Adituei entzun gabe, berandu, eta garestiago

Europako Kontu Auzitegiak agerian utzi ditu Euskal Herriko AHTaren gibelapenak eta gainkostuak. Jaurlaritza eta Madril kritikatu ditu

AHTaren lanen zati bateko lanak, Hernani eta Astigarraga artekoa. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
«Kontuan izanik Frantziako konexioa ez dela planifikatua egonen 2037. urtea baino lehen, euskal Y-aren funtzionamenduak, bere gaitasun osoarekin, gutienez 29 urteko gibelapena izanen du». Europako Kontu Auzitegiak atzo argitaraturiko txosteneko hitzak dira, zeinean Europako zortzi garraio azpiegitura aztertu baitituzte, tartean Euskal Herriko AHTaren zatia. Adituek uste dute euskal Y-a 2030erako behintzat bukatua egonen dela data hori hartu dute erreferentzia gisa zortzi proiektuak aztertzeko, baina zail ikusten dute haren eta Ipar Euskal Herriko abiadura handiko tren sarearen arteko konexioa ordurako prest egotea. «Euskal Y-aren Espainiako lurraldeko obrak amaitu ondoren ere (azken epe ofiziala 2023a da), Frantziarekin adostutako abiadura handiko konexioak denbora anitz beharko du prest egoteko». Gibelapenaz gain, AHTaren lanetan izandako gainkostuak eta erakundeek adituei kasurik egin ez izana utzi ditu agerian Europako Kontu Auzitegiak argitaraturiko txostenak: AHTaren lanak adituei entzun gabe, berandu, eta aurreikusi baino garestiago doazela, alegia.

Gibelapena ez dagokio soilik Ipar Euskal Herriko zatiari. Izan ere, Hego Euskal Herritik igarotzen den euskal Y-a 2023rako bukatuko balute ere, Europako Kontu Auzitegiak zehaztu du hamahiru urteko atzerapena lukeela jada hasieran aurreikusitako datatik. Izan ere, 2010ean inauguratzea iragarri zuten hasieran. Europako halako proiektuen artean gibelapen handienetarikoa dutenetako bat da euskal Y-a, Kontu Auzitegiak zehaztu duenez. Luzamendu horrek «efizientzia» kenduko lioke Europako Batasunaren finantzaketari, txostenaren arabera.

Ipar Euskal Herriko AHTaren zatia Frantziakoarekin lotzea anitz gibelatuko da, txostenak dioenez: «Batzordeak berretsi du Frantziako aldean gibelatu eginen dela mugatik abiadura handiko Frantziako sarerako egokitzapena». Txostenak dioenez, Europako Batzordea Frantziako Gobernuarekin negoziatzen ari da Hendaia (Lapurdi) eta Bordele (Okzitania) arteko gaur egungo trenbide sarea «hobetzeko», euskal Y-a prest dagoenerako harekin lotu ahal izateko. Batzordearen ustez, «funtsezkoa da bermatzea» zati horren «ahalmena gradualki» handituko dela, «salgaien zirkulazioaren areagotzeari» aurre egiteko, bertzeak bertze.

Kontu Auzitegiak adierazi du, dena den, Iberiar penintsulatik Europarako eta kontrako norabideko merkantzia garraioak «gutienez bertze hogei urtez» jarraituko duela itsasoko bideen eta errepideen beharra izaten. Horren arrazoia, hain justu, Europako trenbide sarearekin lotzeko oinarrizko konexioen gibelapenak eta lan horien gainkostuak lirateke, eta, Kontu Auzitegiak adierazi duenez, karbono emisioen gutitzea eragotz lezake horrek guztiak.

Euskal Y-aren eta hark Ipar Euskal Herritik jarraitu beharko lukeen bidearen gainkostua 1.825 milioi eurokoa dela kalkulatu du Kontu Auzitegiak: hasieran ezarritako aurrekontua baino %39 gehiago erabili beharko lukete lanak bukatzeko. Guztira 6.500 milioi euroko gastua egin beharko lukete, beraz, Euskal HerrikoAHTaren zatia egiteko.

Txostenean Europako bertze zazpi «megaproiektu» ere aztertu dituzte: Errumaniako A1 autobidea; Estonia, Letonia eta Lituania Polonia eta Finlandiarekin lotzen dituen trenbidea; Lyon (Frantzia) eta Turin (Italia) lotzen dituena; Austria eta Italia arteko Brenneroko tunela; Danimarka eta Alemania arteko Fehmarn Belt errepide eta trenbidea; Sena eta Eskalda ibaien arteko lotura; eta Poloniako E59 trenbidea. Denera, 54.000 milioi euroren inbertsioak egin dituzte, eta horietatik 7.500 milioi dira Europako Batasunak jarritakoak. Zortzi proiektuen aurreikuspenak eta emaitzak ikusita, aurrekontuak %47 igo dira guztira: 17.300 milioi euroko gainkostua eragin dute lanek. Adituek uste dute lan horiek guztiak ez direla ezarritako epean bukatuko.

Adituei kasurik ez

Gainkostuez eta gibelapenez ez ezik, Europako Kontu Auzitegiak egindako txostenak ohartarazi du Espainiako eta EAEko erakunde publikoek ez dietela kasurik egin adituek 2004tik egindako ohartarazpenei. «Euskal Y-aren trafiko aurreikuspenei eta jasangarritasunari buruzko datuak gezurtatu egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko akademikoek hainbat alditan, 2004tik. Dokumentuak publikoak ziren, baina administrazio zentralak eta autonomikoak ez zieten erantzun akademikoen oharrei». Kontu Auzitegiak dio, era berean, «parte interesatuek» egin ahal izan dituzten ekarpenak «mugatuak» izan direla AHTaren proiektuan: «Prozesuak hobeak izan zitezkeen».

Europako Kontu Auzitegiak zenbait gomendio egiten dizkio Europako Batzordeari txostenaren akaberan: epe luzeko planifikazioa egiteko tresnak berrikustea, Europako Batasunak finantzaketa ematea erabaki baino lehen «megaproiektuen analisi hobea egitea», Europako Batzordeko finantzaketa kudeaketa indartzea eta Europako koordinatzaileen funtzioa azkartzea, bertzeak bertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.