'Fracking'-ak bertze urrats bat egin du

Haustura hidraulikoaren aurkako Nafarroako plataformak salatu du 'Aquiles' proiektuko prospekzioak egiteko kontsultak hasi dituztela

Iazko udan haustura hidraulikoaren aurka egindako bizikleta martxa, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
«Haustura hidraulikoaren mehatxua zehazten ari da». Horixe salatu zuten, atzo, Nafarroako Fracking Ez haustura hidraulikoaren aurkako plataformako kideek, Tuteran (Nafarroa) egindako agerraldi batean. Bost proiektuk ukitzen dute Nafarroa. Aquiles izenekoa da horietako bat. Proiektu horrek, hain zuzen ere, bertze urrats bat egin duela ezagutarazi zuten plataformako kideek. Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) hainbat herriri eragiten die. Horietako zenbaitetan, gutunak jaso dituzte udaletan, prospekzio sismikoak egiteko prozesuaren berri emanez.

Tuterako agerraldia ez zen fracking-ari buruzko atzoko bakarra izan. Zaragozako (Aragoi, Espainia) Zaragoza Hausturarik Gabe plataformak ere egin zuen, proiektu beraren aurka, aldi berean. Bat egin dute bi plataformek haustura hidraulikoaren aurka. Nafarroan, Bardeako lurrak ukitzen ditu Aquiles proiektuak, baina ez horiek bakarrik. Cabanillas, Fustiñana, Ribaforada, Buñuel eta Cortes herrietakoak ere hartzen ditu Frontera Energy Corporation enpresaren egitasmoak. «Ura eta lurrak daude arriskuan», ohartarazi izan dute plataformako kideek, proiektua mahai gainean jarri zuten une beretik. Erriberakoa landa eremua da, eta, ondorioz, «galtzeko anitz» badela argi dute haustura hidraulikoaren aurkakoek.

Udaletan jasotako gutunen bidez, Aquiles proiektua bigarren fasean sartuko da. Espainiako Ingurumen Ministerioak bidali dizkie gutun horiek udaletako ordezkariei. Haien bidez, martxan jarri dute prospekzioak egin aurreko ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko prozesua. Prospekzioen helburua da hautatutako tokietan haustura hidraulikoaren bidez gasa ateratzea bideragarria izanen ote den argitzea.

Ebaluazio sinplifikatua

Nafarroako haustura hidraulikoaren aurkako plataformak salatu du Frontera Energy Corporation enpresak ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu duela. «Horrek erran nahi du herritarrei ukatu eginen zaiela parte hartzeko aukera; zuzenketak aurkezteko modurik ere ez dute izanen», azaldu zuten plataformako kideek.

Enpresak prospekzioak hasteko prestatu duen agiria gogor kritikatu zuten haustura hidraulikoaren aurkako taldeko ordezkariek: «Zehaztasunik gabeko agiria da; ez dute batere argi utzi prospekzio horiek non egiteko asmoa duten».

Enpresak egindako azken urratsek bertzelako arriskuak ere badituztela azaldu zuten Fracking Ez plataformako kideek: «Uste dugu haien asmoa dela Aquiles proiektua, nolabait, zatitzea, proiektu txikiagoak sortzeko. Horren helburu bakarra izanen litzateke ingurumenarekin lotutako kontrolei ihes egin ahal izatea».

Plataformak prospekzioei ezetz errateko eskatu zien udalei atzoko agerraldian. Udalak osatu berri direla azaldu, eta salatu zuten, gainera, Espainiako Ingurumen Ministerioak momentu hori baliatu nahi izan duela proiektuaren aurkako oposizioa saihesteko asmoz.

Haustura hidraulikoaren aurkako jarrera berretsi zuten plataformako kideek, hain zuzen ere, atzoko agerraldian. «Arazo tekniko larriak ditu teknika horrek», ohartarazi zuten, lehenik. Bigarrenik, gogoratu zuten haustura hidraulikoak ur kontsumo hagitz handia behar duela. Hirugarrenik, salatu zuten haustura hidraulikoak metanoa aireratzen duela, eta gas horrek klimaren aldaketa areagotzen duela.

Bertzelako gai toxikoak ere isurtzen ditu teknika horrek, plataformako kideek gaineratu zutenez: «Minbizia eragin dezakete horietako hainbatek; osagai erradioaktiboak ere isurtzen ditu».

Teknika horrek akuiferoak eta ibaien bideak kutsatzen dituela erantsi zuten plataformako ordezkariek, eta gora egiten duela arrisku sismikoak, haustura hidraulikoaren eraginez. «Ingurumena eta gizakion osasuna arriskuan jartzen ditu».

Nafarroako Parlamentuak haustura hidraulikoa debekatzen zuen legea onartu zuen, 2013. urtean, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen iaz. Eusko Legebiltzarrak asteon onartu du arau bat fracking-ari mugak ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.