Abian da txertaketa kanpaina

COVID-19aren eta gripearen aurkako txertoak jartzen hasi dira Hego Euskal Herrian. Zahar etxeetan jarri dituzte lehenbiziko dosiak

Txertaketa Landazabal egoitzan, Burlata (Nafarroa). NAFARROAKO GOBERNUA.
Isabel Jaurena - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Frantziako Osasun ministro François Braunek goizean jakinarazi du Covid-19aren kontrako txertaketa kanpainaren fase berri bat irekiko dutela. Urriaren 3tik aitzina abiatuko da, eta, 60 urtetik gorakoei eta herritar zaurgarriei irekiko diete omikron aldaerari egokitutako txertoaren laugarren dosia jartzeko aukera.

Uztailetik, jada, herritar horiek laugarren dosia jartzeko aukera badute, baina orain arte ez zaie txerto egokitua proposatu. Hala, urriaren 3tik, farmazietan eta txertaketa guneetan jartzen ahalko dute. Braunek zehaztu du gainerako herritarrei ere irekiko zaiela aukera, baina ez dire horiek kanpainaren «jopuntuan».

Hegoaldean, abian

COVID-19aren omikron aldaerari egokitutako eta gripearen aurkako txertaketa kanpaina bikoitza hasi zen atzo Hego Euskal Herrian. Adinekoen egoitzetan daudenak izan ziren txertoak hartu zituzten lehenbizikoak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi zuenez, 25.120 dosi banatu zituzten atzo. Sailaren erranetan, helburua da aste honetan eta hurrengoan bi txertoak jartzea bai egoitzetan dauden pertsonei, bai bertako langileei.

Talde zaurgarrietan daudenek jada eskatzen ahalko dute txertoa hartzeko ordua. Datorren urriaren 3an hasiko dira talde horiek txertatzen. Hauek dira zaurgarriak: 60 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak eta osasun arloko profesionalak. Gainerako herritarrek, berriz, urriaren 17tik aurrera eskatzen ahalko dute ordua, eta azarotik aurrera jarriko dituzte txertoak. Kanpaina honetarako, gripearen kontrako 651.500 dosi eta COVID-19aren aurkako 129.600 dosi eskuratu ditu Osakidetzak. Behar izanez gero gehiago erosiko dituela adierazi zuen.

Nafarroan, berriz, 8.500 pertsona inguru txertatuko dituzte lehen txandan. Horrekin batera, atzo ireki zen epea talde zaurgarrietakoek, 160.000 lagun inguruk alegia, txertoak hartzeko ordua eskatzeko. Urriaren hamarrean hasiko dira txertatzen.

Txertoa hartzeko epeen inguruan zenbait gomendio zabaldu ditu Nafarroako Osasun Sailak. 60 urtetik gorakoentzat, erraterako, aholkatzen da COVID-19a pasatu zenetik eta azken dosia hartu zenetik bost hilabete pasatu izana. 80 urtetik gorakoentzat, berriz, gomendagarriena da birusa izan zenetik hiru hilabete pasatu izana, eta azken txertoa hartu zenetik bost hilabete igaroak izatea.

Eritasunaren eboluzioa

COVID-19aren inguruko azken datuei dagokienez, 884 positibo egon ziren joan den astean Osakidetzan. Osasunbidean, duela bi astekoak dira azken datuak, eta 194 kasu positibo zenbatu zituzten. Ospitaleratzeei begira, 109 pertsona izan ziren Osakidetzan, horietako bost ZIUetan. Osasunbidean, berriz, zortzi pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat ZIUetan. Osakidetzan hamahiru pertsona hil ziren joan den astean, eta Osasunbidean, hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.