria izan da. Are zilegitasun handiagoa ematen digu horrek gure eskubidearen aldeko borrokan jarraitzeko».

Menaren ustez, «aro berri bat» zabaldu da galdeketaren ostean. Haren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak segregazio eta desanexio prozesuen inguruko araua aldatu zuenean «betoa» jarri zion Usansoloren eskakizunari, eta orain aukera sortu da beto hori altxatu eta «galdeketan adierazitako borondatea gauzatzeko».

Izan ere, horixe izango da hurrengo pausoa: foru araua aldatzeko prozedura abiaraztea. «Orain ez dago aitzakiarik», esan du Menak. Eta baikor agertu da aukera horren inguruan: «26 urtean oztopo eta traba ugari izan ditugu, eta egia da joan den irailetik hona aldaketa bat sumatu dugula. Bizkaian badago gehiengo politikoa, herritarren borondatea errespetatuko duela argi adierazi duena, eta, horretan oinarrituta, badugu itxaropena eta ilusioa izateko arrazoia. Baina lehenengo pausoa foru araua aldatzea da, prozesua legez eta behar bezala egin ahal izateko».

Alkateak, «errespetuz»

Galdakaoko alkate Ibon Uribek, prentsa ohar baten bidez, «errespetu osoa» adierazi dio galdeketa prozesuari. Hala ere, gaineratu du nahiago zukeela galdeketaren antolatzaileek bidea Galdakaoko Udalarekin «partekatu» izan balute, «Usansoloren segregazioak behar dituen urrats guztiek gaur egun parte den erakundetik pasatu behar dutelako».

Antzeko mezua helarazi du EAJren Bizkai Buru Batzarrak. Galdeketari «erabateko errespetatua» agertzeaz gain, «herritarren zati baten borondatearen adierazpena» delakoan, gaineratu du galdeketa bat datorrela EAJk erakutsitako jarrerarekin «herritarren borondateari legezko bidea eman eta auziari behin betiko konponbidea bideratzeko», baina berretsi dute hori «Galdakaoko Udalaren bidez» egin behar dela.

EH Bilduk, berriz, «konpromisoa» eskatu dio Bizkaiko Aldundiari, eta prest azaldu da beharrezkoak diren pauso guztiak emateko, «Usansoloko bizilagunen nahia errealitate bilaka dadin». EAJri bide orria markatzeko sinesgarritasuna ukatu dio, «haiek saiatu zirelako Usansolori ate guztiak ixten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna